Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Aitor Zuberogoitia: "Prentsa elebiduna aho biko ezpata da euskararentzat"

Aitor Zuberogoitia: "Prentsa elebiduna aho biko ezpata da euskararentzat"

xme 2005/03/16 08:00

"Bidegorriak hizkuntzentzat (Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak)" liburu mardula kaleratu berri du Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, 1972). Gaur EHUn kazetaritzako irakaslea da Zuberogoitia, baina urtetan komunikabide askotan lan egina da (Argia, Egunkaria, Bilbo Hiria, Topagunean herri-aldizkarietako koordinatzaile moduan...). Edukiz ez ezik proposamenez ere aberatsa den obraz bi hitz eskatu dizkiogu egileari.

"Bidegorriak hizkuntzentzat", orain argitara ateratzen den liburua, urtetako ikerketa baten emaitza da oker ez banago, eta lan luzeago baten laburpena. Argituko diguzu zer edo zer liburuaren sorreraz?

Hilabete honetan beteko dira urte bi liburu honen oinarrian dagoen doktorego-tesia EHUn irakurri nuela. Ikerketari, dena den, askoz lehenago ekin nion: egin kontu 1997an amaitu nituela doktorego ikastaroak eta orduan ekin niola euskarak prentsa abertzale elebidunean zeukan presentzia aztertzeari. Kontua da, ordea, gisa honetako ikerketak egiteko denbora behar dela, eta garai hartan nik zerbait ez baneukan horixe zela. Hala ere, gaiari buruzko informazioa biltzen eta liburuak irakurtzen aritu nintzen, harik eta Andoaingo Udalaren eta EHUren Rikardo Arregi euskarazko kazetaritza ikerketarako beka eskuratu izanari esker lanari bete-betean heldu ahal izan nion arte (2000ko irailetik 2002ko irailera bitartean).

Tesia egiteko dauden milaka gairen artean hauxe aukeratu zenuen. Zein izan zen arrazoi nagusia?

Egia esan, doktorego ikastaroak egiten niharduela literatur aldizkarien inguruan zerbait osatu guran ibili nintzen, lardaskan (Ustela eta bertatik sorturiko adar biak "Pott Bilbon eta Oh! Euzkadi Donostian- ikertu nituen batik bat), baina Txema Ramirez de la Piscina zuzendariarengana joaten nintzen bakoitzean hark berehala itauntzen zidan ea zein zen nire hipotesia, eta azkenean argi ikusi nuen literatur aldizkariekin ez neukala hipotesi garbirik, neuk ere ez nekiela zehatz zer defenditu behar nuen epaimahaiaren aurrean. Horretan nenbilela kazeta elebidunen gaia jorratzen hastea bururatu zitzaidan, eta han bai, eremu hartan defendatzeko moduko hipotesi argia ikusi nuen: alegia, kazeta elebidunak aho biko ezpata direla euskararentzat, haren gutxieneko presentzia duten arren, beronen garapen kuantitatibo zein kualitatiboa eragozten dutelako.

Kontzeptu-nahasketa argitzen laguntzeko

Zure ondorioari erreparatuta, baten batek esan lezake hori bistakoa zela, ez zela horrenbesteko ikerketarik behar; baina badira oraindik eredu elebidunaren alde egiten dutenak ere.

Neuk ere hori uste nuen, hori begi-bistakoa zela, baina hara non gerora entzun izan dudan unibertsitate-errektore abertzale bat euskaran oinarrituriko unibertsitate-egitasmoa kritikatzen (zera zioen zehazki gizonak: berak ez zuela unibertsitate linguistikorik gura); entzuna naiz, halaber (eta, zerrenda dezentez luzeagoa den arren, beste adibide bat baino ez dut aipatuko), Jaurlaritzako zenbait sailburu elebakartasunaren aurka eta elebitasunaren alde ahoak eman ahala, baina elebakartasun eta elebitasun sozialaz ala indibidualaz ari ote ziren zehaztu barik beti... Eliteen artean kontzeptu-nahasketa tamaina horretarainokoa bada, hortik atera kontuak... Iraganeko esperientzietatik ikasteko eta kontzeptuon inguruko gogoeta berritzeko baino ez bazen ere, merezi zuen saioak. Horrez gain, eta itaunaren bigarren atalari helduta, baiki, dezente dira oraindik eredu elebidunaren aldeko hautua egiten dutenak.

