Oteiza tiriki-tauki
Euskarazko kantu eder baina enigmatiko bat igo nuen Euskaltubera lehengo batean. Erauzi nuen behin disko batetik,
eta Euskaltubera igo: gune honek audioa igotzeko jarri duen
aukera berria kristorena iruditzen zait.
Imanol Lartzabalek kantatzen du hor. Oroitzen diskoan azaltzen da, Paco
Ibañezekin batera. Ez dakit nire transkribapena guztiz zuzena den, baina hor behean doa.
Euskel sustrai
herri honen mamia non
dago?
hauxe duk nere ustea
ez cromlech, ez dolmenetan ez harri koxkor
zaharretan
itsaso bazter-etxetan ta mendi baserrietan
oraindik bizirik
bainan usakon (?) ilunpetan
estaltzera dihoakigun hizkuntza
gurea
mendi-mendian otea
botoi horiaz betea
Jorge de Oteiza hi
haiz
olagizonen semea
hire mailuak ordea
irudimenezko mailu
horrek
ez tiriki-taukirik
hutsa moldatzeko joak
ez baitute
soinurik
bihotzarentzat baizik
***
Oteizaren mendeurrenean (joan den asteartean) galdera batzuk zuzendu nituen kantu honetaz ingurukoen artean, eta hala jakin nuen egilea nonbait Antonio Valverde
"Aialde" dela, Antton Valverde kantariaren aita. Industria-gizona (Gráficas Valverde-ren sortzailea), pintorea,
intelektuala eta euskaldun berria izan zen Aialde; Zumalabe zaharra eta Karlos
Santamaria bezala, Donostian garai hartan zeuden euskaltzale familia onekoen
adibide argia. Poema hori kantu bihurtzen lehena Antton Valverde bera izan zen,
bere lehen disko txikian. Gero Imanol, nonbait.
Beste zalantza bat ere
banuen: Oteizaren "kontrakoa" da kantua? ala aldekoa? Niri iruditzen zitzaidan kritika zegoela
atzean: euskal arima ez dago Oteizak uste bezala kromletx eta harrietan,
hizkuntzan baizik, eta horra paradoxa, Jorgeren mailuak soinurik ez hizkuntza
horretan... Euskaraz jakin ez izanaren leporatzea ez ote zegoen iruditzen
zitzaidan niri. Lagun batek ere uste hori adierazi zidan, beste batek kontrakoa.
Gero, astearte horretan bertan, Euskadi Irratiko Mezularia programan bi aldiz jarri zuten kantua, Valverderen ahotsean, Nekane San Miguel tertuliakideak eskatuta. Oteiza zuten hizpide tertulian, eta San Miguelek esan zuen nola berarentzat Oteiza figura kontraesankorra zen: euskararik gabeko euskal izpiritua posible ote? Gaztetan kantu hori entzun eta gogoko izan zuela, eta han ere kezka hori agertzen zela. Oteizari kritika beraz, nik susmatzen nuen bezala.
Argazkiak.org | Altzuza, Oteiza museoa © cc-by-sa: Luistxo.F
Oteizaren Altzuzako museoan izan nintzen duela pare bat aste lagunekin. Argazki hauek atera nituen han. Ez zidan asko bete, ze Oteiza farsante samarra iruditu izan zait lehendik ere, eta are fartsa handiagoa bere lanekin egin izan dena (horra nire mezu parea aspaldi Eibartarrak zerrendan). Baina Altzuzako parajea ederra da, eta izatez, merezi du bisita. Arte modernoa txiste bat izan arren, barrezka disfrutatzeko modukoa den bezalaxe.
Azaroan izango duzue aukera polita Altzuzara izateko, ze azaroaren 1ean hasiko da han gertu-gertu dagoen Uharteko Huarte Arte Zentroko denboraldi berria. Hura doan da, eta han ere arte moderno txoro eta ikusgarria izango duzue. Denboraldi berriko instalazioen artean, geure semaren kontribuzioa. Kyungwoo Chun korearraren artelan batean parte hartu du gure Peruk.
Argazkiak.org | Kyungwoo Chun © cc-by-sa: Luistxo.F
Zera zen koxka, zapi gorri batean, zure "minaren" pisua jarri
harrietan, ipini izena, jaiotze data eta lekua, eta bildu. Zapiak, harriak eta
jarraibideak, hain zuzen, Altzuzako museoan zeuden bisitatu genuena, eta gure
ume koadrilak bete zituzten zapiak beren min asmatuekin. Esan bezala, Huarte
Zentroan, azarotik aurrera ikusgai hori. Irailera arte egondako erakusketen nire
kronika, beste artikulu honetan. Bi kulturetxe handi hauek, Uhartekoa eta Altzuzakoa, oso gertu daude elkarrengandik, ikusi mapan. Bisita bikoitza merezi du, beraz.
