Gotzon Elortzaren dokumentalak: kontserbazioa eta P2P banaketa
Lagun batek utzita, duela 50 urteko euskarazko hiru film zaharberritu ikusi ditut Gabonetan. Lekukotasun historiko bat euskarazko zinemagintzan. Gotzon Elortza bizkaitarrak egin zituen dokumentalok, Eregatik Matxitxakora (1959), Aberria (1961) eta Elburua Gernika (1962).
Euskadiko Filmategiak zaharberritu zituen lanok, zenbait erakunderen babesarekin (haiek ordainduta, suposatzen dut). Eta irailean Berriak doan banatu zituen DVD batean egunkariarekin.
Hala ere, ohar larriarekin datoz dokumentalak, etxean bakarrik erakusteko, ez egiteko ikustaldi publikorik, kopiak egitea debekatua... Ohiko kaka anti-pirata hori. Gotzon Elortzaren material hau gogoan galdera egin nion Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezi urrian izandako Pintxos & Blogs topaketa batean, ea BitTorrent bidez beraien materiala zabaltzen hasi behar ote ziren. Puntalakurloaren urazpiko dantza sinkronizatuaz galdetu izan banio bezala izan zen: ezta okurritu ere halakorik.
Ondarea gorde eta artxibatzeko orduan, tic zaharrekin jarraitzen dugu hein handi batean. Ingelesen Magna Carta original famatua, erregeren jauregiko gela batean zegoen gordea, haren testua inork ez zezan nahastu. Baina 18. mendeko iraultza amerikarretik dakigu (edo jakin beharko genuke), gaur testu baten osotasuna ziurtatzeko metodoa ez dela gordailuko kopia bakarra, baizik eta masiboki produzitu eta banatutakoa: halaxe egin zuten iraultzaile amerikarrek beren deklarazioarekin, inprentaren erabilpen zabal batekin, ziurtatuz haien hitzak beren zentzu zorrotzenean ondo zabalduko eta gordeko zirela. Masiboki banatzea, ale bat gordetzea baino efektiboagoa baita. Eta ikus-entzunezkoetan, ez dago bitTorrent baino banaketa sistema egokiagorik. Gordetzaileak horretaz jabetzen ez diten bitartean, jai dugu. Ondo egin dute kultura arduradunek Elortza eraberritzen eta digitalizatzen. Baina oraindik egiteko dago bidea banaketan, zabalkundean, kulturaren hedapenean eta kontsumoan. P2P banaketa digitalak kontserbazio prozesuen parte izan beharko luke.
Zorionez, copyright ohar estupidoei kasurik ez egitea erabaki duen jendea dago sarean, eta hiru dokumentaletatik bi, behintzat, sarean daude: Aberria eta Elburua Gernika. Youtubetik jaitsi ere egin daitezke, Download Helper erabilita.
Bide batez, konparatzeko modukoak dira Aberrian ikusten den baserri-giroa (Jon Lopategi gazte bat bertsotan adibidez; hemen behean itsatsitako bideoan) eta, 50 urteren buruan, Yogurinha Borovaren baserrikoa.
Durangoko Azokan Irudienea gunean jarri zituzten hiru dokumental eder hauek eta haiek ere Berria egunkariaren bidez lortutako DVD baten bidez jarri zituzten. Gotzon Elorza joatekotan zela eta (azkenean malakin jarri zen eta ezin izan zen joan) arraroa gertatu zitzaidan. Argi dago Euskarazko kalitatezko materiala badagoela, baina zabaltzeko ditugun tresnak aprobetxatu ordez ezikusiarena egiten dugula.