Gernika Bonbapean telefilma
Gonbidapen batekin joan nintzen atzo Gernika Bajo Las Bombas telefilmearen estreinaldira. EITBk eta ekoiztetxe pare batek produzitu dute, eta lagun batek lan egin zuen bertan, Ane Muñoz zinegile eta zutabegileak (script gisa). Duela hilabete batzuk etxetik gertu (Aieteko jauregian, Donostian) filmatu zituzten eszena batzuk, eta horretara gonbidatu gintuen ni eta umeak Anek; esperientzia bitxia izan zen guretzat. Orain doble eskertu behar diot Aneri estreinaldirako gonbidapena.
Telebistek euskal historiaren inguruko pseudofikzioekin egindako lanekin apur bat mesfidati joan nintzen, baina tira, hainbestean. Gertu sentitu nituen, etxean ere entzun ditudalako, gerrako gogorraren miseriak, eta hunkitu egin ninduen horrek pentsatzen nuena baino gehiago. Kaleko andre-gizonen eta pertsonaia historiko batzuen agerpena ere ondo nahastua dago.
Source: sphotos-a.xx.fbcdn.net via Luistxo on Pinterest
Huts asko ere baditu filmak, baina uste dut hobeto emango duela bi ataletan telebistan, zineko atzoko bertsioan baino. Pelikula espainolez da, eta Gernikako kaleetan 1937an bizkaieraz espero zitezkeen elkarrizketak, hortaz, faltsu samarrak suertatzen dira horretan.
Ñabardura historiko bat: Amaierako azalpenen artean diote Mola handik hilabete batzuetara hil zela. Ba ez. Hilabete batzuk ez baizik eta aste gutxi batzuk (Gernika apirilaren 26an, Molaren heriotza ekainaren 3an), gogoan baitut aitak kontaturiko pasadizoa: oraindik Euzkadi libre eta errepublikarrean zirela, Bilbon errefuxiatuta, egun batean kaleko egunkari saltzaileak entzun zituen aitak, "Euzkadi Roja con la muerte de Mola! Euzkadi Roja con la muerte de Mola!". Euzkadi Roja egunkariaren titular hura entzutean gerra irabazi zutela ere sinetsi zuen 15 urteko nerabe hark, nire aitak... Ez zen hala izan. Nik uste dut gerrako kontu asko itxi barik daudela oraindik. Adibidez, filmaren amaieran, Alemaniako enbaxadorearen barkamen-eskaera ageri da, duela urte batzuk gertatutakoa. Espainiak halakorik ez du egin oraindik. Nik uste dut beharrezkoa den erredentzioa erasotzaileen bandera hori eta gorriak Gernikan ofizial izateari uzten dionean izango dela.
ETBn urriaren 2an eta 9an emango dute bi ataletan Gernika bajo las bombas.