Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Oteiza dantza librean

Oteiza dantza librean

xme 2005/01/31 08:35

Joan den asteburuan "Otehitzari biraka" ikuskizuna estreinatu zuten, Donostian, Kukai dantza-taldeak eta Tanttaka antzerki-ekoiztetxeak; Jorge Oteizaren hitz, pentsamendu eta irudien aitzakiaz eta laguntzaz osaturiko dantza eta antzerki nahasketa antzekoa.

Lehenago ere "1937" ikuskizun ederra eskaini ziguten partaide berberek, urteko ustekabe politenetakoa, eta Oteizaren nortasun poliedriko bezain polemikoa ezagututa ikusmina zegoen obra berri honen aurrean. Emaitzaz, berriz, ez naiz gauza sentitzen epai bat emateko, duda handiak baititut osagaiak behar bezala ezkontzen ziren. Noan puntuz puntu.

Dantza eta musika berez uztartzen dira; lehena ez litzateke ezer bigarrena gabe. Ikuskizun honi dagokionez, Urdangarin, Mendizabal, Rueda eta Krutzaga arduratu dira doinuak jartzeaz, eta Jon Maiak egin du koreografia: euskal dantza tradizionaletako urrats eta mugimenduetan oinarrituta baina libreago jokatuz.

Aldi berean, Fernando Bernuesek asmatutako eszenografia; profesional gutxi izango dira inguru honetan Bernuesen mailakoak agertokiak girotzen eta iruditeria berezi batez janzten. Oraingoan, Oteiza zenez gaia, haren arbel eta klarionek eman zioten haria, txuri-beltzezko estetika baterako.

Eta horren gainean Jurgi: jeinu handia pantailan, etengabe hizketan eta mugitzen, eta haren hitzak paretetan idatzita. Esaldi sujerikor eta kilikagarriz beterik dago Oteizaren produkzioa, eta haren indarra hitzok esatean hurbilago dago Itun Zaharreko profetetatik gaurko mitinlarietatik baino.

Hala ere, nola josten da hori dena? Alegia, argiztapen egokia eta dantzarien jantziak atmosfera oteitzar horretaz blaiturik egon arren, nola lotu dantza eta doinu horiek, Oteizaren hitzontzikeria sasitranszendentalarekin? (Barka nazatela oteizamano itsuek baina gauza batzuk dagozkien hitzez izendatzen hasi beharra dago).

"1937" hartan bazen hari narratibo bat, eta horrek errazago egiten zuen dantza berez den hizkuntza abstraktuari balio sinboliko bat ematea. Hemen, ordea, lanbrotsuago bihurtzen zen dena, eta ni tarteka errege biluziaren ipuinean bezala sentitzen nintzen: inork ez ote du esango zenbateraino den hau dena mitifikazio eta mistifikazioa?

Beharbada nirea da errua: Argia sarietako bazkaritik nentorren, jan-edanean bapo eta aserik, eta zentzumenak, halakoetan, ez dira egoten nahi bezain erne.

etiketak: Antzerkia
Kepa Ele
Kepa Ele dio:
2005/01/31 12:54

Nik ez nuen somatu dantzaldiaren eta Oteizaren munduaren arteko lotura berezirik. Hori bai: dantzari finak , koreografia ederra.... Agian dantza-pasarte batzuk errepikakorrak izan ziren, baina orokorrean dantza ikuskizun ederra eskeni ziguten , nahiz eta oso laburra izan.

Oteizaren beraren hitzak lanaren estimagarriena gertatu zitzaidan. Ez naiz inolaz ere "Oteizamano itsua" baina irrikitan nengoen noiz agertuko ziren berriro bere irudia eta bere ahotsa atzeko pantailan. Agian "Oteiza showman" aren alderdia gehiegi azpimarratu zuten obra honetan.

Dena dela, Oteizaren poeta bezala aldarrikatzea biziki eskergarria izan zen. Nik azpimarratuko nituzke Oteizaren poesiaren inguruko aipamenak, eta "Androcanto..." eta batez ere, "Elegia a Itziar"eko poema aukeraketa , kaos metaartiskoaren erdian bihotza sakon hunkitzeko lortu zuena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.