Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Salaketa eliptikoa

Salaketa eliptikoa

xme 2005/02/25 08:00

Zer isildu eta zer kontatu jakitean datza, neurri handi batean, kontatzearen artea. Idazketa-tailer zibernetiko bat antolatzen hasi gabe ere, edonork ulertzen du, zerbait txukun kontatzekotan, garrantzirik gabeko kontuak alde batera utzi behar direla. Zenbat kendu eta zenbat utzi, berriz, idazleen arabera aldatu ohi da: batzuk oso elipsizaleak dira, beste batzuk esplizituak, eta tartean tartekoak.

Pernandokeriak esaten nabil ordea. Nondik nora hau dena? Ba, aste honetan nire herrian pintada bat ikusi nuen pareta batean, elipsi adibide zoragarria iruditu zitzaidana. Elipsirik egiteko asmorik gabe gainera. Baten bat esprai-potearekin joan zen, nonbait, banketxe baten marmolezko hormara, mezu bat idazten hasi, eta hauxe da bertan irakur litekeena: ERREPR

Zer gertatu da? Zer idatzi nahi zuen? Zergatik ez du amaitu? Ez dakigu, baina suma dezakegu. Zena zela, erdizka utzitako pintaketa horrek indar handiagoa du amaitu balu baino; nekez asmatuko zuen inork zapalkuntza salatzeko mezu biribilagorik, garai honetako inkisizio berriaren metafora beteagorik.

Lastima da, egunen batean garbiketakoak joan, hormako letrak ezabatu eta, elipsiaren elipsiaz, mezurik ere ez dela geldituko banketxeko marmolean. Baina bai, nire gogoan behintzat, zentsuraren oroipena.

etiketak: Saski Naski, Politika
markos zapiain
markos zapiain dio:
2005/02/25 13:53

elipsiaren indarra: denbora luzeagoa eman dut "Lagun izoztua"n idatzirik dagoena irudikatzen baino, Goioren eta haren aitaren arteko inkontrua gogoan, edo Goioren eta Arianeren bigarren elkartzea, edo Goioren ekintzak erakundean

era berean, Brunarena Ubanberekin irakurri ostean zer gertatutko ote zitzaion Sebastianekin eta Pantxorekin irudikatzeak sentimendu sakon eta nahasiak eragiten dizkit

bestalde, Mendiguren, noizko hurrengo liburua? horrenbeste hilabete argitaratu gabe! irudikatze kontuetan bezain eraginkorra delakoan elipsia argitaratzeko orduan?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.