Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Twitter ontsa euskaratzeko bidea

Twitter ontsa euskaratzeko bidea

Luistxo Fernandez 2012/05/17 07:49


Pozten naiz Twitterrek bere interfazea euskaratzeko aukera zabaldu duelako azkenean. Borondatezko lanean oinarrituko da, eta horrek akaso uzkur jartzen ditu batzuk, baina uste dut metodo bera erabili zela bere garaian Facebook edo Google-ren lehen bertsioak euskaratzeko, eta alde horretatik nik ez dut eragozpen handirik Kaliforniako miliotsu berriei laguntzeko, euskaldunontzako metodo praktikoena horixe baita, egin beharrekoa guk geuk egin eta ez kexatu.

Dena den, badaude gauzatxo batzuk...

Jana eta menuak. Aspaldi esan nuen: menuak baino, jana da inportantea. Gaur arratsaldez mintegi batean izango naiz Bilbon (Internet eta hizkuntza aniztasuna, sarrera doan), eta ideia hori errepikatzeko asmoa neukan (ingelesez, bide batez). Motibo gehiagorekin gaur.

Pertsonak, nukleo sinbolikoa. Twitter oso-oso inportantea dela uste dut. Sare sozial baino gehiago, hedabide apurtzaile bat (disrupzioa dakarrena). Kultura transmisiorako gakoa, komunitate baten bizitasunaren adierazle, meme-en iturri eta bideratzaile, esperientzia estetiko bat ere bai (eta lastima de Fermin Etxegoien ez enteratu izana). Twitterren euskara egotea oso inportantea da, eta bereziki, funtsezko informazioa eta iritzia euskaraz mugituko duen erdigune edo nukleo txepetxiano bat gorpuztea. Ezagutzen nautenek badakite halako kanpaina bitxi batean nabilela aspalditik: Mila euskal intelektual Twitterrera. Frakaso bat izan da, neurri handi batean, orain arte. Baina ez dut etsitzen, eta orain bariante batekin nabil: Mila euskal intelektual Twitterrera, banan banan. Pertsonalki, oso harro nago azken hilabete pare honetan neure iritziz oso ahots koalifikatuak gehitu ditudalako Twitterrera:


Horrelakoekin ekartzen da euskara Twitterrera, menuak itzultzen baino hobeto. Lander Arbelaitz kazetari gazteak meritu handia du gaur Twitter euskaratzeko aukera izateagatik, eta zoriondu behar dugu denok. Baina ez berak ez neuk ez inork ez du komentzitu Pello Zubiria tuiteatzen hasteko (Goardia Zibilak ere ezingo duela badakigu, eta hala ere... JODER PELLO YA TE VALE). Neure ustez, menuak itzultzea baino egiteko funtsezkoagoa da hau: Lortu zerbait esateko daukan euskaldun bat Twitterrera ekartzea. Gutariko bakoitzak ezagutzen du Twitterren guk baino gauza inportanteagorik esango lukeen pertsonarik. Komentzitu ditzagun. Bakoitzak bana.

Inbidia. Nik azpitituluak itzultzen ditut. Oso tarteka, batzuetan film onak, eta beste batzuetan ez hain onak. Tabarra ere ematen dut, benga, itzuli zuk hau edo gogoko duzun hori... Oso arrakasta mugatuarekin. Twitter itzultzen jende mordo bat hasi da bart gauean, tartean nik zerbait azpititulatzeko proposatu izan diedanik. Zer egingo diogu ba. Hala ere, film bat azpititulatzea, hemendik aurrerako ondare bat sortzea da, 20 urte barru ere balioko duena. Eta zuk azpititulatu duzuna seme-alabekin, lagunekin edo maitaleekin partekatu eta disfrutatzea plazer handi bat da. Gaur, neure bakardadean, Bollywood-eko hit bat itzultzen hasi naiz; hindieraz da audioa, numerito musikal eta guzti jarriko dut euskaraz. Mundua pittin bat hobetzeko balioko duelakoan, ni aurrera noa. Azpitituluena ez bazaizue erakargarria iruditzen, beste alternatiba bat proposatuko dizuet: Wikipedia.

Amaitzeko, Twittereko interfazea (edo inor komentzituz euskaldungoaren erdigunea bera ere) euskaratzera zoazenoi, aholku bat: kontuz idiotekin.

leire narbaiza
leire narbaiza dio:
2012/05/17 19:59

Esan duzun ia guztiarekin ados nago, Luistxo.Nire ustez twitter dagoeneko bada gune txepetxiano horietako bat. Nik neuk horrela bizi dut, behintzat. Zenbat euskaldun interesgarri ezagutu ditudan bertan, gauza asko esateko dituztenak, eta eztabaidak hasteko eta informazioa trukatzeko gunea ere bada. Euskaraz! Jende gehiago ere erakar daiteke, jakina; baina nire iritzian txiokatzen jarduten duen jende baliotsu asko dabil, zorionez! A! Ez ditzagun blogak ahaztu! Tutez gain, loturetan ere euskararen presentzia handiagotu beharko litzateke.

