Garaitza bat orrialde bakoitzean
Ez naiz oso optimista momentu politikoarekin. Uste dut albiste ona izan zela ETAren suetena. Haren ondotik etorri daitekeen Bruselako taldearen mugimenduak edo nazioarteko berifikazio hori ere ona izango da (ea gauzatzen den, esaten diguten bezala). Ezker abertzalearen adierazpen argiak ere onerako dira.
Baina pesimista naiz. Ez dut ETA bere burua disolbatzen ikusten (are gehiago: oraindik hildakoak ikusiko ditugun beldur naiz), eta ez dut uste Espainiako antidemokraziak aurkezten utziko dionik Sortu alderdiari maiatzeko hauteskundeetan. Adierazpenetan topatuko dute indiziorik, ez dutela ETAren disoluzioa eskatzen, edo ez dutela iraganeko ekintzarik arbuiatzen, edo ez dakit ze prentsaurrekotan zera galdetu dietela, eta hura erantzun dutela... Txostenak idazten ibiliko dira poliziak dagoeneko. Eta bestela, alderdia legala bada ere, ba ANVrekin 2007an egin zutena, orduan legezkoa baitzen alderdi hura: zerrenden kutsaduraren aitzakia fantastikoarekin zerrendak baliogabetu (honetarako, sikiera Foru hauteskundeetan, akaso izan dezakete defentsarik zerrenda zuri-zuriak aurkezten badituzte, pertsona ez konprometitu edo ezezagunekin; baina honetan ere ez dut esperantza handirik). Jarraipeneko alderdia dela ondorioztatuz, debekua luzatu daiteke; eta, ontologikoki, hara, ez dirudi hain zaila.
Horrez gain, batzuek zantzu kezkagarriak ikusi dituzte ezker abertzalean nonbait batzuk uzkur edo traizionatuak sentitu direlako. Eztabaida hari honi erreferentzia egin dio Twitterren jarraitzen dudan lagun batek baino gehiagok.
Niri, egia esan, ez dit arreta berezirik deitzen traizioaren mamua aipatu duten horien mezuak. Ezker abertzalean borroka armatuaren eta ETAren aldeko jendea dago, eta Sorturen estatutuetan daudenak irenstea gogorra izan behar du horientzat. Baina uste dut diziplinak eta batasun-beharrak marjinal bihurtuko dituela ahots horiek.
Neuri, harrigarriagoa eta politikoki kezkagarriagoa egin zait eztabaida horretan Sorturen aldeko batzuek idatzitako mezu batzuetan ageri dena.
(9) Nola ailegatu gara egun dauden baldintzak izatera?Urteetako borrokaren bidez eta aukeratutako estrategia eta taktika ezberdinen bitartez sortu diren ondoriengatik.Argi geratu behar da guk ez diogula inoz uko egingo egin dugun bide eta lan horri
(12) Hemen egin daiteken traiziorik haundiena, hain zuzen ere, hainbat gudarik urteetako borrokaz ereindako baldintzak usteltzen uztea da.
(14) Ezker Abertzaleak espainiar eta frantziar estatuak erosoen zeuden gatazka eszenalekutik ateratzeko mugimendua egin du, eta aldi berean Ezker Abertzalea proiektu irabazlea izan daitekeen eremura igarotzeko mugimendua izan da. Eta bikain egin du.
Beraz, Sortu sortu da baldintza zoragarri batzuetan... Hori da flipantea. 50 urteko garaitza etengabeen ondoren, baldintza ezin hobeak dira orain, eta proiektu irabazlea gauzatzeko eremuan bizi omen dira. Errealismo faltatik nola eraikiko duen etorkizuna ezker abertzaleak,
hori ez dut ikusten. Baina tira, euren arazoa. Nik gehiago
sinesten dut ETAk bidalitako ordezkariak BBCko kazetariari aitortu
ziona, 50 urte alferrik egin zituela borrokan ETAk. Suposatzen dut
historia berridazteko premia bizia dutela, egiak aitortu barik, hobeto
dela garaitza bat (gutxienez) konstatatzea orrialde bakoitzean. Hau ez da berria, ezker abertzaleak idatziz utzia du Zutik Euskal Herria egitasmo autonomistan, artikulu honetan azpimarratu nuen bezala:
Orain dela 50 urte Euskal Herria hilzorian zegoen eta denbora tarte honetan, borrokari esker, Euskal Estatua eratzeko aukera irekitzeraino ibilbidea egin dugu.
Nik ez dut halakorik ikusten atzera bueltaturik begirada. Nik ez ditut ikusten Xabier Leteren poema hori *sortuz ta sortuz gure aukera...* baizik eta Xabier Letek ETAren 50 urteko historiaz esan zituen beste hauek.
Eta 50 urte asko badira, nahikoa zaizkit 10. Iazko abuztuan, Jose Mari Korta enpresariaren hilketaren hamargarren urteurrena betetzean pentsatu nuen, ze krimen estupido, eta zelako hamarkada galdua harrezkero: ez bakarrik ETAk hil dituenak, baizik eta alderdien legea eta hauteskundeetan iruzurra, operazio polizial politikoak (18/98, Egunkaria...), tortura beti bezala, Parot dotrina... Nork nola desegingo du hamarkada honetako espantu anti-demokratiko hau?
Horra, ereindako baldintzak.
+1