Kafe Txinatarra, Asier Hormaza eta Kandido Urangarekin
Euskarazko antzerkia ikusten izan nintzen asteburuan. Kafe Txinatarra, Txalo Produkzioen lana, bi aktore taula gainean, Asier Hormaza eta Kandido Uranga. Bi aktoreen lana bikaina iruditu zitzaidan, profesional euskaldun primerakoak dira. Baina antzes-testuak apur bat ase gabe bezala utzi ninduen.
Ez naiz batere espertoa, baina badirudi Ira Lewis-en aktore-lanari zukua ateratzeko pieza bat dela (zinera ere eraman izan da Chinese Coffee), tete-a-tete interpretatibo bat, eta gaiaren aldetik ere, kreazioaren eta testu baten ibilbide zailaren inguruko hausnarketak ere baditu bere baitan. Oso teatrala beraz. Istorio hori gorpuzten, dialogoetan ñabardurak eta txinpartak ateratzen, elkarrekin eta elkarren kontra imintzio eta errepliketan, Uranga eta Hormaza oso oso ondo. Baina era berean, ai, sentsazio bat barruan, teatraltasun hori teatreroei erakargarri izan arren, ez ote den apur bat hotzagoa publiko orokorragoarentzat. Nik halaxe sentitu nuen, kontraste egin zidan barruan abenduan ikusitako beste bi piezarekin (La Revoltosa zarzuela eta Arra Arraroa, Oier Guillanena), zeinak ikuslearen (neure) gozamenerako lan gisa hartu nituen.
Enfin, 2012tik tumblr bat ere badut eta bertan kontsumitzen dudan kultura aipatzera behartuta sentitzen naizenez, han erreferentzia gordetzeko, hemen berba hauek idazteko beharra sentitu dut.