Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Fernando Muniozguren eta Internet

Fernando Muniozguren eta Internet

Luistxo Fernandez 2006/07/17 13:22
Fernando Muniozgureni joan den zapatuan egindako azken agur eta omenaldian parte hartzea tokatu zitzaidan, Eibar.org elkartearen izenean. Ez dakit gure presentzia han ezinbestekoa zen ala ez... Fernando parte zen talde desberdinetakoak egon ginen hizlari, eta, akaso, talderen bat soberan bazegoen Eibar.org izan ote zitekeen pentsatu nuen gero. Faltan ere, etorri zirenen artean, Adorez eta Atseginez mintegikoak baziren, eta Fernando talde hartan duela urte batzuk inplikatuta egon zen bezala, uste dut haien arteko batek merezi zuela taula gainean egotea. Edozelan ere, entierro zibil moduko honetan hizlari izatea ohorea izan zen niretzat. (Fernandok ez zuen nahi izan hiletarik, ekitaldi alaia baizik, baina aukeratutako tokia eta nolabait ere, liturgia, Eibarko entierro zibilena izan zen)

Berba batzuk prestatu nituen, paper batean... Gutxi gora-behera han bota nuena hauxe da, jarraian datorrrena.



***

Fernando Muniozguren internauta zen, eta blog bat zeukan: hau hori ta bestia, joik buruakin postia. Eibar.org elkartekoa zen, Interneteko gure enjendro honetakoa. Eibartarrak zerrendako partaide. Baina beti, esan dezagun, distantzia batetik... Eibartarrak zerrendan 8 urtean 15.000 mezu baino gehiago trukatu ditugu, eta ez dira dozena bat Fernandorenak. Zehatz esateko, 8, oker bidalitakoak kontatuta. Bloga ere, gaixotasunak eta lagunen batek bultzatuta zabaldu zuen.

Denak ez gara berdinak. Batzuek ikusten dugu botoia eta tak, sakatu egin behar. Gero, esplotatzen badu, orduan irakurri instrukzioak, galdu ez badira... Fernandok ez, Fernandok instrukzioak behar zituen irakurtzeko (ahal izanez gero, frantsesez, bere euskalki faboritoan), haiek barneratu, muin filosofikoa atera, teorizatu behar zituen, gero ekintza programatu, eta orduan jotzen zuen kolpea. Nik badakit Internet interesatzen zitzaiola, susmatzen zuela inportantea zela, baina ez zen barneratu kontu honetan: instrukzioen eta filosofiaren bila zebilen. Baina, hara, Internet instrukzio barik banatzen da. Pastilla gorria irentsi, eta Matrixen sartu beharra daukazu, hori da dena. Hori ez zuen ulertu Fernandok, eta gaur berba horiekin errepikatuko banio ere ez zuen ulertuko.

Hala ere, Fernando Interneten dago. Bere lana Interneten dago. Zergatik diot hau? Ba, bueno, Eibar.org da gauza arraro bat Euskal Herrian. Ez dago subentzio gutxiagorik jasotzen duen proiektu teknologikorik, edo euskarazko komunikabiderik, Euskal Herrian. Ez dago Eibartarrak zerrenda baino foro biziagorik euskaraz sarean. Ez dago inon, inongo beste herritan, halako ezer... Zergatik Eibar.org bai, eta ez Tolosa.org? Fernandok ez zuen sortu edo bataiatu edo bultzatu Eibar.org, baina, horren nukleoan ibili garen batzuk, duela 20, 15, 10 urte Eibarren geunden, eta kasualitatez, beste eibartar hau, Fernando, Eibarren zebilen baita ere... Fernando Muniozgurenek matraka beste nonbait eta beste batzuei eman izan balie, ba, gauzak akaso desberdinak izango ziren. Akaso ez zen egongo Eibar.org.

Orain blog bat daukagu hor, umezurtz. Zer egiten da blog batekin hiltzen denean blogista? Entierro zibila egiten zaio, ala ekitaldi alai bat? Proposamentxo batekin gatoz, familiak hartu nahi badu, hartu dezala, Fernandoren idatzi mordoa, testu mordoa... biltzen jarraitu hor. Aukera bat izan daiteke. Nahi badute, jakina.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004