Veleia: galdera batzuk jakinminez
Ni ez naiz hizkuntzalaria, eta nekez eman dezaket iritzi jantzirik. Baina gauzatxo batzuk argiago esplika diezaizkiguten eskatu daitekeela uste dut, eta horixe egingo dut. Jakinmina asetzeagatik, besterik ez bada.
Nire galdera nagusia da:
- Zenbat euskara dago Veleian, eta ze euskara da?
- Urdin isar
- Zuri urdin gori
- Edan ian lo
- Ian ta edan
- Geure ata zutan
- Iesus Ioshe ata ta mirian ama
- GEVRE ATA ZVTAN
- IAVN
- EDAN IAN LO
- GORI
- VRDIN ISAR
- IESVS IOSE ATA TA MIRIAN AMA
Kontua da, hori da dena? Eta piezak ere... horiek dira, Gori pieza batean dago isolatuta, ala zuri urdin gori sekuentzia (edo esaldia) da pieza batean dagoena?
Zenbat pieza, zenbat hitz? Zentsu bat egin beharko da, diot nik...
Horrez gain. Zergatik ez dizkigute erakusten idazkunok? Nik hori ez dut ulertzen.
Grafitoetan agertu diren erlijio irudiak erakutsi dizkigute. Egin dituzte argazkiak eta publikoki banatu dira: gizaseme gurutziltzatuen gorpuak ikusteko baimena jaso dugu. Baina euskara zaharraren aztarna hauen irudirik ez. Zergatik? Min emango ote digu begietan euskara zaharrak? ala alderantziz izango ote da? Geure begiek hondatuko dutela euskara zaharra?
Eta bueno, gure begiak edo delako idazkunak salbatzeko bada ere, eta irudiak banatzearen arriskua zein dela ere... beste galdera bat. Herritar arruntok ez baditugu idazkunok ikusi, ze hizkuntzalarik ikusi ditu? Grafitoak (ez dakigu denak, lagin batzuk, euskarazkoak tartean ote diren edo ez...) ematen du analisi zorrotzekin aztertu dituztela Europako zenbait laborategitan. Antzinatasuna nahiko zehaztuta dago, horri esker.
Azpimarratu dutenez, toki batean baino gehiagotan egin dira analisi horiek. Grafitoen antzinatasunaren analisien artikulu honetan 5 laborategi aipatzen dira. Logikoa; ondo egina, puntako zentroetan egin azterketa, eta batean baino gehiagotan, hobeto. Orduan, euskararen aldetiko analisi linguistikoak, eredu berdinarekin egin dira? Ez dakit. Ematen du zerrenda osoa bi pertsonakoa dela: Joakin Gorrotxategi eta Henrike Knorr izendatu zituzten. Batak purrustada batekin irten du Vocentoko medioetan, eta besteak ematen du zertifikatzen duela zerbait (oraingoz hitzaldi eta artikulu dibulgatiboren batean, baina ez lan zientifiko batean, nonbait). Hizkuntzalari horiek biek grafito originalak ikusi dituzte? irudiekin lan egin dute? lagin batekin ala korpus osoarekin? Eta, bi hauez gain, filologoz gainezka dagoen herri honetan, beste inongo euskal hizkuntzalarik ikusi ditu testuok?
Nork ikusi ditu? eta zer ikusi dute?
Entzun dut audio hori. Ekaineko elkarrizketa bat dirudi, eta Erabili.com-en garai hartan Knorrek aipatutako aleak agertzen dira, ez besterik.
Ekaina igaro zen, eta gero udan, gehiago agertu omen dira, dio aspaldiko anonimo honek... Zein ote dira hitz berri horiek?
Ikerketaren denboralizazioa hau bada, bedi. Hala ere, ondo legoke jakitea ea Knorr eta Gorrotxategi diren material hau aztertu duen edo aztertu behar duen euskal filologoen unibertso osoa...