Xabier Landabidea Urresti
Xabier Landabidea Urresti dio:
2012/05/17 14:20

Ez nago ados. Nire timelinean (arbelean?) ditudan mezurik interesgarrienetarikoak ezizenekin idatzita daude.

Baina badaezpada oraingoan nire izen-abizenekin doa nire ezadostasuna ;)

txerren (edo txabi)

iarandia
iarandia dio:
2012/05/17 15:12

Ados oraingoan ere esandakoekin. Ni pertsonalki twitterren defendatzaile, sustatzaile eta apostole apasionatua naiz... zoritxarrez ezin esan intelektual gehiegirik ezagutzen dudanik eta ezagutzen ditudan gutxiak twitterren badaude edo twitter bidez ezagutu ditut, baina kontutan izango dut hurrena topatzen ditudanei belarria jateko. Badakit, intelektual ezagun batek esana, atzera botatzen ziola publikoarekiko iristerreztasun/esposizio hori (Errealeko jokalariren batek eskarmentua jaso zuen eta uxatu zuten). Itzulpenen inguruan Wikipedian saiakeraren bat egin izan dut baina fundamentu haundirik gabea eta zure Azpitutuloetan egia esan teknikoki korapilotsua egiten zait eta ez naiz bereziki zinezalea/aditua (Confessions!) Hori bai, gaztetan, gazteagotan, ETBrako ingeleratik eta alemanieratik euskarazko azpitituloak egiten xox batzuk irabazi nituen... hurrengoan elkar topatzen dugunean hitzeingoiau honi buruz. Idioten inguruan Ana Malagonen iritzia kontutan erabat, Trollismoa bestela ere izango dugu eta, baina aurretik bijoa Sabino Aranaren perfila eta honek esandakoak oso interesgarriak iruditzen zaizkidala eta parre ederrak egiten ditudala, baita ikasi ere. HE IS A MUST! bereizten jakitea baino ez.

txerren
txerren dio:
2012/05/17 13:43

Oso gai inportanteak, eta baita ematen diezun enfokea ere, Luistxo.

Erabat ados azpitituluen (eta bide batez, euskaraz azpititulatutako edukien p2pearen ebangelizazioaren) garrantziarekin. Zorionak saltsa hauetan ari (eta ariarazten) zareten guztioi.

Hala ere harritu egin nau zure lehengo twitterreko mezuak, eta post honetan ere aurkitzen dudan idiotari erreferentzia. Alde batetik, ados ez nagoelako (ez dut uste osaba sabin tuiterlaria ez leloa ez eta gauza publikoetan inplikatzen ez den sujetu bat denik), eta bestetik zuk zeuk proposatzen duzun "twitterren zerbait interesgarria esateko gai den euskalduna" dela uste dudalako.

Ez dakit, mania hartu diot inork interesgarri aurkitzen dituen gaiak/pertsonak/gauzak interes gabekotzat jotzeko dugun joerari. Eta niri behintzat euskal twitter ekosistemako izaki/biztanle interesgarri bat iruditzen zait. Boutadeak boutade. Beste kontu bat da Ana Malagonek zioen bezala, kontua izan behar ote dugun txisteak sabotaia ez bihurtzearekin eta abar. Horretan ere agian ados.

Baina ez dezagun umorea galdu, kaguenlamar. Nik une batez tartea hartu dut aintzinako garbizaleak twitter euskaratzeko biltzarrean imajinatzeko, eta barre batzuk bota ditut nire kabuz...

Besarkada bat

Luistxo
Luistxo dio:
2012/05/17 14:08

Txerren: anonimo bat ez da "Twitterren zerbait interesgarria esateko gai den euskalduna", inondik inora. Zerbait interesgarria esaten dutenak izen-deiturak dituzten pertsonak dira: Fermin Etxegoien, Pello Zubiria.

oier g
oier g dio:
2012/05/18 01:05

Aupa Luistxo, Azpitituluen asunto horrekin, gero eta Josu Lavinen itxura gehixago hartzen deuat, liburu klasikuak pikatzen, hiztegigintza kriptikuan... Proiektu interesgarrixak eresten detset ¿eh? Nahiz eta pizkat inkonprendiduak.

txerren
txerren dio:
2012/05/17 15:58

Luistxo, uste dut arazoren bat egon dela blogean, lehen irakurri ditudan erantzun pare bat (eta idatzi dudan bat) desagertu dira!

Lander
Lander dio:
2012/06/07 15:38
Kaixo Luistxo. Interesgarria gogoeta, eskerrik asko aipamenagatik dagokidan neurrian, eta aurrekoan esan nizun, baina bat egiten dut diozunarekin.

Idazten dut komentatzeko pixkana, baina ari garela jende interesgarria erakartzen. Aste honetan bertan hainbestetan eskatu izan diozun Pello Zubiria erakarri dugu Twitterrera (@pellozubiria) eta gaur bertan Argiako kultura arduradun eta azalgile Garbine Ubeda (@garbineubeda). Argiako kazetari guztiok beraz, lixto, Twitterren gaude.

Dena den, jarraituko dugu ingurukoak erakartzen eta beren iritziak bota ditzaten animatzen.

Aio ta segi fuerte!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004