Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Nunca mais 'Nunca mais'

Nunca mais 'Nunca mais'

Luistxo Fernandez 2007/04/24 16:57
Igandean 900 metroko altuera igo, eta Larraitzetik Txindokira iritsi nintzen pare bat ordutan. Ez du meritu berezirik izango, ze gailurra eta bidea jendez gainezka zegoen, baina neu bezalako ezkirol deklaratu batentzat bada nolabaiteko marka.



Aitatasunaren gauzak. Semea Antiguako Jakintza ikastolako aisialdi talde batekin eta guraso elkartearekin ibilaldietara irteten da zenbait igandetan, eta bi aukera geratzen zaizkizu, edo beste guraso batzuekin joaten uzten diozu edo zeuk eramaten duzu... Mutilak animo handirik ez du behar mendira lagunartean igotzeko, ziztu batean abiatzen da aurrean zer duen inporta ez zaiola, eta bakarrik ere joango zen, baina zer pentsatu behar du aita gaixoaz etxean geratzen banaiz... Ai ene, zeresango ditxosoaren mendean ere jausi gara, eta mendizale bihurtu, disimuloagatik edo!

Kirol dendan ere erosi nituen, neurri aldakorreko mendi makila moderno horietakoak... Denak horiekin dabiltza eta! Baina, ez naiz moldatzen. Astesantuan, egurrezko makulu handi bat aurkitu nuen, Done Jakue bidean erabiltzen diren horietakoa, eta harekin hobeto nabil. Beste gailu batzuekin ere hornitu dut nire burua. Bereziki, GPS-arekin. Bueno, honek ez du lotura zuzenik ibilaldiokin, ze beti taldean goaz, jende mordoa, eta bidearen jakitun diren gidariekin: ez dago galtzeko arriskurik. Baina, tira, lanean Tagzania egiten ere badihardugu, mapak, bideak eta geografia pertsonala lotu guran Interneten, eta horrekin ere trebatu beharra dago. Horra bigarren aitzakia bat alpinista bihurtzeko.



Mendiaren gailurrera iritsitakoan esan nion lagun bati. Ateraiguk argazkia, bazeukat-eta izenburua: Nunca Mais. Baina ez dakit, honezkero, lartxo esatea ez ote den. Nekezago dut orain esatea, "iturri honetatik ez dut edango"... Adinak ere ekarriko du, beharbada, esaldi eta baieztapen absolutuetan konfiantza gutxiago izatea. Era horretako beste bat, Lauaxetaren hura. Dana emon biar yako matte dan azkatasunari. Ez dakit bada, maite den askatasunari dena eman behar ote zaion... Dena, dena... asko da hori. Betiko esatea bezainbeste.

Txindokiko, beheranzkoan, ño, kostatu zitzaidan... ai nire belaun gaixoak! Zer ez du egingo aita batek seme-alabengatik!
Patxi
Patxi dio:
2007/04/25 03:40

Argazki zoragarria, mendi zoragarria, eta borondate are zoragarriagoa.

Dana dana ezin emango zaio askatasunari - helburuak askatasunaz gozatzea izan behar baitu - baina heroi bihurtu zera zure seme-alaben begietara.

Ni oraindik ez naiz mendi-irteera bakar batera jun neureekin, zer esango ote dute neregatik...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004