Gaurko rollo hau kultureta amaitzeko, beste
kantu batzuk Imanol eta Paco Ibañezen disko horretatik:
- Heriotzaren Begiak. Cesare Paveseren poema ilun bat da, agian Xabier Letek musikatua eta euskaratua. Hitz originalak italieraz hemen, eta gaztelaniazko itzulpena ere hemen. Pavese Oteizaren kintoa zen: bere jaiotzaren urteurrena irailean izan zen. Suizidora bidean idatzitako poemetako bat da Heriotzaren Begiak.
- Pello Joxepe: Honetaz, hemen hitz egin dut berriki gaztelaniaz eta lehenago ere bai beste hizkuntza batzuetan. Paco Ibañez 60ko hamarkadan Israeldik igaro ondoren, hango kantari batek plagiatu ziola, eta Israelgo "himno apokrifoa" da harrezkero Urrezko Jerusalem. Loturan entzun daiteke, ez plagiaristaren bertsioan, beste kantari batenean baizik.
Kantu hauen loturetan, eta Oteizari dedikatutakoan ere bai, ez bakarrik dago aukera kantua entzuteko: klikatu AUDIOA ESKURATU loturan, eta mp3 bat zure ordenagailura jaitsiko da. Ez horregatik.
Poema Antonio Valverderena da, eta osorik honela da:
Munduz mundu ibili ondoren/aingura bota duk azkenik hemen,/Urantzu-Irunen,/Oteiza lagun, anaia,/erti-aitzindari sutsua.
Eta Frantziarako Abenidan/eraikitako etxean/lantzen ari haiz orain./ Hor labratzen duk airea,/ Hutsari itxura emanez/ harri eta burni tartean.
Hire gogoa/ ez zaik kabitzen barnean,/ irten baitzaik begitik,/ iletik, eskutik, larrutik, /ta batez ere ahotik/ mintza ari haizenean.
Oteizaren soina/ kalez kale dabilenean/ —arno biziaz suspertzeko—/ Oteiza-gogoa/ lantegian gelditzen da,/ harri baten hutsunean/ kokaturik,/ atseden hartzen bakean,/ Isilaren doinu eta/ Hutsaren musika aditzean.
Euskal sustraia!/ Herri honen mamia non dago?/ Hauxe duk nire ustea:/ ez kromletx ez dolmenetan,/ ez harri koxkor zaharretan...
Itsaso-bazter etxetan/ ta mendi baserrietan,/ oraindik bizirik bainan/ Huts sakon ilunpetan/ estaltzera dihoakigun/ hizkuntza gurean...
Mendi-mendian otea/ botoi horiaz betea,/ Jorge de Oteiza, hi haiz/ olagizonen semea.
Hire mailuak ordea/ —irudimenezko mailu horrek—/ ez tiriki-taukirik,/ Hutsa moldatzeko joek/ ez baitute soinurik/ bihotzarentzat baizik...
http://www.basquepoetry.net/poemak/0165.htm
Baliteke Ayaldek Oteizari eginiko kritika izatea poema hau, baina, era berean esango nuke, gorazarrekoa ere badela eta halakotzat har daitekeela, eta asko kiribiltzea izan daitekeen arren, azken estrofa har daitekeela beste aldera ere: hire tiriki-tauki mutu horiek, "bihotzek" (arimek?) bakarrik dizkitek aditzen... . Bestalde, Luistxo, esaten duk "euskal arima ez dago Oteizak uste bezala kromletx eta harrietan", baina jakin behar duk, kromletx horietatik datorren sinbolismo karga guztiaren gainean bezala, beste hanka bat jartzen ziola Oteizak "euskal arimari" eta, hain justu, hizkuntzarena zuan. Oteizak ez zian harrietara mugatzen gure nortasunaren oinarria. Paradoxarik ez, beraz, nahiz eta Oteizak, euskaraz ez jakin, askok uste baino gehiago zekien arren. Beste kontu bat dok hark egiten zuen hizkuntzaren "erabilera estetikoa" zientifikoa zen ala ez, batez ere NOCIONES PARA UNA FILOLOGIA VASCA DE NUESTRO PREINDOEUROPEO liburuan. Nik ezetz uste joat, ez zela zientifikoa, eta kasu honetan berdin diola gainera, azken finean Oteizaren ekarria —baita hizkuntzaren azterketaren ingurukoa ere—, ez baitu linguistikak aztertuko, Estetikak baizik. Eta hori beste kontu bat dok, mon ami.