Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Urtearen balantzea-edo

Urtearen balantzea-edo

xme 2005/01/19 08:00

(Jakin aldizkariak udazkenero eskatzen dio euskal kulturan dabilen jende mordoxka bati urteko balantzea egiteko, nork bere arloari edo gustuko gaiei erreparatuta, sistematikoa izan beharrik gabe. Hona, atera berri den alerako idatzi nuena)

Gurasoei gorazarre

Izugarri gustatzen zaigu herri honetan katea eten ez dela esatea. Kontrakoaren beldur garen seinale, seguru asko. Baina niri, aurten behintzat, errementari lana tokatu zait, kateak egin eta egin, belaunaldien arteko lokarriak sendotzeko edo. Hainbat artikulu, hitzaldi, mahai-inguru eta edizio-lan egin ditut joan den mendeko idazle handienetako batzuen omenez eta oroimenez. Adinaren arabera sailkatuta: Telesforo Monzon (1904-1981), aurten jaiotzaren mendeurrena zuena; Salbatore Mitxelena (1919-1965), urteurren jakinik ez izan arren gogora ekartzea komeni izaten dena; Martin Ugalde (1921-2004), aurten joan zaiguna; Bitoriano Gandiaga (1928-2001), argitara gabe utzitako lanak ateratzen aurten hasi zaizkiona; eta Txillardegi (1929), 75 urte bete berria, sasoian dagoela omendua eta lanean segitzeko asmoz dabilena.

Ez dira omendu bakarrak, ezta laudorio eta esker ona zor zaien bakarrak ere. Urrutira gabe, gogora datorkit Andolin Eguzkitza, askoz gazteago zela utzi gaituena. Bego hemen gure aitortza.

Gazteei ohore

Jarraipenaren ondareak alde biko txanpona eskatzen du, dena dela, transmisiorik egongo bada: batetik, lehengoen lanaren ezagutza, eta, bestetik, berrien sorrera. (Eta tartean, tarteka, zahar eta gazteen arteko kalapita, hemen halakorik ia ez dugun arren, edo gutxiegi garelako edo zibilizatuegi edo auskalo).

Egile berriak ere plazaratu dira aurten gure letretan, eta oso maila polita erakutsiz: narratiban, esaterako, Bertol Arrietaren "Txikira beti hordago", Iñaki Iñurrietaren "Kuskue tanden" (idazlea kulturgintzan eskarmentuduna izan arren), Lander Garroren "Orain galdera berriak ditut", Xabier Etxaberen "Lurtarra da begiratua", Mikel Zubeldiaren "Manikien galeria", Ramuntxo Etxeberriren "Skyroom" (azken hamar urtean, Eneko Bidegainez gain Ipar Euskal Herrian plazaratu den idazle ia bakarra); poesian, berriz, Luis Garderen "Oihan nabarra", Jon Aiastuiren "Biolinaren jatorria", Xabi Bordaren "Birika puskak", Gotzon Barandiaranen "Arrakalak"; saiakera eta kronikan, Fermin Etxegoienen "Neurona eta zeurona", Filipe Bidarten (hau ere beteranoa beste alor batzuetan) "Bakartasunaz bi hitz". Barka nazatela ahaztu ditudanek, buruz ari naiz eta.

Badira bi izen, hala ere, ahaztu ez baina nabarmendu egin nahi ditudanak: Eider Rodriguez eta Karmele Jaio, aurten ipuin-liburu bana kaleratu dutenak, beren estreinaldiko lana baina heldutasun-zantzu guztiak dituztenak: "Eta handik gutxira gaur" du izena Rodriguezenak, "Hamabost zauri" Jaiorenak. Esperimentalagoa lehena eta klasikoagoa bigarrena, biak ere giza harremanen gai korapilatsu bezain labainean igerian eta biak ere bikainak. Hau ez da diskriminazio positiboa, ez kuota, ez bozgorailua, ez “il futuro è donna” tankerako lelo leloa: literatura ezagupen eta plazer iturri gisa gozarazi didaten liburu pare baten aldarrikapena da, eta irakurtzeko gonbita.

Egolatriaren deitore

Ez dut segituko urteko literatur produkzioarekin: nire editore izaerak itsusi egingo lituzke etxekoentzako loreak, eta are itsusiago auzokoentzako arantzak, halakorik balego. Beraz, konplimendu epeletan ibiltzekotan, hobe dut isilik egon.

Hala ere, badut idazle-giroari buruzko komentario bat kolkoan. Aurreko batean, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan (cantina mariachi batean lagun artean afaltzen geundela), ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, azken hamar-hamabost urteotan euskal literaturan gertatu den aldaketa sakonena, beharbada, idazle bakoitzak bere karrera eta promozioa zaintzea izan dela, euskal komunikabideek idazlearen irudiari eman dioten bultzadarekin batean. Horrek baditu dudarik gabe bere alderdi onak, eta ezinbestekoa izango zen seguru asko, bizi garen munduan bizi garenez gero. Ez nabil inoren joera egolatrarik salatzen, garai hauen ezaugarri bat seinalatzen baizik.

Ez da beti horrela izan ordea. Eta lehengo kontuak goresten hastea zaharkeri zantzu eta gainbeheraren erakusle izaten den arren, akordatzen naiz aspaldi ez dela auzolanerako sentimendu zabaldu bat zegoela euskal letren baratze koxkorra lantzen genuenon artean (sektarismo gehiago ere bai, egia osoa esan behar bada). Akordatzen naiz, baita ere, horrelakoak idatzi zituela poetak, “kritika konplizea” proposatuz:

"() Gure herrian gehien ematen den kritika mota lagunkoia da. Onespenezkoa, azalezkoa, “ondo dago eta ea hurrengorako hobetzen den” formula litekeena. Kritika konplizea ez da hori.