Lan akademikoa da neurri batean zure liburukoa, baina polemikoa ere bai. Nola uste duzu erreakzionatuko dutela hedabide elebidunetan dabiltzanek?

Ez dakit, baina ez naiz haiei ate-joka eta agiraka ibili zale (abilak baikara gu inorengana kontu-eske joaten). Gainera, liburuko tesi nagusiak ez daude haiei zuzenduta, (batez ere) euskaraz mintzo den komunitateari baizik. Liburuko pasarte bat ekarriko dut hona, kontua azaltzeko baliagarria izan daitekeelakoan: “Hedabide diglosikoek zer egin behar duten eurek erabaki beharko dute, baina, bistan denez, euskaraz mintzo den hizkuntza-komunitateak ezin ditu bere beharrizanak haien premietara makurtu; hedabideok eurok bilatu beharko dituzte euren eguneroko kontuentzako eta etorkizuneko desafioei zuzendutako aterabideak; euskaraz mintzo den hizkuntza komunitateari, aldiz, bere soluzio propioak bilatzen hastea dagokio, haien [hedabide diglosikoen] pentzudan geratu beharrean.”

Abertzale / euskaltzale: ikuspegi aldaketa

Beste alde batetik, erdaraz bizi den gizarteak ere behar ditu bere komunikabideak. Abertzaleek uko egin behar ote liokete haientzat erdaraz jarduteari, edo ze hizkuntz eredu erabili behar lukete, zure ustez?

Kontua abertzale / ez abertzale parametroetatik planteatuz gero, eztabaida horrek zentzua dauka, dudarik ez. Auziari euskararen ikuspegitik erreparatuz gero, ordea, ikusmira guztiz bestelakoa da. Iraganeko kazeta elebidun abertzaleen esperientzia aztertuta, behintzat, ondorioak garbiak dira:

-Urteak joan, urteak etorri, euretariko bakar batean ere ez da euskara-kopurua hazi (are: kasu gehienetan jaitsi egin da).

-Euskara, ñabardurak ñabardura (eta kasu, gauza jakina baita ñabardurak garrantzitsuak direla), leku periferiko, anekdotikoetara kondenaturik egon da kazeta horietan.

-Euskarari betelan hutsa ematen bazaio, gauza funtsezkoak erdaraz esaten badira, irakurlearen inkontzientean euskararekiko sendotuz doan ustea hori izango da: larre motzean ibiltzeko hizkuntza dela, balio sinboliko handia baina praktikotasun urria duen ikonoa dela; hots, beste hizkuntza dela zinez ezinbestekoa.

-Kontu anekdotiko-periferikoak lantzera kondenatuta egonik, bistan denez, ezin da hizkuntza horretan oinarrituriko komunikazio-esparru taxuzkorik eratu, ezin da iman-efektua eragingo duen komunikazio-esparrurik trinkotu, eta, ondorioz, ezin da auzokidearen jakin-minik ernarazi, ezin da irakurle hori norbere hizkuntzara erakarri.

-Conclusio: euskararen nagusitasunean oinarrituriko hedabideak sendotuta, ausaz (eta nahiko lan orduan ere) euskararik ez dakitenen arreta erakarriko dugu. Beste moduz jokatuta, ordea (ohartuki zein oharkabean), euskararen egoera diglosikoa betikotzen lagunduko genuke.

Ia hogeita hamar urteko bidaia egin duzu zure ikerketan, 1976tik hona, eta antzeko paradigmak errepikatu dira askotan. Lehen bezalatsu gaudela deritzozu, ala aurrera egin dugula?

