Euskal poliziak Los Angelesen
Pertsonaliatea transmititzen dakiten aktore ezagunen aurpegiei esker ikus daitekeen filma da Gangster Squad. Hori eta anbientazioa; hortik aparte, ez du balio handirik. Ustez, L.A.ko historiako pasarte batzuk deskribatzen dituen erreportaia sorta batean oinarritzen da historia, eta benetako izenak ageri diren arren, fikzionalizazioak derrigor esajeratua behar du izan: ez dut sinesten nik, behintzat, literala denik filmak kontatzen duena. Interesa duenarentzat, hemen euskarazko azpitituluak.
Gangster Squad-eko bigarren mailako protagonista historikoen artean, deitura euskaldun bat: Eugene Biscailuz, L.A. konderriko sheriffa. Bai, Biscailuz urte askoan izan zen sheriff Kaliforniako hiri handian, eta Martin Biscailuz euskaldunaren semea zen. Martin hura ere pertsonaia konpletoa izan zen, eta gogoan dut inoiz ETBko dokumentalen batean haren eta Miguel Leonis-en kontuak kontatu zizkigutela...
Biscailuz-en izena aditzeak beste film bat ere ekarri zidan gogora: han ere deitura euskalduna Los Angelesko polizia batengan. Bai, Clint Eastwood-en Changeling filmean, Lester Ybarra izeneko ikerlari bat agertzen da (aktorea berriki berrikusi dut House of Cards-en). Wikipediaren arabera, gertakarien benetako protagonista batzuen artean eratutako pertsonaia da, hortaz, ez dakit benetan Ybarra poliziarik egon ote zen kasu hartan nahastua.
Kalifornia... gogoan dut bidaia batean, nongoak ginen galdetu eta 'Basque' ginela esandakoa, gizon batek frantsesez egin zigula han, June Lake herrian. (Biscailuz-en argazkia, hemendik ateratakoa)