Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zer da autobiografikoa nire istorioetan

Zer da autobiografikoa nire istorioetan

xme 2005/01/12 08:00

Zer da autobiografikoa eta zer asmatua nire istorioetan?

Dena da autobiografikoa: noizbait maitasun-istorio bat idatziko banu Arnaldo Otegiren eta Marilyn Monroeren artekoa, hori ere autobiiografikoa litzateke, nahiz eta ez izan aitorpen pertsonala. Idatzi ditudan kontakizun guztiak dira autobiografikoak, baina ez aitorpenak. Irakurle txarrak beti jakin nahi du, berehala gainera, "zer gertatu zen benetan". Zein den ipuinaren atzean dagoen historia, zer ari den gertatzen, nor dagoen norekin etsaituta, nork egin zuen norekin txortan. "Nabokov jauna "galdetu omen zion behin kazetari amerikar batek telebistan zuzenean", esaiguzu mesedez, horren harrapatuta al zauzkate benetan nexka gazteek?" (are you really so hooked on little girls?

Niri ere galdetu izan didate behin edo beste kazetari kuxkuxeroek, irakurleak "jakiteko eskubidea" daukala-eta, Irakasle alu bat-eko gertakariak egiazkoak al diren, Obsexuen klub-ean bezala taldean biltzen ginen masturbatzeko, Bekatuaren itzala-ko apaizaren obsesioen atzean zer dagoen. Edo esaten didate: praktikatzen al duzu 16 ipuin amodiozko-etan agertzen den bezalako perbertsiorik? Izan al duzu inoiz Berriro igo nauzu-ko presoaren moduko ustekabeko felaziorik? Zer adierazi nahi izan duzu zehazki Arbelaren gainean liburuan?

Pentsatzen jarrita, zer nahi dute Nabokov handiarengana bezala ni bezalako idazle kaxkar batengana ere etortzen diren kazetari jakin-gose horiek? Zer nahi du irakurle txarrak, irakurle alfer, soziologista, txutxumutxuzale eta muturluzeak?

Txarrenean, plastikozko eskuburdinak hartu eta zugana datoz "mezua" atzematera, bizirik edo hilda. Azken hitza nahi dute, "Idazleak zer esan nahi zuen", horixe harrapatu nahi dute. Eskuetan jartzea, "neure hitzetan", idazlanaren irakaspena, subertsiozko mezua, ondare politikoa, jatorri etikoa, "ideologia". Nobelaren ordez, izan zaitez atsegina eta emaiguzu, arren, zerbait konkretuagoa, ukitu eta pisatu daitekeena, jendearentzat ulergarria, adibidez: "borroka armatua herri honen ustelkeria morala da" edo "PNVkoak aldeano ezjakin eta akonplejatu batzuk dira" edo "larrua gehiago jotzen ez dugun bitartean ez dugu lortuko herri normala izatea". Laburtuta: emaizkiguzu, pilula bihurturik, zuk liburua idaztean erabili duzun ideia eta sentimenduen zurrukutun lodia. Eskerrik asko.

(Aurreko testu guztia ez da nirea. Amos Oz idazle israeldarraren "Maitasun eta iluntasunezko istorio bat" oroitzapen liburutik hartu eta neure kasa moldatu dut, jolas polita delakoan)

etiketak: Sorkuntza
Apostata
Apostata dio:
2005/01/12 01:17

Horrelakoak galdetzen dizkizutenean, zuk beste galdera batekin erantzun behar diezu: "Eta zure bizitza? Zure bizitza autobiografikoa da ala guztiz fikzionatua?"

Patxi
Patxi dio:
2005/01/11 21:58

Nere mezu batean esaten nuen:

"(sua ematen diozun metxa bati bezela, irakurlearen irudimena bizi bizi hasten da lanean, kontatu ezin diren hoiek zein liratekeen, zerrenda txiki bat osatzen...)"

Eta gero zera nioen:

"Gauza txatxua gero, jakinmina... asetu ezin danean...

Txatxua da, sekretua dakien hori beti ondoan badaukazu. Sekretua hurbil hurbil sentitzea. Hori izan leike txatxua.

Baina sekretua liburu batean badago, urruti, orduan zeharo desberdina da. Oso gauza polita da.

Kepa L
Kepa L dio:
2005/01/12 12:07

Autobiografikoa?

Aspaldi aspaldian XME-ren antzerki obra labur bat irakurri nuen,(memoriaz ari naiz) :

Elkar agurtzerakoan, muxu edo "iepaa" arruntak erabili ordez jendeak ukitu lizunez egiten zuen. Ferekak zakil, titi edo aluetan: hori zen egunerokotasuna, horixe ohizko normaltasuna... (Beti pentsatu dut taularatzeko oso lan egokia zela.)

Autografikoa? Agian horrelako bizipen asmatuak autografikotzat jotzea gustatuko litzaiguke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.