Hogeita hamar urte baino gehiagokoa ere bada bidaia (Enbata dezente lehenagokoa da)... Edozelan ere, Amatiñok aipatutako hiru anekdota ekarriko ditut hona, bilakaera ondo ilustratzen dutelakoan:

  1. Deiaren bi erredaktore-buruetako batek, guztiz kazetari ona eta Unibertsitateko irakasle, benetan uste zuen (eta jendaurrean esaten zuen) euskara ez zela komunikazio-hizkuntza (el euskara no es lengua de comunicación), eta, ondorioz, alferrik ari ginela, euskara ez baitzen sekula komunikabideetan zabalduko eta normalduko. Hau 1977an esaten zuen, ETB sortu baino bost urte lehenago.
  2. ETB 1983an hasi zenean, ez genuen uste egunero albistegi bat euskaraz egiteko gauza izango ginenik eta, hortaz, ETBren lehen programazioa telebista elebidun bezala prestatu zen. Gero, azkenengo momentuan, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen euskaraz bakarrik egitearen erabakia, irrati zein prentsa elebidunaren porrota aztertu ondoren.
  3. Euskaltzaindiak Real Academiaren titulua jaso zuenean (1975 inguruan), Euskaltzaindiak berak prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon eta den-dena gaztelaniaz izan zen. Prentsaurrea amaitzear zela, galdera gehiago ez zegoela-eta, nik euskaraz galdetu nuen ea euskaraz galderarik egiterik ote zegoen. Inguruan nituen kazetariek irain edo probokaziotzat hartu zuten nire ausardia hura.

Horiek irakurrita, argi dago aurrera egin dugula, baina besteek ere aurrera egin dute. Interneti esker, adibidez, sekula baino errazago eta merkeago da euskarazko hedabideak plazaratzea, baina Interneti esker baita, hizkuntza handienek euren nagusitasuna are gehiago zabaltzeko tresna ederra daukate... Betiko moduan, beraz, aukerak eta arriskuak eskutik helduta datoz bizi dugun garaian ere.

Hizkuntza-komunitatearen sendotzea

Euskaraz egitea aski ote da, ala zerbait gehiago behar da? Autozentratzearen kontzeptua dela-eta galdetzen dizut.

Nik argi daukat euskaraz egiten duen edozein komunikabide euskal komunikabidea dela (aitzitik, oso abertzalea izanagatik erdararen baten nagusitasunean oinarritzen den hedabidea Euskal Herriko hedabidea izango da "edo EHko hedabide abertzalea, asko jota", baina ez euskal hedabidea). Hala ere, begitantzen zait euskaraz ari diren hedabideentzat premia estrategikoa dela barrurantz begiratzea, kanpokoaren halamoduzko kopiak egiten ibili ordez (kopiek originalek baino kalitate eskasagoa izan ohi baitute ia beti), eta uste horren ondorio da autozentramenduarena: hots, mundura zabalik izanda, norbere hizkuntza-komunitatearen kultur ondarean eta hari dagokion erreferentzia-sortan oinarritzea eta horren araberako komunikazio-esparrua prestatzen saiatzea, bertako kideak asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzeko, horretarako albo erdaren erreferentzia-sistemez ahaztu eta norbere hizkuntza-komunitatearen kohesioa sendotuko duen erreferentzia-sistema propioa eraikita.

Zure azterketan ez da ageri enpresa berak hizkuntza desberdinetan jardungo duten hedabide bat baino gehiago dituen kasuak. Esaterako, EITB. Ba al duzu hipotesirik, bizikidetza horrek euskarari ze ondorio on edo txar ekar diezaiokeen?

Ez dut EITB barrutik ezagutzen eta ez dut gustuko ezagutzen ez dudanari buruz jardutea. Haatik, lagunez fidatzen naiz, eta telebistan ari diren edo aritu izan diren lagun gehienek diote oro har gaur egungo irizpideekin ETB1 ETB2ren parent pauvre izatera kondenaturik dagoela. Dena den, eta hau erantsita adierazi gura dizut ez daukadala erantzun biribilik, Euskadi Irratia ere EITB da eta gustura entzuten ditut bertako kirol saioak zein albistegiak (baina Euskadi Irratiko kazetaria ez dago kronika euskaraz eta gaztelaniaz egitera behartuta...).

Euskarazko hedabideen panorama izugarri zabaldu da azken urteotan. Sinergiak bilatu beharraz hitz egiten dute batzuek, baina egia da enpresa-talde bakoitzak bere estrategia daukala, eta batzuetan talka egiten dutela. Ba al da denentzako lekurik? Eta elkarlanerako biderik?

