Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Sexual, el pueblo

Sexual, el pueblo

Luistxo Fernandez 2012/02/06 06:19

Aste honetan Txalaparta argitaletxea kexatu izan da liburu baten azala zentsuratu diotela Facebook-en, titi bat agertzen zelako. Honako hau da kendu duten irudia, Itziar Zigaren Sexual Herria liburuarena:

http://media-cdn.pinterest.com/upload/28217935134938202_reNHrEx4_f.jpg

Zentsura deiadarrak (Txalapartarena letra morez Zigaren blogean bertan) eta elkartasun eskeak zabaldu dira... Nik ez dut batere argi kontu hau. Batetik, joan nintzen Txapalartaren webgunera eta ikusi nuen zaila zela aurkitzea portada, eta txiki-txiki besterik ez nuen aurkitzen: titirik ikusi ere ez. Baina tira, gero jakinrazi zidaten egon, bazegoela. Egon bai, baina ezkutuan: gertatzen dena da http://www.txalaparta.com dagoela diseinatua dagoen moduan, eta irudiak supertxiki ageri dira. Baina azala handi erakutsi nahi badute, erantzukizuna eurena da; moldatu, erakutsi eta kito. Ez Facebook-eko horma itxien bestaldean... Bestalde horretara bazoaz, haien baratzera, zu moldatu haien baldintzekin! Nik neska bat pelotetan erakutsi nahi badut, neurean erakusten dut eta kito.

Horrez gain, duela hilabete edo orri oso bat liburuaz, ez dakit elkarrizketa edo zen Berrian. Bla bla bla asko, Gaztelaren inperialismoak Euskal Herritik uxatutako sorginen askatasuna eta holakoak... ez zen aipatzen orri osoan ea ze hizkuntzatan zegoen liburua (flipatzekoa ezta?). Galdetu nuen eta konfirmatu zidaten: gaztelaniaz da Sexual Herria. Ondoren, tuitetan komentatzen ari nintzela liburu hau gaztelaniaz zela, batek esan zidan Zigak sexilioan Bartzelonan 5 edo 6 urtean ez duela katalanik ikasi. Txortan egin zuela ematen du, ostera, eta pozten
naiz. Baina, liburuak ez du bakarrik sexuaz jarduten, baizik eta nonbait kontzientzia politiko-historiko-nazional baten kontuarekin nahasten da, eta, nire ustez, koherentziaren izenean, hori ez dago oinarri espainol horietatik abiatuz tragatzerik. Sartu, atera, ireki, tragatu, eta irentsi. Sexuaz ari bagara, ados. Baina beste hori, ba ez, nik ez dut tragatzen.

Eta purrustadarekin ere, esango dut, guztiarekin, gustatzen zaidala Itziar Zigaren diskurtsoa. Hiru mamu gaizto aipatu baditut post honetan (heteronorma patriarkala, Facebook, Espainia), onartu behar da lehenaren kontra erradikalki eta zorrotz ari dela; txalotzekoa deritzot horri. Ez dut esan nahi besteetan ere berdina eskatu behar zaionik (bereziki, ni neu beharbada uzkur eta konformista azaltzen naizenean hiru mamuokin) baina bai, bederen, zalapartan koherentzia estetiko pixka bat izatea ez litzatekeela txarra.

Edu Lartzanguren
Edu Lartzanguren dio:
2012/02/06 11:06

Sexua kontzientzia politiko-historiko-nazional kontuarekin nahastea tragatzea zaila iruditzen zaizu. Ez nau harritzen, baina asmakeria hutsa izateko badirudi tradizio luzea duela gaiak gurean. Are gehiago, badirudi Euskal Herriak ahalmen paranormal gisako bat duela beste herrialdetako jendea bi gauzok lotzera bultzatzeko. Dublingo University Collegeko Aintzane Lejarreta elkarrizketatu nuen aurreko batean. Kate 'O'Brien and The Fiction of Identity' saiakera idatzi du irlandarturiko bilbotarrak. Kate O'Brien idazlearen historia kontatzen du Lejarretak. Antza, Bilbon izan zen irlandarra gaztetan, 1920ko hamarkadan, eta Gaur Kafe Antzokia eta Sabin Etxea gertu dituen plazan, Irlandaren eta Euskal Herriaren askatasuna bere sexu askatasunarekin estu lotuta zeudela errebelatu zitzaion.

