Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Gure gatzaga meditarraneoak

Gure gatzaga meditarraneoak

admin 2024/11/16 17:41
Euskal Herriko gatzagen inguruko gauzatxo batzuk jarraian. Zeren ezagutza bitxi eta batzuentzat arkanoen jakinminak xaxatzen nau batzuetan, eta Wikipediara jotzen dut, ea asetzen dudan. Baina batzuetan, datu jakin horiek bertan aurkitu ez, eta are wikipatia larriagoak jotzen nau: norberak bete behar hutsune hori entziklopedian...
Gure gatzaga meditarraneoak

Jaizko gatzagak, Nafarroan.

Halaxe jardun dut, apurka apurka, Euskal Herriko gatzagen inbentario bat egiten. Gesaltza edo Añanakoak ezagutzen ditugu gehienok, erakarpen turistiko bat bilakatu dira, baina Nafarroan badira beste bi aktibo Jaitzen eta Aguilar Kodesen; eta 20. mendera arte dozena bat egon izan ziren martxan, gatzuna lurrentzetik gatza ekoizten zuten instalazio tradizionalak. Gehientsuak dokumentatu ditudala uste dut, baina baliteke hutsunerik izatea. Eta gogoa dut Aguilar Kodeskoak datorren urtean bisitatzeko, oraindik aktibo diren ezezagunenak, nonbait familia ustiatzaile bakarraren enpeinuarekin martxan.

Dozena bat gatzaga horietan, marra bat egin daiteke ipar-hego bereizketa argi batekin. Iparraldera geratzen dira bi, beste hamar hegoaldera; oso distantzia txikian, baina banaketa ebidente batek bereiziak: uren banalerroak erabakitzen du.

Bizkaiko Itsasoko edo Mediterraneoko isurialdeetan kokatutako putzu eta errekastoetako gatzun edo ur gazia lurruntzeko bi metodo determinatzen dira horrela. Iparraldera, Leintz-Gatzagan eta Nafarroa Behereko Ugarreko gatzaga desagertuetan ura irakin egiten zen dorla edo galdara batzuk sutan jarrita. Leintz-Gatzagan zortzi dorla zeuden (eta gaur egungo museoan dorla berriak ere erabultzen dira erakustaldietan), eta Aintzila eta Ezterenzubi arteko paraje baxenabartarrean, 29 egon ziren, bakoitza familia baten kontzesioa. Hegoaldeko beste hamar puntuetan, ostera, eguzkitara jarritako larrain edo koadroetan naturalki lurruntzen zen eta lurruntzen da oraindik ura.

Dorlak.

Euskal Herria ez da handia, eta klima ñabardurak isurialdeetan egon badaudela badakigu (baita mendialde eta haranen artean). Hala ere, arreta deitu dit kilometro gutxiko distantzietan jarduera ekonomiko funtsezko bat mendeetan nola baldintzatu duen klimak. 

Eta, kopuruz besterik ez bada, hegoaldeko gatzagak, lurrunketa naturalekoak, mordoxka bat gehiago izan dira. Mediterraneoko isurialdekoak. Lurraldez ere, gure herria, alderdi honetatik zabalagoa baita, mapari erreparatzen badiogu.

Irudipena dut gainera, eta hau susmo pertsonal bat besterik ez da, gure herria, atlantikoa eta bikingoa baino gehiago, meditarraneoa dela, etruskoa, anatolioa, pixkat fenizioa. Hau adierazteko froga handirik ez dut, baina gatz pixka batekin hornitu nahi nuen Ttap aldizkarirako egindako iruzkin bat, eta horixe da irten dena.

PD1. Bide batez, tresna berezi bat ikus daitekeena Gesaltzan, Artetan eta Aguilar Kodesen: trabuketea. Jakizue trabuketea sailkatu dela EH Historia 100 Objektutan gauzara.

Trabuketea bada, baita ere, katapulta mota bat izendatzen duen terminoa (fr. trebuchet). Iñaki Perurenak dauka bat bere terrenoetan, arrazoi esoterikoak direla medio.

PD2.  Aguilar Kodesera datorren urteko udan joan beharko da baten bat argazkiak egitera ea geratzen den trabuketerik eta gatzagarik... 21. mendeko albiste eta argazkiak badaude tokiarenak, baina ustiatzaile bakarrari esker eusten dio tokiak, nik uste. Ea ba.


Amatiño
Amatiño dio:
2024/11/17 11:47
Diozunez, “susmo pertsonal bat besterik ez da, gure herria, atlantikoa eta bikingoa baino gehiago, meditarraneoa dela”. Susmoa? Kontua litzateke jakitea zein den zuk diozun “gure herria”. Debako hondartzatik Leintz Gatzagaraino 50 km. besterik ez daude. Baina Leintz Gatzagatik Jacara, 225 km.

Erromatarren Ebroa (Iberus flumen) baldin bada euskal ibairik garrantzitsuena, bizkaiera Araban sortu bazen (Koldo Zuazo), bide bazterreko bidea “oraintsukoa” baldin bada (Elena Osoro), eta baleen arrantza bart iluntzekoa (Zirikiain-Gaiztarro)… zertaz ari gara?

Bikingoak? Nabarmen gehiago arabiarrak!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004