Gauzen memoria
Suerte on eta suerte txarraz jardun nuen aurreko batean, autoaren matxura bat zela-eta. Patuaren esku igarrezina sumatzen dugu halakoetan, eta gogora etorri zitzaidan nire haurtzaro katolikoko esaldi bat: "Ondoloin ta bihar arte / Jaungoikoak nahi badu" (Juan Luis Zabalari bertsio laikoago bat oroitarazi ziona: "Ezeren okerrik ez dela"). Beste esaldi kristau batez akordatzen naiz orain: "Ezbeharrean zorion", Loiolako Herri Irratian goizetan egiten zuten saio baten izena, gaixo zeudenentzako otoitz, animo eta agurrez osatua, oker ez banago.
Oximoron deitzen zaion horietako bat da "ezbeharrean zorion" esamoldea, barne kontraesan hutsa, eta kontraesankorrak dira sortzen dizkidan sentimenduak ere: batetik, zoritxarraren erdian pozari eusten jakitea miresgarria iruditzen zait, zeinahi dela ere poz-iturri hori; bestetik, baina, sufritzen ari denari esatea sufirmendu hori gogo onez jasan eta jainkoari eskertu behar diola, kontsolamenduaren funtzionario bihozgabeen lana iruditzen zait zinez.
Serioegi jarri naiz, ordea; gatozen gai arinagoetara: patuaren esku automobilistikoak beste atzaparkada bat eman zidan joan den asteburuan, kotxearen direkzioa hondatuta, baina -ezbeharrean zorion!- kale artean nengoela gertatu zitzaidan, ez autobidean ziztu bizian edo mendate batean kamioi artean nindoala.
Urte asko eta kilometro gehiago auto xaharrak, eta aldatu egin behar izan dut azkenean. Gaur bertan naiz auto berria hartzekoa baina -nostalgiko erremediorik gabea naizela onartu behar- handiagoa da kotxe zaharraren oroimina berriaren ikusmina baino. Tresna bat besterik ez da kotxea, badakit, baina hainbeste ordu pasa ditut bertan, hainbeste pertsona eraman nirekin, hainbeste liburu atzeko eserlekuan edo maletegian, hainbeste kantu entzun, hainbeste tarte on... Kontakizunen baten oinarri egin beharko nukeela beribila aipatu zidan lagun batek; baliteke, baina ez dakit. Nolanahi ere, bego hemen nire oroitza, SS-0699-AT.
Nik oso ondo ulertzen dizut. Jun dan urtean etxez aldatzeko aukera eskeini zidaten, eta bi hilabete pasa nituen nostaljiak jota. Eskerrak ez nintzen aldatu.
Nik (ez da broma), kotxeari argazki bat aterako nioke, bera protagonista, eta marko batean sartuko nuke, eta bueno, egongelan ez nizuke esango, baina 5 x 10 eko marko txiki batean, bai eukiko nuke mesanotxean, desordenean liburu eta trasteen artean, hortxe agerian.
Inbidi pixkabat ere ematen didazu. Nere furgonetaren 68 zaldien zaratarekin, aspertu xamar nago.