Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Je t'aime, moi non plus

Je t'aime, moi non plus

xme 2005/01/18 08:00

Markeliñe antzerki-talde zornotzarra bere azken obra jokatzen aritu da joan den asteburuan Donostiako Antzoki Zaharrean, “4 de corazones”, taldearen ohiko hizkuntza dramatikoa erabiliz eta gai betidaniko bezain nonahikoa hautatuz: maitasuna, gizon-emakumeen arteko harremanak.

Markeliñeren berezitasuna, inoiz ikusi ez dituenarentzat, hitzik gabeko antzerkia egitea da, edo oso hitz gutxikoa. Keinuetan eta gorputzaren adierazkortasunean oinarritzen dute beren jarduera, eta munduan barrena ibiltzea lortu dute, urteetan erakutsi duten kalitateari eta lan-modu horren unibertsaltasunari esker.

Kasu honetan, gainera, hizkuntza bezain unibertsala dute sujeta: amodioa. Lau lagun dira oholtza gainean: bi emakumezko (Soledad Carril eta Ana Martínez) eta bi gizonezko (Juanjo Otero eta Pako Revueltas), eta haien artean mila korapilo lotzen eta askatzen dira. Antzerkiak ez du berez istorio bat, hari bat, gehiago da gai nagusiaren inguruan hainbat motibo eta bariazio erakustea eta horiekin jolastea.

Zerbait azpimarratzekotan, taldekoek aukeratu duten eszenografia guztiz soila aipatuko nuke: parke bat irudikatzeko, farola (gero ilargia), eserlekua eta paperontzia; hor egingo dute topo eta estropezu maitale sufrituek, bihotz bakartiek, hor sortuko dira sedukzio istorioak, jelosiazkoak, bakardadezkoak Horretarako, gorputz espresioan oinarrituriko hainbat teknika erabiltzen dituzte aktoreek: mimoa, zinema mutua, clowna, txotxongiloa Agertoki hutsean gorputzen lagungarri, elementu bakan batzuk: globoak eta loreak batik bat, lokarri eta tutuak noizbehinka. Tonua umorezkoa da gehienbat, baina ez algara bilatzekoa, irri xumea baizik, eta lirismora jotzen du aldika. Estilo sinbolista indartzera dator koloreen hautaketa ere, zuria, gorria eta beltza baitira jantzietan nahiz atrezzoan erabiltzen diren bakarrak.

Antzezpenaren alderdi makurra da ez duela lortzen ikuslearengan emozio handirik sortzea, eta haririk ezean arreta ere jaitsi egiten dela. Ordubetekoa da obra, eta aspertzeko beta handirik ez beraz, baina hala ere errepikaren sentipena izan nuen nik behin baino gehiagotan, ikuskizunak gainerakoen beste aitzakiarik ez zeukan arren.

etiketak: Antzerkia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.