Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Arte-lanen luzeraz

Arte-lanen luzeraz

xme 2005/02/23 10:18

Zein da arte-lan baten luzera, denborari dagokionez? Teorian, segundo erdi batetik bizitza osorainokoa izan liteke aukera, sorkari jakin horrek berez eskatuko lukeen iraupenaren arabera; praktikan, baina, bataz besteko estandar bat finkatu dela esan liteke, ordubetetik bi ordura bitartekoa. Ordu eta erdi horrexen bueltan ibili ohi dira musika-kontzertuak (klasikoak nahiz modernoak), antzezlanak, filmak, bertso-saioak, dantza-ikuskizunak; luzera berdintsua izaten dute, nahiz eta hauek jarduera artistikoak ez izan, hitzaldiek, mitinek, futbol edo pilota partidek... Gizakiaren arreta-ahalmenarekin izango du zerikusia, hortik aurrera txoritan geratzen zaigula gogoa edo.

Badira, hala ere, denboratik kanpo dauden sorkuntza-lanak. Arte plastikoak, esaterako: koadro batek, eskultura batek, argazki batek espazioa betetzen du, baina denborarik ez, eternitate osorako dago ikusi nahi duen begiaren menera (bideo-instalazioak salbu, eta horixe izan daiteke halakoei diedan estimu urriaren arrazoietako bat). Hala ere, obrak bakarka ez baizik erakusketa antolatuetan ikusten dira gaur, museo, galeria nahiz bestelako aretoetan, eta bisitaldi horietako bakoitza lehen esan dugun tarte horretan ibili ohi da.

Literatura irakurtzeak ere denbora eskatzen du, ezinbestean, baina oso laxoak dira horren mugak. Badira hiru orduan amaitzen diren liburuak, eta badira hogeita hamar ordu eskatzen dutenak; irakurleetan ere, mantso eta arineketan ibiltzen direnak. Neurria, baina, ez da liburu osoa, baizik eta eserialdia (eserita irakurtzen duenarentzat: Markos Zapiainek etzanda irakurtzen omen du, Txilikuk oinez paseatuz, eta izango dira beste aukera/jarrera batzuk ere). Irakurtzera jarri eta horretan ematen dugun aldia zenbatekoa izan ohi da? Bakoitzak izango ditu bere azturak eta ohiturak; nik, hala ere, beste alde batetik heldu nahi nioke auzi honi: zenbatekoa den irakurgai bakoitzak eskatzen duen neurria.

Irakurgai guztiak ez baitira berdinak. Poesia-liburuetan, adibidez, nik uste neurria poema bera dela. Irakurri poema solte bat, eta horrek buru-bihotzetan sortzen duen sentipenari edo egoera animikoari utzi egin behar zaio, pixka batean blaitu edo gutxienez zipriztindu gaitzan (poema ona bada); askotan berrirakurketa eskatzen digu poemak, edo bestela gogoeta, edo leihotik begira gelditzea. Patxadaz, nolanahi ere. Horregatik uste dut naizela ni poema-irakurle kaxkarra, presaka ibiltzen naizelako orrialdeak irentsi beharrean.

Ipuinetan ere, Edgar Allan Poek zioenez, efektu-batasun bat lortu behar du idazleak, eta horretarako eserialdi bakarra komeniko litzateke, poemen antzera, ez dakit hala izaten den baina. Eleberrietara pasatu nahi dut hala ere, artikulu hau neurriz gain luzatuko ez bazait (beste baterako edo beste batentzako gogoeta: blogetako edukien luzera)

Eleberriak argi dago ezin direla eserialdi bakarrean amaitu. Irakurtzeko ere, nork bere erritmoa ezarriko dio: badira gauero bost minutu eskaintzen diotenak, bizpahiru orri aldi bakoitzeko, eta badira obra bukatu arteko onik izaten ez dutenak. Faktore askoren baitan izaten da hori: norberaren izaera, daukan astia, eta liburuak sortzen dion jakin-mina.

Dena dela, badira liburuak irakurketa-erritmo bat eskatzen dutenak. Andoni Egaña, bertsolaritzako jeinua ez ezik, pertsona argia da beste kontu askotan ere. Xabier eta Martin Etxeberriaren "Itxoidazu Café de Passy" nobelaz hizketan ari ginela, komentatu zidan liburu ona zela, baina zukua ateratzeko takada luzetan irakurtzea eskatzen zuela. Pixka batean pentsatu, eta bai, arrazoi zuela ohartu nintzen: bi hari diferente ditu nobelak (gaur egungoa bata, duela 30 urtekoa bestea), eta txandakako kapituluetan garatzen dira biak, bataz beste 15 orri dituzten ataletan. Mantso ibiliz gero, kapitutu bat irakurtzeko zenbait egun hartzen duenak, hurrengo kapitulura iristerako erdi atzendua edukiko du beste hariari zegozkion giroa, trama, pertsonaiak... Ez da liburua bertan behera utziarazteko traba, baina bai irakurketaren poza zaputz bihurtzekoa, batzuentzat behintzat.

Hori izan liteke berez ederra eta gustagarria den liburu batek merezi zuen arreta eta oihartzunik lortu ez izanaren arrazoia.

Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/02/23 14:48

Azken batean, zer bilatzen dugu artean, literaturan? Gozamena, enpatia edo ausnarketa bada, denborak ez du garrantzi haundirik. Dibertimendua edo denborapasa bilatzen bada denboraren neurria bilatzeak badu motiborik, burua ez nekatzeko atentzioaren mugek ezartzen dutena.

Ezaguna da Gabriel Celayak poeta hernaniarrak zineaz zuen iritzia. Filma bat azkeneraino ikusten zuenean bere buruari egiten zion beti galdera berdina: "Zergatik esan behar da bi orduz, poema txiki batekin esan daitekena.., horixe da bizitzari denbora kentzea..."

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.