Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Gure aita Ezkurdi plazan, Durangon

Gure aita Ezkurdi plazan, Durangon

Luistxo Fernandez 2011/03/31 17:19

Hemen beheko argazkian aitarekin nago. Durangoko Ezkurdi plazan, 1997ko martxoan. 60 urte betetzera zihoazen Durangoko bonbardaketaren urteurrenekoak eta erreportaia sorta neukan esku artean, Euskaldunon Egunkarian egin beharreko lanetan. Josu Chueca historialariarekin idatzi nituen haiek, eta erreportaia bakoitzerako lekuko biziak aurkitu genituen. Adibidez, bizirik zen lehen Eusko Jaurlaritzako azken sailburua elkarrizketatu genuen, Gonzalo Nardiz (EAE-ANVkoa). Gero liburua argitaratu zen: Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Martxoko erreportaia tokatu zenean, Bizkaiko 1937ko ofentsiba kriminalarena, Durangoko bonbardaketaz berba egiteko lekuko errazarengana jo nuen: aitaren hitzak sartu nituen erreportaian, eta argazki hau ere bai, banidade apur batekin (ez dut damurik, dena den).

 

Horra aita eta biok, hegazkinak nondik iritsi ziren kontatzen. Une horretako eszena bizi-bizi zeukan eta dauka orain ere memorian aitak, 89 urterekin (gerran 15, argazki horretan 75). Baina ez genuen susmatzen, ez aitak eta ez neuk, eszena hori, une horixe bera, argazki batean ikusiko genuenik sekula.

 

Eta, hara!, aste honetan azaleratu da argazkia. Gerediaga elkarteak ekarri du Italiako artxibo batetik. Argazkia  puntu kardinalekin lerrokatu dugu Sustatun, eta neuk gero, Ezkurdi plaza markatu dut gorriz beste irudi honetan

. Hortxe bota zen lurrera aita, eta lehen bonba-pasadaren ostean, jaiki zen, zauri barik, hondakinez inguratuta. Irudiari begiratuta, txiripaz irten zen bizirik. Gaur bete da bonbardaketaren urteurrena; argazkia atzo komentatu genuen etxean.


Sustatun artikulua idatzi dugu irudi horren inguruan
, eta beste bat Gerediagak azaleratutako beste lauzpabostekin. 100 inguru dira guztia. Pozten naiz publiko egiteko gogoz dabiltzalako Gerediagakoak. Ingelesez ere idatzi dut honetaz, eta espainolez ere bai

.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.