Konplizitatea honela formulatzen da: euskal literatura delitua da; euskal nazioa eta euskal literatura eraikitzearen delituan partaideak garenez gero asumitu behar dugu gure errealitate politiko-kultural berezia, dramatikoa, gure marginazioa, gure arteko elkartasun derrigorrezkoa.

Guk ezin dugu pentsamendu unibertsaleko metodo eta sistemak moda legez asumitzen dituen kritika mota proposatu, gure errealitate estuaren baldintza objektiboak aintzat hartzen ez dituelako. Gure hizkuntza minorizaturik dagoelarik, herri independentziarik ez dugularik, ezin dugu etnozentrismoan errefuxiatu, baina kritika unibertsitarioaren epigono papera hartu ere ez.

Kritika konplizea proposatzean kritikaren kontestualizazioa egiten dugu. Zein herritan, zein hizkuntzatan, zein literaturatan ematen den. Kritika eraikitze nazional eta herrikoian situatzen da, euskal proiektuaren aldeko konplizitatean, eta ernegarria eta bizigarria izatearen eginbidea du.

Konplizitatea autorearen eta kritikoaren artean ematen da. Kritikoa ez da loriak eta anatemak banatzen dituen inkisidorea, funtzionarioa, profesionala. Kritikaren helburua ez da objektu literario eman bat, kritika bera ere ofizio kreatiboa bihurturik kritikoak delitua gehitu eta osotu behar du.

Konplizitatea kritikoaren eta irakurlearen artean ematen da. Kritikaren xedea kriterio estetiko eta ideologikoak berriztatzea eta iraultzea da, gustua formatzea, adierazpen forma konplexu eta egokiagoei bidea irekitzea.

Azken batean guk ez dugu unibertsitate handietan omenduak izateko anbiziorik. Miguel de Unamuno eta Pio Parojak proposaturiko asimilazio bidea ez dugu hartuko. Unibertsalitateari egin diezaiokegun aportazioa geure hizkuntzaren bidez eginen diogu. Euskal literaturaren instituzionalizazioaren aldekoa ere ez da gure jarduna, gauzak dauden legez normalizazio faltsu bat litzatekeelako, halako eskaparate huts bat hornitzea ()"

Mila bederatziehun eta laurogeita zortzikoa da testua "Marginalia deritzan liburu batean argitaratua" baina Harri Arokoa dirudi ia-ia. Niri ez zait ahaztu ordea. Eta nahi nuke beste asko ere gogoratzea.

Nola gaude, señor doktore?

Aspaldi ikusi gabeko laguna kalean topatu eta “zer moduz?” galdetzen digun moduan, lerrook idazten ari naizen sasoian (Durangoko Azokaren bezperan) antzeko galdera erritual bat egiten zaigu kulturan gabiltzan profesionaloi: “Zer moduz euskal literatura?”, “Zelan euskal musika?”. Durangorik gabe, galdera bera plazara dezakegu alorrez alor: antzerkian, dantzan, pinturan, zineman, bertsolaritzan

Zer erantzun? “Ondo esan beharko” litzateke agian sanoena, baina galdetzaileek ez lukete txistea ulertuko; “Txarto” erantzungo bagenu, arraro begiratuko ligukete, eta azalpen luzeak eman behar ondotik; “Primeran” esatea triunfalismo barren-ustela litzateke. Geuk ere ba ote dugu diagnostiko zehatza ordea?

Adibidez, esan nezake euskal kultura sekula baino sendoago dagoela: euskal liburugintza inoiz baino aberatsago dabilela, euskal idazleen nazioarteratzea lehen ez bezalakoa dela, musika-panoraman estiloen eta belaunaldien aniztasun txalogarria ikusten dugula, teatroan publiko gero eta ohituagoa eta talde gero eta profesionalagoak dauzkagula, beren produkzioak gure mugetatik kanpo ere erakusten dituztenak; zineman ere zuzendari, aktore eta teknikari trebe mordoa, han eta hemen lanean

Esan nezake, halaber, euskal kultura guztiz pobre eta makal sumatzen dudala, euskal literatura inertziak joa, eskolako irakurketen menpeko, egiazko publiko irakurzalerik gabe; euskal musikan sormena lurraren pare eta industria beste horrenbeste; teatroan ere stand up moldeko umorismoaren minbiziak jota, denbora-pasako komedia txoroen mailatik igaro ezinik, funtzionatzeko moduan eta erreferentzietan botijoa baino espainolago; eta zineman ere negargarri, euskarazko film bat egiteko hamar urte eta Ama Birjinaren mirariak behar direla.

Aurreko bi paragrafoetan zein zen egiazkoa? Ba, nire ustez, biak. Eta, fokua non jartzen dugun, era batekoa edo bestekoa izango da ikusiko dugun panorama. Nahikoa izan daiteke norbaitek “krisi” hitza aipatzea denak horren inguruan dantzan hasteko; hurrena, berriz, instituziotik egundoko balantze baikorrak iritsi eta inor ez da gauza, diru-laguntzen eskari betikotik harago, ikuspegi alternatibo bat proposatzeko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.