Krismas partikular bat Ekaingo zaldiekin
Urte batzuz izan nuen ohitura krismas partikular bat jartzeko blog honetan. Gero eten egin nuen tradizioa. Itzul bedi aurtengoan, probisionalki bada ere, honako irudi honekin. Przewalskiiren zaldiak dira, Ekaingo zaldiak:
Aurtengo udan opor zoragarri batzuk egin nituen seme-alabekin. Washington DC ezagutu genuen. Hiri eder eta ikusgarria. Zoologikoan, adibidez, ikusi genituen aurrez aurre gure bizitzako lehen pandak. Baina haiek baino inpresio zuzenagoa egin zidaten Przewalskiiren zaldiek.
Zaldi basatiaren arraza benetakoa. Ileak tente lepoan, leizezuloetan gure arbasoek marraztu zituzten zaldiak dira horiek. 19. mendean Asia erdialdean bizi ziren azken saldoak, eta haiek deskribatu zituen Przewalskii esploratzaileak. Zaldi basati haiek desagertu egin dira naturan, hala ere. Baina duela gutxi, askatu egin dituzte zooetan hazitako batzuk. Adibidez, goiko irudikoak Pragako zoologikoan jaioak dira, eta une honetan Mongolian bizi dira libre.
Ekaingo zaldien irudiak badu zerbait, barrena ukitzen dizun zer bat. X10 artista anonimo euskaldunak bere txantiloietan ere erabili du (Santimamiñeko bisontearekin batera) grafitiak egiteko kale-bazterretan, eta udazkenean EuskalBanksy bikain hau ezagutzeko parada izan genuen. Txantiloia alabari ere pasatu zion, eta Lilik Ekaingo zaldiak eta Santimamiñeko bisonteak pintatu zituen horrela, laranjaz eta arrosaz. Bera ere EuskalBanksy da.
Dokumental bat ere ikusi dugu duela gutxi. Ahaztutako ametsen leizea. Chauvet leizezuloari buruzkoa, guztiz gomendagarria. Han ere Przewalskiiren zaldiak daude, eta errinozeroak, eta lehoiak ere bai. Eta 32.000 urtekoak dira irudi horiek. Hau da, Ekaingo zaldietatik X10en zaldietaraino 10.000 urte daude; baina Ekaindik atzerantz, Chauvet-eraino... 20.000 urte daude!
Ondo igaro ditzazuela denok Gabonetako egun hauek. Przewalskiiren zaldien irudiekin egin dezazuela amets. Ekaingo eta Chauveteko artisten eta gaur egungo banksyen alde egin ezazue topa.