Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ia dena da teatroa

Ia dena da teatroa

xme 2005/02/15 08:00

Daniel Landartek kontatzen zuen, "Aihen ahula" bere oroitzapen-liburu ederrean, mezaren ikuskizuna izan zela bere lehenengo antzerkia, eta apaizaren mugimendu eta hitzak antzeztera jolasten zela gero. Gehiagori ere aditu izan dizkiot antzeko adierazpenak, eta argi atera dezakegu hortik berezkoa duela gizakiak antzerkirako jaiera, eta ikusleen aurrean egiten den edozein funtzio sar daitekeela zaku zabal horretan.

Zaku horrek zabala izaten segitzen duelako beste bi froga izan ditut azken asteotan, biak ere literaturarekiko maitasunez eginak. Bateko, "Tramankuluak" izeneko obra bat, haurrentzat, hauen artean liburuarenganako zaletasuna piztu nahi duena; besteko, "Quien lo probó lo sabe", poesia-testuetan oinarritutako antzezlana. Komenta ditzagun banan-banan.

Atrezzoaren magia

"Tramankuluak" antzerki-frankizia moduko bat da, Kataluniatik datorrena. Jose Antonio Portillo deritzan idazle batek asmatu zuen ideia eta sortu testua; han egin zioten eszenografia, dramaturgia, argia, musika... Orain, berriz, Tanttakak inportatu du, Bernues-en eskutik, Harkaitz Canok itzuli eta moldatu, eta Aizpea goenagak zein Jose Ramon Soroizek interpretatu (txandaka egiten baitute, aldiko bat edo bestea ikusten dugula). Koldo Mitxelena kulturunean eskaini berri dute, eta toki gehiagotan ematekoak izango dira.

Monologo honen funtsa haurrei ipuin bat kontatzea da, zenbait tresnaren laguntzarekin (izenburuko tramankuluak, alegia), istorioak kontatzeak duen garrantziaren inguruan. Jokalekua da, izatez, ederrena: egurrezko txoko bildu bat, ikusle eta antzezle sabel babesle batean elkartuko balitu bezala; aulkiak, argiak, soinuak, egurraren usainak berak... guztiak giro magiko bat sortzen du, haurrak ez ezik helduak ere liluratzeko modukoa.

Hala ere, kontatzen den istorioa ez dago eszenografiaren pare. Txukuna da kontagaia, egokia itzulpena, polita interpretazioa ere, baina ohiko ipuin kontaketen mailan jarriko nituzke horiek denak, ez inor txunditzeko, nire ustez behintzat.

Los mil mejores poemas de la lengua castellana

Donostian bada, gure beste hiriburu guztietan bezala, bertako erdaldun kulturazaleen tradizio bat, euskarazko kulturgintzan gabiltzanokin zerikusi gutxi izan arren bere lantxoak egiten dituena. Horren adibide bat dugu "Quien lo probó lo sabe", joan den asteburuan Lugaritzen estreinatu zen ikuskizuna, testu poetikoen errezitaldi modukoa.

Hiru aktore oholtzan: Ana Miranda, Jorge Carrero eta Romualdo Salcedo, lehenengoaren zuzendaritzapean. Esan bezala, poemak errezitatzea da emanaldiaren funtsa, poemen artean antzerki-elementu batzuk sartu arren: aktore gizonezkoen arteko ika-mikatxoak andrazkoa dela-eta, poeten bizitzen inguruko txutxu-mutxuak eta abar.

Poemen hurrenkera kronologikoa da, erromantze zaharrekin hasi eta azken aldiko poetekin amaitzeko, eta, lehenengo partean batez ere, literatura espainolaren klase praktiko baten itxura hartzen du antzezpenak, eskolan ikasgai horrekin ohituak berehala ezagutuko baititu botatako testu asko eta asko: "El conde Arnaldos", "Que por mayo era por mayo", "Recuerde el alma dormida", "Vivo sin vivir en mí", "Noche oscura del alma", "Poderoso caballero es don Dinero", "Erase un hombre a una nariz pegado", "Volverán las oscuras golondrinas", "Mi infancia son recuerdos de un patio de Sevilla"... Eta abar (eta abar luze bat, hobeto esanda, Euskaltzaindiak esamolde hau espresuki gaitzetsi arren).

Azken partean, 27ko belaunaldikoen ondoren, azken berrogeita hamar urteetako poetak iritsi ziren: ez hain akademikoak eta ezagunak batetik, neurriz libreak izaki ez hain errezitatzekoak bestetik, eta horrenbestez originalagoa izan zen amaiera. Bestalde, kastizismo kastillanoaren salbuespen gisa, Bukowski sartu zuten, eta Gabriel Arestiren poema bat euskaraz ("Egia bat esateagatik").

Emaitza txukuna izan zen, fantasia handirik gabe hala ere. Musika konbentzionalegia izan zen; poemetatik aparteko jardunak topiko samarrak, baina poetikotasun gehiegizkoaren kontrentrazioa arintzeko aproposak. Poesia bera izan zen protagonista, eta hori ondo dago.

Hala ere, duda geratzen zait, ipuin-kontaketatik eta poema-errezitalditik harago joateko saio hauek behar hainbateko justifikaziorik ote duten. Justifikazio beharrik ez dago berez, antzerkia zaku zabala dela esan baitugu, gaur egun mezarik ez dagoenez askoz gehiago. Baina sustantzia gutxiko ikuskizunak sortzen ote diren...

etiketak: Antzerkia
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/02/15 14:18

Zurekin nago, Xabier. Aspaldiko kontua da "sustantzia gutxiko ikuzkizunak sortzen ari direla". Noizean behin euskal antzerkiak ere autokritika egin behar luke. Alde batetik pozgarria da aretoak beteta ikustea , baina beste aldetik onartu behar dugu "sustantzia gutxikoak" direla antzezten diren euskarazko lan asko eta asko. Hobe zenbait obra arrakastatsuen izenak ez aipatzea...

Datorren larunbatean, "La Tempetad" izeneko obra taularatuko du Ur taldeak Donostian. Ikusmin handia sortu du Helena Pimientak buruturiko Shakespearearen bertsio honek. Ea sustzantzia handiz gorpuzten den anterkia gozatzeko esperantza....

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.