Brooklyngo Xerazade
(Paul Auster-en "Oracle Night" edo "La noche del Oráculo" eleberriaren iruzkina, Berria-ko "Idazleak irakurle" atalean argitaratua)
Autore bat baldin badago, azken hamabost urteetan, gure Europa Mendebaldeko honetan irakurleen estimazioa, kritikarien onespena eta idazleen mirespena jaso dituena, Paul Auster dugu hori. Egia da azken aldian betegarri itxurako liburuak atera dituela, baina horrek ez du ahuldu bere nobelenganako lilura, eta holako berri bat atera zela entzunda berehalakoa izan zen gure jakin-mina.
Oracle Night Auster puru-purua dela esan liteke, berezkoak dituen ezaugarriez jantzia: argumentu korapilatsu baina erakargarria, gertakari harrigarriz zipriztindua, idazkera soil baina dotorea, keinu kultista batzuk tarteka, ukitu magiko antzekoren bat, eta irakurlearen arreta bereganatzeko gaitasuna duen estilo berezi hori, prosaren intentsitateaz eta kontagaiaren erritmo biziaz oratua.
Besteetan baino metaliteratura gehixeago dago hemen: protagonista idazle bat da, Sidney Orr, gaixoaldi baten ondoren nobela bat idazten hasten dena, non protagonista editore bat den Istorio baten barruan beste bat, modu errekurtsiboan gainera, eta han-hemen beste argumentu-txatal batzuk, kapelutik untxiak ateratzen dituen magoak bezala nolanahi utziak, nahiz eta egiazki dena guztiz neurtua eta lotua egon, polizi nobela baten tankera hartzen duen amaieran konturatuko garen moduan. Argumentua ez dugu hemen argituko ez larrutuko: fikzioaren eta egiaren arteko jokoak leku handia hartzen du, baina pixkanaka iragan ezkutuaren gaiak eta gizon-emakumeen arteko harreman beti zailek hartzen diote gaina.
Auster-en balorazio orokorrago batean sartu nahi nuke orain. Esana dugu Frantzian eta Espainian egundoko arrakasta duela, literaturako Woody Allen baten antzera, baina badirudi AEBetako literatur giro serioetan ez dutela aintzat hartzen, alderdi komertzialari kontzesio gehiegi egiten dion egiletzat hartuta. Ulertzekoa ere izan liteke; izan ere, bere nobelek indar magnetiko antzeko bat daukate, baina bestetik, irakurtzen bukatu eta zer gogoeta eragin dizun pentsatzen hasten bazara, halakorik ez dagoela konturatzen zara. Beharrezkoa ote da ordea? 1001 gauetako Xerazade haren antzera, herioaren ezpata atzentzeko kontu-kontari ari zaigu Brooklingo aztia, narrazioaren festa etengabeko batean.
Liburu honetaz berbetan jardun dut lagun zenbaitekin, Austerrik onena dagoen hemen edo ez; oso kritika onak jaso dituen arren, gehienon ustea zen ez dela iristen bere produkzio bikainenaren mailara (New Yorkeko trilogia, The Moon Palace, Leviatan). Baina ez zaigu axola: hain dira istorioak ederrak, hitzak juxtuak segi dezala nobelak asmatzen, gauak irauten duen bitartean.
Biziki maite omen du Paul Austerrek kasualitatea. Kasualitatez atzo bertan bukatu nuen aipatu duzun liburua, bukaera bikaina duena. Kasualitatez pasa den astea beste liburu oso desberdina amaitu nuen: Belen Gopeguirena,(azkena baina ez hoberena, nere ustez). Baina, kasualitatez, bi idazle hauek zinemarekin lotura handia dute. Kasualitatez, zine aretoetan noizbait pantailaratzeko ere osatu dituzte beren azken liburuak ?