Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Josteko makinak, benetakoak

Josteko makinak, benetakoak

Luistxo Fernandez 2025/02/07 16:33
Artikulu interesgarria irakurri nion duela egin batzuk Beñat Erezuma adimen artifizialean aditua den dibulgatzaile euskaldunari. “Josteko makinak” zuen izenburua. Nik ere gai berarekin idatzi dut honako hau, ñabardurarekin ("benetakoak"), ez Erezuma faltsukeriatan ibili delako, metafora trebe bat erabili zuelako baizik, eta ni metaforatik egiazko objektuetara pasatu naizelako honetan.
Josteko makinak, benetakoak

1959ko josteko makina bat, Alfa 2000 bat, Eibarren egina.

[Beste ohartxo bat, Ttap aldizkarirako grabaketa bat izan da artikulu honen oinarria, eta asteburu honetako alean irten da. Hona testua dakart.]

Itzul gaitezen bada, Erezumaren "Josteko makinak" artikulura. Hasten zen luditen historiarekin, nola “ehuntzeko makinak” suntsitzen hasi ziren lana kentzen zutelako. Eta, haritik ondo ekarrita, lotzen zuen hura Erezumak Adimen Artifiziala (AA) gaur egunean egiteko erabiltzen diren sistemekin, “josteko makina berriak” deitzen zien artikuluan, eta zioen gakoa makina horien jabetzan egongo dela, eagutxi batzuenak izango diren gizartea josteko makina berri horiek, edo horien kontrola askorena eta deszentralizatua izango den.

 

Arrazoi du: gakoa dago jabetzan, ez bakarrik josteko makina metaforiko horietan, baita ere josteko makina ohikoetan ere. Ze esistitzen dira oraindik.

Gure aitaren lan nagusia izan zen urteetan, Alfa makinak egitea (lehen soldatak BH pistolak egiten irabazi zituen arren). Eibarren inportanteak ziren Alfa josteko makinak; obrero soldatak txikiak ziren, baina segurtasun bat ematen zuen Alfak, ekonomatoa, eskolak, udalekuak ere bai, ezkontzeko ziurtasunak. Neu, eibartar hau, hortik nator, josteko makinetatik.

Eibarko Alfak (eta Elgoibarko Sigmak eta beste markak ere) inportanteak ziren halaber beste plano ekonomiko batean ere: etxe bakoitzean bana zegoen 1960ko hamarkadan. Arropak iraun zezan, josi eta berjosi egiten zen. Gure amak egiten zuen hori, eta enkarguzko lanak ere bai, ekonomia informala edo.

60 urteren buruan, non daude josteko makinak? Alfak saltzen ditu, baina Txinan egindakoak eta etiketa jarrita gainetik, oker ez banago. Eta etxeetan geratzen dira? Nekez. Zer gertatu da, akaso ez dugu jositako arropa erabiltzen?

Beñat Erezumak adimen artifizialeko makinez esandakora itzul nadin: jabetzan dagoela gakoa. Eta horra datu ezaguna baina akaso ustekabekoa: Europako gizonik aberatsena josteko makina gehien dituena da, Amancio Ortega, Zara/Inditexen jabea. Josten digute arropa, ez amen Alfa makinek, Inditexen makinek baizik, eta Zaran erosten dugu gero.

Alfisten seme-alabak gara batzuk, baina josteko makinak egitetik nekez bizi gaitezke, onar dezagun. Baina beste gauza batzuk egiten baditugu ere, softwarea edo tresna teknologikoak adibidez, pentsa dezagun jabetzaren gakoetan, kontrolean, dezentralizazioan... eta historian.

 


 


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004