"Egunen harian" sariak
Ostiral honetan dira banatzekoak Argia Sariak, euskal komunikabideetako Oscarrak. Urtero bezala, gonbidatu mordoxka bilduko da Lasarteko Txitxardin-Beltxa jatetxera, giro onean, eta postreen garaian jakinaraziko dituzte saridunen izenak.
Oscarretan-eta normalak izaten dira kinielak, inkestak eta antzekoak. Gure herri txiki honetan ez gara horrenbestera iristen, baina jakin-mina suma daiteke. Horren adierazgarria da, adibidez, Gaztelumendi blogean Sareko Argia atalerako egiten zen sari-proposamena.
Nik ez dut berez sarietarako hautagairik, ez kiniela egiteko ohiturarik. Hala ere, euskal komunikabideetako irakurle-entzule-ikusle naizen aldetik, neure sari partikularrak bana ditzakedala pentsatu dut, sarituei ez dirurik ez prestigiorik emango ez dien arren.
Has gaitezen bada. Prentsa idatzian, nire saria Patxi Huarte Zaldieroarentzat da, Berria-ko Tartea gehigarrian egunero-egunero erakusten duen umore fin eta zoragarriagatik (Aizu eta Nabarra-n egiten dituenak ahaztu gabe). Nola nire sari hau oso demokratikoa den, jende gehiagori banatzea pentsatu dut. Adibidez, inoiz ez zioten saririk emango eta Imanol Murua Uria da nik euskal prentsan ezagutu dudan kazetari kabalena: kronikari doi, analista zehatz, elkarrizketatzaile sakon... dohain guztiak dituena. Eskuzabal hasi naizenez, Fermin Etxegoienek astean bost egunez telebista komentatzea bezalako lantegi erregarrian goi maila horri eusteko ez du meritu makala.
Irratian ez daukat hainbeste sarigai. Edo bai, zergatik ez. Fermin Etxegoien berak, prentsakoaz gain irratsaio bat egiten du egunero Euskadi Gaztean, emisore horren basamortu desolaziozkoan kalitatezko oasi bat osatzen duena: "Ekaitz perfektua"; musika-hautaketan gustu ona eta komentarioetan entzulea mongolotzat ez hartzea, biak dira eskertzeko. Eskertzekoa eta saritzekoa da, halaber Mikel Aramendi orojakilearen lana, tertulietan nahiz nazioarteko iruzkinetan. Eta, Iparraldeko nahiz Nafarroako euskal irratiak behin baino gehiagotan saritu dituztenez gero, aipamen berezi bat merezi luke Gasteizko Hala Bedik, irrati libreetan beteranoenak.
Telebistan zailagoa egiten zait aukera. Nazioarteko berriemaileak nabarmenduko nituzke, eta bat hautatzekotan Vanessa Sanchez, aurten, Parisko ohiko lanaz gain, Ukrainako hauteskundeak eta Hego Asiako triskantzak kontatu dizkiguna. Horrez gain, Postdatakoen lan txukuna ere ezin ahaztuta utzi.
Publizitatearen arloan ere eman ohi da sari bat, eta egongo da bere euskarazko publizitateagatik garaikurra merezi duenik, baina niri ez zait bururatzen.
Eta sarean zer? Blogak izan omen dira urteko nobedade. Hori dela-eta, Joxe Aranzabal proposatzen zuen Argia Sarirako Gaztelumendik, Sustatun bere gaixotasuna kontatuz eta orain Faroan egindako lanengatik. Ez da ideia txarra. Gaztelumendi bera ere ez litzateke saritu kaxkarragoa: gogoan eduki bere blog bikaina, armiarman eta emailuetan egindako lana, irratia.com berritzailea, edo Jakin eta Euskadi Irratian sareko berrien berri emanez egiten dituen kolaborazioak... Kazetaritza diren ez dakit baina badira beste blog miresgarri batzuk ere: adibidez etiam, pertsonaren hurbiltasuna sentiarazten dizuna, edo patxitrapero, egunerokotasunaren poesia eta emozioak transmititzen mundiala. Denentzat nire sariak, nire muxuak, nire eskerrak.
Sustoa hartzen det nik holakoak entzutean, baina poz galanta sentitu ere bai. Eskerrak zuri, Xabier!