Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Jainkoaren borondatea eta saltxitxoi-bokadilloak

Jainkoaren borondatea eta saltxitxoi-bokadilloak

xme 2005/02/28 09:49

Aurreko batean elizgizon pare batekin egokitu nintzen, eta, bilduta geunden tabernako telebistan Joan Paulo II.aren osasunaz ari zirenez, gai horretara joan zen gure solasa ere. Elizgizonetako batek, aho-bizarrik gabe kontatu zigun, berriki, Aita Santuak bere postuan hainbat urte betetzen zituela-eta, mezu bat bidali ziola Vatikanora, ez dakit berari bururatu zitzaiolako edo ohitura hori izaten delako: "Ez duzunez joan nahi zeure borondatez, Jainkoak eraman zaitzala bere altzora lehenbailehen" edo antzeko zerbait omen zioen delako mezuak, eta Karol Wojtilarengana iritsi ez bada ere baten batek irakurriko zuen kuria santu hartan.

Bigarren elizgizonak, errukitsuago, komentatu zuen elizaren gaur egungo egoeraren irudi garbia dela Joan Paulo II.a, eta berehala erantsi zuen hitz horien argibidea "Zahar, gaixo, penagarri, ezertarako gauza ez dela".

Biharamunean, lagun batekin nengoela, hizpide bera atera zen; zehatzago esanda, nola atera zen Navarro Valls bozeramaile opustarra fededunak lasaitzera, Aita Santuak gosaltzeko jogurra eta hamar gaileta jan zituela-eta. "Hola hasten direnean, malo! "esan zidan lagunak". Francorekin ere, ia hilda zegoela, egundoko mejora egin zuela esan zuten, eta saltxitxoi-bokadilloa eskatu zuela jateko. Handik gutxira akabatu zen".

Baliteke nire lagunak arrazoia izatea, eta hamar gailetena azken bidaiaren atarikoa izatea, goiko lehen elizgizonaren lasaitasunerako; baina baliteke bestelakoa izatea jainkoaren borondatea, alegia, Joan Pauloren antzirudi jarraitzea eliza katolikoak: gero eta zaharrago, gaixoago eta penagarriago.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.