Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zer falta da?

Zer falta da?

xme 2005/03/23 11:12

Orain aste batzuk pelikula bat aipatu nuen hemen, "Um filme falado" Manoel de Oliveirarena; ikusi berria nuen eta hartaz zerbait komentatu nahi nuen, baina, orduko hartan esateko gauza askotxo, nonbait, eta hurrengorako utzi nuen. Gauzak beti geroko uzteak zer dakarren badakigunez, heldu diezaiodan behingoz agindutakoari.

Oliveira portugaldarra sormenaren iraunkortasunaren kasu harrigarri bezain ederra da: 95 urte beteta, zinema egiten jarraitzen du, oso modu pertsonal eta fresko batez, eta Europako kritikaren txaloak jasoz. Nik, hala ere, ezin epairik eman, hauxe baita ikusi diodan lehenengoa.

"Un filme falado" hau pelikula bitxia da berez, bidaia baten kontaketa izan arren film estatikoa, ia narraziorik gabea; ekintzarik ezean, hitza da protagonista nagusi, baita seguru asko sakoneko gaia ere. Argumentua erraza da laburtzen: ama gazte bat, Rosa Maria, historia-irakaslea unibertsitatean, bere alabarekin batera doa bidaian, senarra zain duten lekurantz; presarik gabeko bidaldia da, Mediterraneoan zehar itsasontziz egina, eta geldialdi ugari egingo dute tartean, tokian tokiko berezitasunak ikusteko eta jendearekin hitz egiteko baliatuko dituztenak: Marseillan, Ponpeian, Atenasen, Istanbulen...

Solasaldi horietan gure mendebalde honetako historia laburbiltzen da, antzinatik gaur egun arte, eta zibilizazio honen erroez hausnartzen da, nolabait. Filmaren bigarren erdia are estatikoagoa da, eta lehen parteko proposamen eta gaietan sakontzen du: solasaldi luzean arituko dira itsasontziko kapitaina (John Malkovich, jatorri poloniarreko anglosaxoiarena egiten duena, Joseph Conrad berri bat balitz bezala) eta eskaletan barrena bertara igo diren hiru bidaiari, hiru dama handi, beste hainbat herrialderen ordezkari: Catherine Deneuve frantziarra, Stefania Sandrelli italiarra eta Irene Papas greziarra.

Hizkuntz nahasketa xelebrea daukagu filmean, nor bere hizkuntzaz mintzo baita: portugesez, ingelesez, frantsesez, italieraz, grezieraz... Rosa Maria pertsona jantzia eta poliglota da, eta naturaltasunez jasotzen dugu hizkuntzen anabasa hori (grezierarena geratuko litzateke errealismotik aparte samar). Berriketa bera, nire ustez, ez da bereziki interesgarria, eta amaieran helarazi nahi zaigun mezua hitzaren eta basakeriaren arteko kontrastea izan liteke. Deigarriena, baina, ez da pelikulan dagoena, ez dagoena baino. Ez al zarete ohartu? Tokietan, pertsonaietan, hizkuntzetan... Mediterraneoaren alderdi europarreko herri nagusi guztiak aipatu ditugu, salbu eta... espainiarrak.

Eslaviarrak eta albaniarrak ere falta dira, egia esanda, baina kasu honetan ezezagun samarrak zaizkigula aitortu behar. Espainolen kasuan, ordea, ezin esan Oliveirak Espainia ezagutzen ez duenik. Zergatik ahaztu ote ditu hortaz penintsulako bizilagunak? Erantzuna Oliveirak berak eman beharko luke. Nik, besterik gabe, euskal literaturaren historia txikiko pasadizo bat agintzen dizuet, honekin loturaren bat eduki dezakeena, eta ea ez naizen aurrekoan bezainbat berandutzen agindutakoa betetzen.

etiketak: zinema
Patxi
Patxi dio:
2005/05/28 03:45

Ze gauza ederra, zine-klubera jun, "un film falado" ikustera, eta bueltan hemen filme horren aipamen ugari aurkitzea.

Oso deigarria da bai, espainiarrik ez azaltzea. Ni espainiarra banintz, ez nuke ulertuko, min emango lidake.

Hala ere, nik esplikazioa susmatzen det zein dan. Espainiarrak azaldu balira filmean, garbi dago ze irakurketa egingo zan europan; zeini egotziko zioten bukaerako "akzioa".

Espainiarrek majo aprobetxatuko zuten filme hau. Bandera bihurtu igual.

Horrela, espainiarrak saihestuz, halakorik ez gertatzea lortzen du Oliveirak, eta mezua unibertsala bihurtzen du.

Ze mezu helerazi nahi izan duen Oliveirak filme honekin, ez da errexa asmatzen. Irakurketa batzuk egin daitezke.

Kontua da, nola egin irakurketarik, nola esan nere irudipena, bukaera kontatu gabe? Inori filmea ikusteko gogoa kendu gabe?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.