Munduko argazkirik onena
Robert Caparen biografia bat prestatzen nabil egunotan. Hobeto esanda, eta gaizki-ulerturik egon ez dadin: Edorta Jimenezek idatzi du Robert Caparen biografia hori, eta ni editore-lanak egiten nabil, inprimategira bidaltzeko.
Capa fotoperiodismoaren aitatzat jotzen dute askok. Bereak dira XX. mendeko argazki ezagunenetako batzuk, batez ere Espainiako Gerra Zibilean egindakoak: milizianoa tiroak jota erortzen denekoa, Bilboko Arenalean ama-alabak korrika eta zerura begira hegazkinen beldurrez, nazioarteko brigadisten agurra ukabilak estututa eta begiak malkotan...
Capak esana omen da, gerrako argazkiei buruz: "Ez dela nahi bezain ona? Seinale ez zarela aski hurbildu".
Dena dela, ez da hau Capaz hitz egiteko ordua. Itzuliko naiz liburua ateratzen dugunean. Kontua da, Caparekin bueltaka nenbilelarik, eta Donostian egingo den DFoto azokaz pentsatuz, inoiz ikusi dudan argazkirik onena etorri zaidala burura. Argazki hori ez duzue ikusiko inongo erakusketatan, ez ezein liburutan. Eta ez nik gordeta daukadalako, ez: argazki hori ez da existitzen, inoiz atera ez zelako.
Adarra jotzen edo arte kontzeptualaren filosofokerietan nabilenik pentsatu baino lehen, kontatuko dizuet zein den niretzat argazkirik onena, eta zergatik.
Bi mila eta bateko abuztuan izan zen. Donostiako Aldamar kalean. Bat-batean egundoko zartatekoa. Kotxe bat geldirik. Kea, sua, garrasiak. Lehergailu txiki batek egin zuen eztanda auto barruan, eta han geratu zen hilda Maritxu Erauntzetamurgil, 62 urteko emakumea, eta besotan zeraman haurra, 16 hilabeteko Jokin Galarraga, begi biak eta burmuin zati bat galduta.
Hantxe parean egokitu zen Donostiako egunkari batean lan egiten duen argazkilari ezagun bat. Autoaren ondo-ondoan. Lepotik zintzilik argazki-makina, eta aldean beste zakuto bat, beharrezko zoom, flash eta abarreko guztiekin. Bere bizitzako argazkia egiteko aukera hantxe bertan: bihar lehenengo orrian zabal-zabal, etzi Europako egunkari guztietan, etzidamu ez dakit zer sari...
Argazkilariak hartu zuen umea, hartu zuen bere motorra, han ondoan zeukana, eta ziztu batean eraman zuen Erresidentziara. Bere bizitzako argazkiari uko eginda. Munduko argazkirik onena eginda.
Post datak:
- Lehergailu haren jatorria ez da inoiz argitu, baina Estatuaren estolderietako usain guztia dauka (Muskizko hondartzakoak bezalaxe).
- Argazkilariari demanda egin omen zioten bere egunkarian, esanez aurrena argazkia egin eta gero lagundu behar ziola umeari. Non demostratzen den, batzuetan behintzat, hobeak garela pertsonak egiturak baino
- Argazkilari hori ez dut inon ikusi bere buruari dominak jartzen, beraz isilpean gordeko dut nik ere haren izena. Nahikoa izan beza bere barreneko harrotasuna, eta beste askoren mirespen isila.
Hau irakortzen nengoala, txindurritxo batzuk igarri dittut kaxkuan jolasian, eta gero bizkarrezurretik behera jaisten. Hotz demonio.