Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Maunam, anaia nagusia

Maunam, anaia nagusia

Luistxo Fernandez 2024/03/30 09:56
(Lehenengo eta behin, aurreko post-etik informazioa: ondo joan zela ebakuntza, eta koloneko minbizia kendu didatela) -- Eta orain, ba asteko anekdota bat, labomatikan bezero batekin izandako elkarrizketatik.
Maunam, anaia nagusia

Labomatika honetan makinen instrukzioak ere euskaraz daude. Salemek eskertzen du.

Arropak larritasunez lehortu behar ziren, eta auzoko labomatika, labanderia, laundrette edo garbitegi autozerbitzura joan nintzen. Bertakoa izateko itxura zuen beste andrazko bat zegoen, eta gizon beltz gazte bat arropa mordoarekin... Garbigailuan gauzak sartzen, halako faja handi bat sartu zuen, eta, azalpenak ematera behartua sentitu zen edo: ez zela berea, gimnasia klaseak ematen dituela, eta faja hori andrazko bezero batentzat erosi duela hari emateko... Gaztelania moduko batean esan zuen hori, baina gehituz euskaraz: "Egia da, bai, egia da".

Andrazko ustez indigena irten zen, eta hari ere agurra euskaraz egin izan, "ondo izan, bai, agur". Orduan galdetu nion ea euskaraz bazekien, eta bai, nahikotxo, saiatu eta ulertzeko moduan. Nik frantsesez baino hobeto, elkarrizketarako hizkuntza hori nahiago baitzuen gizonak. Baina euskaraz eta gaztelaniaz jardun genuen.

Salem du izena gizon horrek.

Kontatu zidan Mauritaniakoa zela. Euskal Herrian ez duela arrazismo handirik topatu, baina bai klasismo handia. Arrazismo handiagoa Espainian, eta Mauritanian ere, hango hegemonia hasania arabiarrak afrikar herri beltzak oso gaizki tratatzen dituela. Herri horietako bat da Fula herria, Salemen etnia, zenbait izenekin Sahel eta Afrika mendebalde osoko herrialdeetan zabaldutako herri bat.

Ibrahima Balderen herria eta hizkuntza da Fula, baita ere. Miñan, anaia txikia, Europarako bidean galdu zuenaren istorioa ezagutzen dugu, Amets Arzallusekin idatzitako liburua tarteko. Salemek ez zuen liburua ezagutzen, baina argazki batean Ibrahima eta Ametsen aurpegiak ezagunak egin zitzaizkion.

Ez da kointzidentzia bakarra, tamalez, hizkuntza eta herria partekatzearena.

Terminoari dagokionez, miñam ahoskatu zidan Salemek, bere aldaera (Ibrahima Gineakoa da, pentsatzen dut egoera dialektal zabal bat duela fula hizkuntzak). Eta... Afrikatik etorri zela berak ere anaia galdu zuela esan zidan, Libian, anaia nagusia kasu honetan, maunam.

Bostekoa emanez elkarri agur esan genuen. Garbitegitik Bagera-ren euskarazko eskola edo mintzatalderen batera zihoala esan zidan. Baina pistatxo bat ezagutu nahi duenarentzat: Donostian kalistenia/fitness eskolak edo training nahi baduzu, Salem prest dago emateko. Bera super-fit dago, gihartsu atletiko, erreferentziak balio badizu... Interesa duenari pribatuan emango diot kontaktua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004