Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Taxista melomanoa

Taxista melomanoa

xme 2005/02/17 10:11

Gaur egun ia inork ez du aipatzen Anthony Burgess. Entziklopedian begiratuta jakin dut 1917an jaio eta 1993an hil zela. Obraren hilezkortasuna amestuta ere denboraren herdoilak nahi baino azkarrago egiten du bere lana.

Burgess-i gertatu zaiona, gure garaiaren paradoxa horietako bat da: 1962an "A Clockwork Orange" izeneko nobela bat kaleratu zuen; handik 10 urtera zinemarako egokitu zuen Stanley Kubrick-ek, eta hain izan zen handia filmaren kalitate estetikoa non, nire ustez, liburuari propaganda egitearekin batera itzalean ere utzi zuen. Egia osoa aitortzeko, ni neu ere pare bat aldiz hasi naiz liburu horrekin, baina utzi egin dut bietan, Kubrick-en irudien indarra gogoan.

Bitxia da filmarekin gertatua ere: indarkeriaren apologia ez baina haren estilizazio eta estetizazio bat dagoelako-edo, guztiz bazterturik daukate. Ez dut uste telebistan inoiz eman dutenik (egilearen beste zenbait ez bezala), eta zine-klub eta antzekoei ez zaie bururatu berriz programatzea. Modurik ere ez beharbada. Agian neurriz gain baloratzen dut, azken batean gaztetxoa nintzen ikusi nuenean, eta nerabea erraz liluratzen da halako gauzekin.

Ez nuen "Laranja mekanikoa"z hitz egin nahi ordea. Aurreko batean pasadizo polit bat kontatu zidaten Burgessi buruz, eta hona ekartzea pentsatu dut, mamia baduelakoan. Urtetan musika klasikoko kontzertuen kritikak egin omen zituen Burgessek "The Times" egunkarirako. Ba, aspaldi ez dela, munduko idazleei buruzko argitalpen frantses batek plazaratu duenez, Burgess ez omen zen aipagai zituen kontzertu horietara sekula joaten.

Taxista bati azaldu omen zion behin kritiken kontu hori: "Begira: nik kontzertu hori buruz dakit, eta antzokira entzutera joateko batere gogorik ez. Hortaz, nahi baduzu, emango dizut nire sarrera, emango dizut ordaintzen didaten diruaren zati bat ere, eta zuk, trukean, bertan ikusitako bitxikerien berri eman behar didazu: zuzendariak estropezu egin ote duen, Miss Pipermin kapelu berri batekin agertu ote den, bonba-mehatxuengatik beranduago hasi ote den..."

Badirudi ez egunkariko arduradunak ez irakurleak ez zirela inoiz kexatu Burgess-en kritikez; seinale sistemak funtzionatzen zuela, edo halako idazkiak inor gutxiri axola zaizkiola. Politena, baina, taxistak amaieran kontatutakoa: berak ez omen zuen aurretik inongo kultura musikalik, baina, kontzertu haiek denak entzutearen poderioz zaletu, gehiago ikasi, eta orain benetako melomanoa bihurturik omen zegoen.

"The Times"ek taxistaren sarrera ordaintzen jarraitu beharko luke, ez duzue uste?

etiketak: Saski Naski
Jozulin
Jozulin dio:
2005/02/17 17:23

Ez. Ez lioke zuzenean taxistari ordaindu beharko. Kontratatu beharko luke beste kritikari bat, aurrekoa bezain "high class", kontzertuen iruzkinak egin ditzan, baina taxistaren helbidea ematea ahaztu gabe. ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.