Larrua ala ospea, artea ala fama
("Nabarra" aldizkarian argitaratu berria)
Badut nik lankide bat palidromoak eta dilemak maite dituena. Palindromoak dira ezker-eskuin eta eskuin-ezker berdin irakurtzen direnak; dela hitz bakarra: Ana, Unanu; dela hitz-sorta: Inoreneroni, Nik enara neraman amaren aranekin; dela testu luzeagoa: berriki bidali didate George Perec frantsesak asmaturiko ipuin bat, 1.329 hitzeko palindromoa; horra hasiera eta amaiera: *Trace l'inégal palindrome () ne mord ni la plage ni l'écart*.
Dilemetan, gogoan dut Milan Kundera idazle txekiarrak bere liburu batean ("Hilezkortasuna" delakoan, oker ez banago) planteatzen zuena. Hedonismoaz ari zen: zenbat inporta zaigun plazera, zenbat itxura, eta zeri ematen diogun garrantzi handiena. Nobelaren hasieran pertsonaia bat aurkezten digu egileak, egiazko hedonista omen dena, eta hori frogatzeko dilema hau aurkezten du:
Har dezagun gizonezko bat (idazleak ez du esaten, baina heterosexuala eta ezkongabea izatea komeni da; emakumeentzako ere balio duela erants dezakegu), eta eman diezaiogun gizon horri bi aukera, bien artean bat hautatzeko: 1) munduko emakume ederren eta desiratuenarekin oheratuko zara gau batez, baina inork ez du jakingo eta inoiz ezingo duzu hitzik ere esan horretaz; 2) egiazki ez da ezer gertatuko baina jende guztiak usteko du munduko emakume ederren eta desiratuenarekin oheratu zarela. Kunderak dioenez, nahiz eta printzipioz denek kontrakoa defendatu (hobe dela egiazko plazera jendearen uste-muste eta esamesak baino), zintzo erantzunez gero, edozein gizonek bigarren aukera hartuko luke, askoz ere luzeagoa eta betegarriagoa egingo baitzaio famaren atsegina, dama haren larruaren dastatze laburra baino. Bere nobelako pertsonaia salbu, egiazko hedonista baitzen hura.
Segi dezagun jolasarekin. Har dezagun orain artista bat (musikari nahiz margolari, aktore zein idazle), eta galde diezaiogun zer duen nahiago: obra biribila sortzea ala jendearen onespena jasotzea. Gehienek obraren hautua egingo lukete, segur aski. Igurtzi dezagun ordea Aladinoren lanpara, datorrela barruko azti edo mamua, eta aurkez diezaiola artistari dilema hau: 1) aurrerantzean talentu handiagoa izango duzu eta lan ederragoak asmatuko, baina zu bakarrik jabetuko zara hobekuntza horretaz, kritika eta estimazioa orain bezalakoxeak izango baitituzu; edo 2) orain arte bezalako lanak egingo dituzu, ez hobeak ez txarragoak, baina zure fama handiagoa izango da eta zabalagoa oihartzuna.
Egiazko sedukzioa baino seduktore ospea nahiago zuen gizonezkoaren antzera, artista ia-ia guztiek bigarren aukeraren alde egingo lukete, eta ulertzekoak dira arrazoiak ere: egolatria-puntu bat izaten du beti sortzaileak, bere obrak geroan irautea nahiko luke, talentu handiaren eta eragin ezdeusaren arteko kontrasteak zoramenaren atarira eraman lezake
Hala ere, ni Kunderaren pertsonaiaren alde. Esan nahi baita, edertasunaren bila lehiatzen den artista interesatzen zaidala; etxeko bakardadean ondo biribildutako paragrafoarekin, harmonia harrigarri batekin, ezusteko argazki-enfokearekin liluratzen dena, eta bere lana gero eta hobeto egin nahi duena. Hortik aurrerakoa banitatea da: oso ezaugarri humanoa, baina artearekin harreman parasitarioa daukana.
Lagun bat itotzen ari da errekan. Hari begira jende asko dago, baina inor ez da ausartzen hari laguntzen. Bapatean batek salto egiten du, lagun hori uretatik ateratzen du, eta denek zoriontzen dute, bere ausardiarengatik, eta eskuzabaltasunarengatik.
Inork inoiz jakingo ez badu ere, salbatzaileari, bost ajola zitzaion itotzen ari zan gizona. Berak txaloak nahi zituen, baina hori, itotzen ari zenari, berdin dio. Eta beste guztiei ere bai.
Neri artistaren banitateak ez dit enbarazorik egiten. Banitate hori izaten da artista askorentzat, sortzeko ezinbesteko erregaia. Eta neri sorkuntza interesatzen zait. Besteek egiten dutenarekin disfrutatzea.
Nik ez dakit ba. Ni txaloetan pentsatu ere egin gabe, gizona salbatzera salto egingo nukeen hoietakoa naiz. Baina aukeran, beharbada nahiago nuke artista normaltxua izan, tarteka asmatzen duena, jendeari gauzatxoak eskeiniz eta txalo batzuk jasoz noizean behin, ermita baten barruan bizi dan idazle izugarri ona baino, bere lana berarentzako gordetzen duena.
Helburua gozatzea behar du izan.
Beren buruaz eritzi kaxkarra dutenak dira askotan, banitate haundiagoa dutenak, beren burua torpea iruditu, eta jendearen oneritzia bilatzen dutelako. Horrek ez du esan nahi ordea, txaloak direnik beren helburu bakarra. Askotan eskuzabaltasuna eta txaloen beharra, eskutik helduta dijoaz.
Ni, zalantzarik gabe, munduko emakume ederren eta desiratuenarekin oheratuko nintzateke, inork jakingo ez balu ere. Kontua da...
Nahiko al luke berak nerekin oheratu? Eta punta gehiago zorroztuz...
Nahiko ote nuke nik, nerekin oheratu nahi ez duen batekin oheratu?
Zalantzarik gabe, ez.