Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Berekoikeriaren laudorioz

Berekoikeriaren laudorioz

xme 2005/03/21 10:14

Aurreko batean lagun batek mezu bat bidali zidan eta, bertan, nik lehenago azaldutako kezka baten inguruan, neurekoiago jokatzeko aholkatzen zidan; ez dakit lagunak arrazoi zuen edo ez, kontu hark ez du garrantzirik gainera hemen agertzeko, baina lagunaren hitzek gogora ekarri zidaten aspaldi samar ikusitako film bat.

"Uranus" du izena pelikulak, eta Claude Berri zuzendari frantsesak egina da, Marcel Aymé-ren izen bereko nobelan oinarrituta. Kasualitate hutsez ikusi nuen, telebistan ordu txikietan, eta txundituta utzi ninduen. Berri-k joera eta sentiberatasun bereziak ditu lan literarioak zinemara egokitzeko, hala erakutsi zuen "Manon des Sources" eder hartan ere, baina "Uranus"ek bazuen beste interesgune bat ere, historikoa deituko nukeena.

Bigarren Mundu-Gerraren amaiera-garaian Frantziako herri koxkor batean dago kokatua filma. Hitler ez da oraindik errenditu, baina Frantzia aldetik uxatua dute dagoeneko. Herrian etxeen erdiak puskaila bihurtu dituzte aliatuen bonbardaketek, eta zutik geratu diren etxebizitzetan sartu behar izan dira, nola edo hala, eraikin hondatuetako biztanleak. Hala eta guztiz, halako bor-bor batean bizi da herri osoa, garai berri baten irakinaldian.

Hamaika filmetan ikusi dugu Bigarren Mundu-Gerrako Frantzia, eta denetan herri osoak egiten du Erresistentziarekin bat, Nazi malapartatuen kontra. Hori da bertsio ofiziala, eta ez hori bakarrik: herri oso batek bere buruari kontatu dion gezurra. Errealitatean hamarretik bat baldin bazen erresistentziaren aldeko eta beste bederatziak alemanekin lasai asko bizi izan zirenak, alderantzizko ipuina asmatu da gero: hamarretik bederatzi erresistente, eta bat kolaboa. Oso jakingarria da kontu hauetaz hitz egitea garai hura ezagutu izan zuen Iparraldeko jendearekin. Gaiak, hala ere, kasik tabu izaten jarraitzen du Frantzian, eta horregatik harritu ninduen horrenbeste Berriren filmak.

"Uranus"en ez da gerrarik ageri; gerraostea estreinatu berri dute, eta bere historia berrinterpretatuko duen mitoaren sorrera-prozesua ageri da. Ederki asko erretratatzen ditu filmak garaileen gurdira igo direnak: komunista sutsu bihurtu den moxkortzioa, alemanekin negozio oparoak egin ondoren agintari berriei eskupeko ederrak banatzen dizkien estraperlista...

Hala ere, eta hauxe zen nire gogoeten iturria, bada pertsonaia bat, filmean Philippe Noiret-ek gorpuztua, miseria moralezko ikuskizun horren aurrean halako jarrera kontenplaziozko eta gupidatsu bat hartzen duena. Haren lagun bat sinetsi ezinik dago, hainbesteko hipokrisia eta zurikerien aurrean, eta Noiret-ek esaten dio: "Zergatik asaldatu? Begira iezaiozu kattagorriari udazkenean: hurrak eta intxaurrak nondik inguratuko dabil heriosuhar, bere zuloa nola bete beste kezkarik gabe, eta berekoikeria hori hunkigarria iruditzen zaigu. Zer besterik egiten dugu ba gizakiok, taloa beste aldetik erretzen hasi denean?"

Horra egoismoaren ikuspegi errukitsua, zer pentsatua eman dezakeena; benetako egoistek ez dute halako aitzakien beharrik ordea.

etiketak: zinema
naroa
naroa dio:
2006/03/06 21:45

zer da estraperlista?

Patxi
Patxi dio:
2005/03/22 10:23

Nere ustez, egoismoa, ondo ulertua, oso beharrezkoa da. Eta kattagorrien adibidearekin zerikusia izan dezake nere adierazpenak: besteei eman ahal izateko, lehendabizi norberak bere despentsa beteta behar du izan.

Taloa erretzen haste hori zehaztu beharko litzateke gehiago. Superbizipen egoeretan, gauza asko dira zilegi, edo ulergarri behintzat. Egoismoa, superbizipena ziurtatzeaz harago, besteek behar dutena zuretzako gordetzen dezunean hasten da, zuk soberan daukazuna, haiei ukatzen diezunean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.