Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Minaren Unitatea

Minaren Unitatea

Luistxo Fernandez 2024/01/27 11:43
Testu hau audio pieza bat egiteko sortu nuen, Ttap aldizkarirako; baina oraindik ez da han argitaratu hurrengo alean izango da, hurrengo asteburuan. Baina tira, nola tartean ebakuntza bat dudan, gaixotasuna aurkitu didatelako, ba aurreratzen naiz testuarekin ze Twitterren ere jakinarazi nuen eta... tira, hor konpon.
Minaren Unitatea

Bitter Sweet Symphony that's life.

Koloneko minbizia aurkitzen badizute Donostian, Minaren Unitatea deritzon toki batean esaten dizute osasungintza publikoan. Hipokresiarik gabeko izena eskertzen da, okerragoa litzateke Animo Gazteak Unitatea edo Gure Esku Dago eta Ahal Dugu Unitatea izatea. Aurre-abisuarekin zoaz, unitate izenak ematen dizulako pista bat, baina hala ere sustoa hartzen duzu, nik hartu nuen bezala.

Lagunen batzuek ere hau entzun edo irakurritakoan hartuko duzue sustoa ere. Tira, aldez aurretik grabatutako pieza bat da, eta irteten denerako Ttap-en, uste dut kirofanoan edo handik irten berri izango naizela. Eta osatzeko bidean.

Nik uste dut dena ez dabilela hain gaizki, ze minik gabe, sintomarik gabe, osasun publikoko anbulategiko txirrina neuk jo gabe aurkitu didate koloneko tumorea. Osakidetzak jo zuen neure etxeko txirrina, ez aldrebes. Arazketa edo proba periodikoak egiten dituzte adin batetik aurrera, etxera gutuna bidalita, eta lehen analisi susmagarri batetik, beste proba gehigarri bat eta horrela. Gehiegi hazi ez den eta minik ematen ez duen polipo oker bat omen, kirurgiak kendu dezakeena. Kendutako odoloste-pintxoa analisatu behar da, dena dela, eta horren arabera kimio tratamendua egitea ere posible da. Edo ez.

Minbiziak gazteegi hil dituenak ezagutu ditut (ama, anaia), eta gainditu dutenak ere bai (arreba, lagunak). Azkar aurkitu izanak bigarren multzotik gertuago jartzen nau, espero dut, baina hori ere luzapen bat izango da azken batean. Hori jakinik, inoiz adierazi dudan bezala, mesedez “bakar mutu leizera jaitsiko garenean” nire hondarrak jar ditzatela Il Gesù elizan, Erroman, San Inazio gure patroi handia hilobiratuta dagoen tokian. Ahal izanez gero hori. Eta bestela, B planen bat bururatuko zaigu.

Gaurko amaitzeko, aipu azkar bat: esaten dute badagoela Kolon pasealeku bat Donostian. Mesedez, extirpa dezatela izena, mutur batetik bestera oso-osorik, eta Txillardegirena jarri. Udal liburutegiari bai, baina pasealekuari ere bai.

PD1. Testua idatzi eta grabatu nuen, gainera, jakin gabe emazteak zer pasatu behar zuen... zer gainditu duen azken egunotan. Eskerrak osasun publikoa baden oraindik inguruotan, eta horko profesionalen lana...

PD2. Blog post honen irudiaren azalpena: Gaixotasunaren kontrako borroka topiko heroiko gerlariz marraztea nahiko ohikoa da, borondatea eta barne-indarra eta bla bla. Ez dut horretan asko sinesten (nahiz eta errespetatu gaixo batzuek aldarte hori berena egitea); egingo dut medikuek esaten didatena, eta ea zer irteten den, 1. postdatan esan bezala, Osakidetza esistitzeari eta bertako profesionalei eskerrak ematen. Baina gainerakoan, nire rollora jarraituz ekingo diogu datorrenari, borde/ironiko samarra izaten, The Verveko kantaria Bitter Sweet Symphony bideoan bezala, ez baitzait iruditzen protagonista gudari bat denik, iruditzen zait txantxa akojonante baten protagonista bat dela... espiritu horrekin bat eginez, ieup!

e-gor
e-gor dio:
2024/01/27 18:41
Ostras, Luistxo... Ondo joan dadila dena eta animo!
Oier G
Oier G dio:
2024/01/27 22:37
Besarkada estua! Baiña... errautsak nun, eta eliza baten??? Harrittuta geratu naiz horrekin, beti sorprenditzen nozu.

Nik neuk, kristo guztiari esanda detsat, nere hilleta zeremonixia "La Barbacoa" musikiakin izatia nahi dotela, errautsak komunian bota eta bonbiari tirauta. Baiña ez nabe serixuan hartzen!!
Leire
Leire dio:
2024/01/29 12:46
Berba gitxi topatzen dittut halakuetan,animo esatia besterik ez.
Baiña umoria arma ederra da, beraz segi holan. Eta gora osasungintza publikua!
iturri
iturri dio:
2024/01/29 21:58
Horrelakoetan askotan gogoratzen naiz Joxe Aranzabalen "Medikuak esan dit minbizia dudala".

Dena ondo joatea espero, Luistxo
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/01/31 19:04
Eutsi goiari, Luistxo, eta gauzak nola joan diren jakitean kontatu zerbait mesedez, urduri gaude hemen Irungo Kolon pasealekuko Kolon kafetegian. Ea hauei ere izena aldatzen dieten: Sendatu gara pasealekua eta Topa dagigun kafetegia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004