http://paperekoa.berria.info/agenda/2011-12-18/025/001/emakume_baten_iratzartzea_euskal_herriaren_metafora_da_kate_obrienen_lanean.htm

Luistxo
Luistxo dio:
2012/02/06 14:45

Eskerrik asko, lagunok, ekarpepengatik. Testu-sarketa den bezalakoa da blog honetan, eta HTML zuzena idatziz ez bada egiten ez da irteten ondo. Aipatu dituzuenei esteka jartzeagatik, horra: Eduk Aintzane Lejarretari eginiko elkarrizketa; eta Goiok aipaturikoak, euskaldunen ghettoarena, Goioren proposamen hura Ziga ohorezko lehendakari izendatzeko, eta esteka Arakis-en webgunera.

Goio Arana
Goio Arana dio:
2012/02/06 14:12

Atzo bukatu nuen Zigaren azken liburua. Aurrekoak ere irakurri izan ditut, eta, errepikapenak errepikapen gustura irakurri ere. Oraingoan ere kontuan hartzeko moduko liburua idatzi dut Zigak (akaso, alboragarria iruditu zait, hain justu ere, asmo transzendentalena duen atala: "En busca de la puta (vaska) perdida". Non nahastu egiten dituen arrak, sagarrak, legarrak, nafarrak eta inkisidoreek piztutako garrak. Hala ere, eskertzekoa bere diskurtsoa eta bera den modukoa azaltzea: "bollera rabiosa, exhibicionista y golfa".

Hala ere, neuri ere sortu zait antzeko kezka: zein hizkuntzatan egingo dugu (txortan) Sexual Herri horretan? izan ere, iruditzen zait askotan, transgresio jarreretatik, zenbait gairi gutxiegiko sentsibilitate erakusten zaiela. Hizkuntzari, esaterako. Bitxia da, baina, gure herria "Sexual" bilakatzeko ("reputifikatzeko") bidean "Euskal" ezaugarria galdu dugu :-( Nik, aukeran, gurago, Euskal Sexual Herrian.

Orain, bitxikeria bat. 2011ko martxoan, Itziar Ziga etorri zen hitzaldia ematera Arrasatera. Orduan, zebilen Devenir perra liburuaren gaineko aurkezpenak egiten eta argitu nahian zer den Transfeminismoa. Entretenigarria izan zen hitzaldia, eta bizipen pertsonal eta entzungarrietatik haruntz joanda, queer mugimenduaren ordezkari ezagunenei gainbegiratua egin zion. Bada, hitzaldia topiko galant batekin hasi zuen: "Arratsaldeon guztioi. Buenas tardes. Voy a hablar en castellano por que el sistema heteropatriarcal bien que se ha cuidado de hacer que perdiese mi lengua materna". Ala! harrituta geratu nintzen," Zeu ere, kontu horrekin, Ziga!?". Izan ere, dagoeneko euskaldunberri askotxo ezagutzen ditugu guztiok jakiteko hitz horien atzetik benetan dagoena: asko gehiegietan inpermeabilitatea edo interes falta (horren gaineko eztabaian polita sortu da Eskerrik asko ghetto lagunei postaren bueltan). Alde horretatik, nik gusturago entzungo niokeen (judeo-kristau) aitzakia usainik ez zuen bestelako arrazoirik, adibidez: "no he aprendido euskera por que no me ha salido del coño". Gainera, bitxia iruditu zitzaidan, baina, iruditu zitzaidan Sexual Herri gutxiegi zegoela hitzaldi haren protagonisten artean. Izan ere, egindako queer protagonisten errepaso zabalean ez zegoen tokirik bertakoentzat. Nago, Katalina Erausok, esaterako, merezi duela tartetxo txiki bat, edo bizirik (eta dantzan) daudenen artera etorrita, Arakisek berak, ala?

Esandakok esan, 2011ko otsailean uste nuen moduan, jarraitzen dut pentsatzen "Nire ametsetako Euskal Herri independentean", Itziar Zigak paper ona egingo lukeela Ohorezko lehendakari moduan. Hori bai, lanpostu horrek dakarren txoferra baliatzea nahi badu, derrepente, euskara ikastera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004