Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Manhattango party batean

Manhattango party batean

xme 2005/03/17 09:25

Berria-rentzat egindako artikulua, Dorothy Parker-en Narrativa completa komentatuz (Debolsillo argitaletxea, 2004 urtea, 640 orri).

Dorothy Parker-en istorioak irakurtzean, lehenengo aldia izanda ere, mundu ezagun batean mugitzen zarela irudituko zaizu. Izan ere, New Yorken, 1920ko eta 30eko hamarkadetan, alkoholaren debeku-aldian festarik festa dabiltzan gizon eta emakume horiek eta beren arteko sesio merkeak aspaldidanik bizi dira gure imajinarioan, zinema amerikarrari eskerrak.

Hau ez da zinema ordea. Dorothy Parker XX. mendeko lehen erdiko idazle handi bat izan zen, ipuingintzaren "maisua", baldin eta hitz hau emakume bati egokitzerik badago (ipuingintzaren "maistra" deitzeak iraingarria eta guzti irudi lezake). Emakumezkotasuna datu inportantea da egile hau aztertzean: badirudi andrazkoa izateak, kritikari gizonezkoen begietan, gutxietsiarazi egin zuela haren literaturaren balioa, kostunbrismo urbano eta sentimentalera mugatuz edo; gaur egun, berriz, goraka dator haren estimazioa, eta emakumeei ukatu zaien lekua aitortu beharrak ere izango du horretan zerikusia.

Arrazoia zeinahi dela ere, eta generoak genero, poztekoa da kanonean sartze hau. Gizon-emakumeez hitz egiten digute Parker-en istorioek, gizon-emakumeen arteko harremanez, harreman horien korapilo ugariez: sedukzioa, jelosia, bakardadea, ulertu-ezinak, asperdura... Pertsonen arteko harremanen irudi ezkor samarra marrazten da orri hauetan (ala ezkorra ondo informaturiko baikorra dela esan behar ote dugu guk ere?): sexuen artean ohikoagoa da gerra maitasuna baino; norbait amultsu eta eskuzabala denean, besteak zapaldu eta zukutzeko aprobetxatzen du; ergelak eta harroak dabiltza nonahi jaun eta jabe...

Doroty Parker bera, bere pertsonaien antzera, New Yorken bizi izan zen (New Jersey-n jaio zen 1893an eta Sagar Handian hil 1967an), hotel eta party artean mugitu zen, hainbat ezkontza eta dibortzio izan zituen, eta festak alaitzen dakiten mihizorrotz horietakoa omen zen. Dena dela, bere pertsonaien antza emango lioketen ezaugarri horiez gainera eta harago, idazlea izan zen, obra oparoaren egilea: poesia, literatur kritika, Hollywoodeko gidoiak eta, batez ere, ipuinak, bere garaiko aldizkari inportanteenetan argitaratu ohi zituenak (batez ere The New Yorker eta Harper's Bazaar).

Parker-en ipuinetan arina da idazkera, azkarra izan dadin irakurketa, eta zehatza da pertsonen erretratua; elkarrizketa darabil sarritan teknika narratibo nagusi gisa, giza jokaeren erakusgarri (edo estalgarri), baita bakarrizketa ere, arima biluzien adierazgarri. Bere ezaugarri nabarmenenetakoa aipatu gabe daukagu oraindik ordea: umorea. Gaiak arinak eta txoroak ditu batzuetan, besteetan (itxura friboloaren azpian izanik ere) larriagoak, serioak baitira azken batean bihotz bakartiaren desanparoa, sufritzen ari denak harri berean estropezu egiteko daukan joera (patua?), klase, heziketa edo arraza-diferentziek harremanetarako sortzen dituzten eragozpenak Baina ia beti aurkitzen du egileak umorerako zirrikitua. Umore newyorktarraren sortzaileetakoa dela esan izan da, eta baliteke hala izatea, gaur egun eredu hau nonahikoa badugu ere: ironian oinarritzen da, ez du bilatzen algara baizik eta etengabeko irria, hartzaile inteligentearekiko konplizitatean ari da, ia ezer salbatzen ez duen ikonoklastia praktikatzen du, zinismoan ere eroso mugitzen da

Ia ezer ez duela salbatzen esan dut, baina komeni da muga non duen aipatzea: umore krudela darabil handiusteko, boteretsu eta harroputzekin, eta errukia sortzen diote koitaduek, galtzaileek, bere bizimodua nola zuzendu ez dakitenek. Ez dakit hori newyorktarra edo parkertarra den, baina ez da ahaztekoa. Nik uste.

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.