Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Obsexuak baino gehiago

Obsexuak baino gehiago

xme 2005/02/16 08:00

Osteguna zinemaren eguna da niretzat, aspaldidanik. Batetik, gure herrian zine-klubaren emanaldiak egun horretan izaten direlako, hamabostean behin. Bestetik, azken hilabeteotan Espainiako La2 katean film onak ematen ari direlako ostegun-gauean, "Off Cinema" izeneko programan. Batean edo bestean huts egin behar izaten dut batzuetan, baina beste zenbaitetan saio bikoitza izaten dut.

Joan den ostegunean, adibidez, Manoel de Oliveiraren "Un film falado" ikusi nuen zineman, eta ondotik beste bat etxean. Oliveira, 96 urte beteak dituen zuzendari portugaldarra, gerontosorkuntzaren adibide miragarria da, baina beste batean aipatuko dizuet film hori, ezeren okerrik ez dela. Etxeko epelean eta Gasset jaunak aurkeztuta ikusi nuen pelikula suediarraren txanda izango dugu gaur.

"La belleza de las cosas" zuen gaztelaniazko izena filmak. Zuzendaria, Bo Widerberg, berriki hila nonbait. Sari handi bat eman omen zioten 1996an, ez naiz oroitzen Berlin, Venezia edo Cannes-en. Filmaren gaia, azkar eta zakar esanda, 16 bat urteko mutiko gaxtea maixtrarekin nola enrollatzen den.

Bigarren mundu-gerran dago girotua istorioa, 1943an. Suedia herrialde neutrala zen, eta, pelikulak gauza hauetaz hitz egiten ez badu ere, polita da giroan nola sumatzen diren anglofilia eta germanofilia elkarren arteko lehian: jendeak ikusten dituen filmak eta entzuten dituen irrati-emisorak hizkuntza horietako batean edo bestean izaten dira, adibidez.

Eskolako mutilek, baina, tankeen gerra ez baizik hormonena daukate buruan. Obsexu hutsak direla, alegia (parentesi bat: sekula hitzik ez nuela asmatu esan nuen halako batean, baina "obsexu" zorioneko berbaren aitatasuna aitortu beharra daukat). Burura etorri zitzaidan "Obsexuen kluba" izeneko nire nobela, baina ez inola ere hartaz harrotzeko: izan ere, liburu horren pareko zinematografikoak kasik hurbilago daude "Porkies", "American pie" eta antzeko narraskeria amerikarretatik, nire lotsarako.

Haurtzaroaz idatz liteke haurrentzat, baina helduentzat ere bai; gaztetxoez gaztetxoentzat, baina helduentzat ere bai. Perspektiba-aldaketa nabarmena dakar ikuspegi bat edo bestea hautatzeak (gauza mistoak edo denentzakoak ere egin litezkeen arren). Mutil gaztearen eta irakasle emakumezkoaren arteko harremanarena nire sorkuntza-lanetarako gai posibleen artean neukan aspaldidanik, baina zalantza bat neukan: nerabeentzako kontakizunen saileko beste bat egin ("Irakasle alu bat", "Obsexuen kluba", "Kanibalaren kaiolan", "Txakurraren alaba"), ala anbizio handiagoko obra bat egiten saiatu. Lehenengo aukeran badakit zerbait txukuna egingo nukeela, baina mugatua; bigarrenak arrisku handiagoak ditu hanka sartzeko, baina, arriskurik hartu ezean, zertarako hasi artea egin nahian?

Pentsatzen jarrita, aurrekari literarioak badira, kontuan hartzekoak. Hala nola "Le diable dans le corps", Raymond Radiguet-ena, I. Mundu-Gerran soldadu dagoen gizon baten andrearen eta mutil gazte baten arteko harremana kontatzen duen nobela ederra, edo "Die Klavierspielerin" ("La pianista" gaztelaniaz), azken Nobel saridun Elfriede Jelinek-ena, musika irakaslearen eta dizipuluaren arteko aferaz ari dena, kontzesio gutxiko idazkera batez eta irakurle gehienak aztoratzeko moduko morbosidadeaz.

Pelikulaz hasi naiz, ordea, eta ez dut ia ezer esan. Inork ikusteko aukera badu gomendatzekoa da: sentibera da "Gauzen edertasuna"delakoa, baina ez inola ere gozoa. Gordina da, gogorra ere bai, eta nahasi samarra tarteka (gehitxo luzatzen ote den...). Baina film bati eskatu behar zaizkion funtsezko osagaiak dauzka: indarra, emozioa, giza ariman arakatzeko eta hartaz gogoeta eginarazteko gaitasuna.

etiketak: zinema, Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.