Izendatzen den oro posible ei da, izendatzen den mementotik, baina, ai, berba asko egin dut jada eta kontu sakonak dira horiek... Edozelan ere, gutxieneko elkarlan-esparru batzuk eratu ezean, akabo. Eta, egia esan, ibili badabiltza: irratiak saiatu ziren Arrosan, tokiko telebistek egitura bateratua lortu dute Tokiko-rekin, Topagunean bertan hainbat eragile desberdin daude federatuta, baita EKTn ere... Hala ere, begitantzen zait oraindik asko sakon daitekeela elkarlan horretan.

etiketak: Editore lanak
Jon
Jon dio:
2005/03/18 14:58

Xabier: euskararen kasuan, ezin? Badakit ba nik adibide bat hori bera egiten dena, edo oso antzekoa. ETBko kazetariek beren buruak itzultzen dituzte etengabe, gehientsuenek erdarazkoa idatziz lehendabizi (nahiz eta euskarazko albistegia lehenago izan), eta euskarazkoa haren kopia ia-ia berdina da, normalean apur bat laburragoa. Ba omen dago alderantziz dabilenik ere, lehenengo euskarazkoa egin eta gero gaztelerara itzuli. Baina argi dago ETBko albistegiak "Teleberri"-ra bideratuta daudela eta "Gaur Egun" senide txiroa baino ez dela. Egoera negargarriena tartekako albiste-erreportajeekin gertatzen da: badakit beti ez dagoela informante euskaldunik topatzerik, baina albistea bera baino testimonioa garrantzitsua denean, egin liteke ahalegin handiagoa euskaldunak topatzeko, albistea bestela hankamotz beharrean ez hanka ez buru gelditzen da eta. Badakit Nobel Saridun bat badator ezinezkoa izango dela -litekeena da gazteleraz ere ez jakitea- baina arazo sozialez dihardutenean, dela pobrezia, dela bortxakeria sexista, dela esklerosiaren edo bestelako nazioarteko egunen bat, edo lan eta ekonomia arloko kontuetan, ahalegin berezia egin beharko litzateke euskaraz dakitenak aurkitzen.

xme
xme dio:
2005/03/17 18:20

Aitorrek erantzun bitartean, editoreak: esperientzia polita da, bere on-gaitzak dituena (gaztelaniaz idazten dute dena, eta makinak itzuli). Dena dela, oso hizkuntza hurbilen artean egin litezke halakorik. Euskararen kasuan, ezin (euskalkiren batekin ez bada)

Patxi Lurra
Patxi Lurra dio:
2005/03/27 15:58

Jon-ek oso gai interesgarria pantailaratu dau: informante euskaldunena, alegia.

Pasa den (Bilboko) Aste Nagusian, orduak emon nituen berbetan lagun bategaz, alkoholak be lagunduta. Eta zera esan eustan lagunak horietako batean, ETB-1ean Tau Baskoniako partidetan informante euskaldunik ez topau taldean (argentinarrak, kataluniarrak, espainiarrak... bai, baina euskaldunik ez) eta zer egin? Bigarren taldeko gazteren bat hartu eta alkarrizketatu, eta Txintxurreta izeneko batez gogoratzen zan neure laguna.

Eta galdera da: dikotomia honen aurrean, zer egin?

a) "Txintxurreta"ren bat aukeratu, esatekoa hain pisuzkoa edukiko ez dauana baina euskaraz egiteko gai izango dana.

b) Scola (Baskoniako jokalari titularretakoa eta Argentina-gaz munduko txapelduna) modukoak hobetsi, albistearendako pertsona ezagunagoa eta garrantzitsuagoa izanda, nahiz eta euskaraduna ez izan.

Neuk ez deukot argi. Bai, ordea, bigarren aukera hautatzekotan azpi-tituluak erabili behar ditugula beti. Beti. BETI. AZPI-TITULUAK telebistan eta baita zineman be. Alkarrizketatua euskalduna izanez gero, eta ETB-2n, erdarazkoak. Eta erdaldunendako (gazteleradunak, frantsesdunak, ingelesdunak...) ETB-1ean, euskarazkoak. Eta irratian, bigarren abots horiek ganean, azpikoa erdi estaltzen dituztenak.

Duintasun kontua da, besteak beste.

Joseba
Joseba dio:
2005/03/17 18:07

Zer iruditzen zaizu Kataluniako El Periodico de Cataluña egunkariaren esperientzia, non enpresa berak produktu berdina kaleratzen duen bi hizkuntza ezberdinetan sistema informatiko berezi bati esker?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.