Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Estaturik gabe, euskara ez da salbatuko; eta 7 probintziena ameskeria da

Estaturik gabe, euskara ez da salbatuko; eta 7 probintziena ameskeria da

Luistxo Fernandez 2012/02/05 12:40

Duela egun batzuetako Argia Sarietan, Txillardegiri eskaini zioten merezimenduzko saria. Haren semeak, Joseba Alvarezek, jaso zuen familiaren izenean, eta berba batzuk esan zituen. Aitaren esaldi bat aipatu zuen prezeski: Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz.

Eta horren harira, Alvarezek, ezker abertzalean burukide, eta kartzelan ere egon dena jardun politiko horregatik, gehitu zuen aro berri bat ireki dela, eta itxaropenak, eta...

Bai... Nola? Ze independentzia proiektu dauka ezker abertzaleak? edo, hedaduraz, abertzaletasunak? BATERE EZ. Hori da egia.

Duela egun batzuk, Eskoziako independentzia erreferendumerako galdera jakin zenean, Karmelo Landak (Alvarez bezala, ezker abertzalean burukide, preso politikoa izana) hauxe bota zuen Twitterren:

Do you agree that Euskal Herria should be an independent country?

Eskoziako galdera bera da. Erantzun nion berehala: halakorik inprimatzeko prest zaudete? non? noiz? ze eremutarako?

Eta Landaren epaia: Euskal Herri osoan eta irabazteko gehi errespetatuak izateko aukera izan bezain laster!

http://irudiak.argazkiak.org/f0cc464fc247df92c934743d63e97943_o.jpg

Ba ez. Horrela ez. Ezinezko eszenario bat da Karmelo Landaren hori. Horrelako planekin, estaturik gabe geratuko gara, eta euskara ez da salbatuko.

Batzuetan pentsatzen dut kontu honekin matraka ematen duen bakarra ni naizela. Baina, ez dakit, akaso ez. Pako Aristi ere gaizto samar dabil azkenengoetan, eta elkarrizketa egin behar ziola eta, galderak eskatu zituen Berriako kazetari Edu Lartzangurenek. Nik hau bota nion: 7 probintzien lurraldetasuna sakratua bada, nola independentzia? alternatibarik? Lartzangurenek Aristiren erantzun hau pasatu zidan (espazio kontuagatik, ez zen sartu elkarrizketan). Hor dago Irlandaren kasua. Iparraldean ere lortuko dute erreferenduma, beranduago bada ere.

Bai, hor dago gakoa. Partizioa. Tabu beltz bat. Suposatzen dut hori dela Aristik plazara atera nahiko lukeen puntuetako bat. Iruditzen zait Koldo Izagirre ere badabilela halako ideia horrekin bueltaka, baina ulertzeko zailagoa zait Izagirre, garbi #daitort hori.

Santi Leoné
Santi Leoné dio:
2012/02/06 08:48

Bada, erabat ados nago, lurraldetasuna akats historikoa da; are gehiago, Nafarroan egoera zein den ikusita, nik gustura eginen nuke alde bertze herri batera. Euskal herri independente batera, errate baterako.

xme
xme dio:
2012/02/05 14:50

halako kasuetan, luistxo, zertan amore emateko prest zauden ezin duzu aldez aurretik adierazi.

iturri
iturri dio:
2012/02/06 00:46

Luistxo, Hasier Etxeberriaren blogean ere gai honekin zerikusia duen apuntea dago: Etsipenaren tenorea

iturri
iturri dio:
2012/02/06 00:46

Luistxo, Hasier Etxeberriaren blogean ere gai honekin zerikusia duen apuntea dago: Etsipenaren tenorea

Karmelo Landa
Karmelo Landa dio:
2012/02/06 12:14

Luistxo, nire tuit batetik hari luzea atera baduzu ere, ez da tuita Euskal Herriaren independentziarako bidea azaltzeko aukerarik egokiena, bistan da. Ez dut, beraz, hortik epaitua izan nahi. Euskaldunok abiatu gara independentziarako bidean, eta bide horretan progresioa gertatuko da, ez partizioa.Gauza oso desberdinak baitira. Jakina, bide horretan gertatuko dira erritmo desberdinak batetik bestera, eta progresio konplexua izango da, herrialde eta eskualde bakoitzeko ezaugarriak eta egoerak kontutan harturik. Baina garrantzitsuena zera da, ene ustean,bideorrian Euskal Herria bere osotasunean hartzea, inor baztertu gabe. Euskal Herri independentea, euskalduna, askea munduan.

Luistxo
Luistxo dio:
2012/02/06 15:12

@mendiguren: aldez aurretik ez badugu aipatzen, BADAKIGU zein den elipsia, ebidenteegia da: Nafarroa. Ez da hori nik nahi nukeen partizioa; akaso beste partizio batzuk ere kontsideratu daitezke, nik utopia demokratiko bat ere deskribatu nuen iaz. Edo eztabaidatzen dugu partizioaz, edo sustoa, iritsitakoan, badakigu zein den. Aldez aurretiko isiltasun hau ez da prudentzia, alferreko tabu bat baizik.

@iturri: Uste dut Etxeberriak ez diharduela lurraldetasunaz. Fermin Etxegoienek ere hitz egin du independentziaz berriki, baina lurraldetasunaren kontua aipatu barik. Oraingo nire borrokatxo hau, kontzeptu horretan dago.

@Karmelo: 140 karaktere baino luzeagoa da Zutik Euskal Herria egitasmoa, eta han marrazten den progresioa autonomismoa besterik ez da (irakurria dut). Ezker abertzalearen bide-orri horrekin ez dago independentziarik: ez mende honetan; eta hurrengoetarako ameskeriarik egitea hutsala da. Progresibitaterik izatekotan, izango da tarteko urratsetan jarrita independentzia, eta ondoren, hortik, progreso gehiago eginez. Nolanahi ere, eskerrik asko, maisu, elkarrizketan eta eztabaidan sartzeagatik. Ez dut uste Indepedentisten Sarean beste inor prest dagoenik kontu hauek urrutitik aipatzeko ere.

ikasares
ikasares dio:
2012/02/05 15:12

Erantzun zehatzik eza baino gehiago, galdetu zein gutxitan egiten dugun kezkatzen nau. Herritar gehien-gehienok halako ariketa intelektualei izkin egiten diegu gehienetan, pentsatzeari bizkar emanda, beste batzuek (azkarragoek, politikariek,...) erantzun eman eta haiei jarraitu besterik ez diegula egin beharko). Pako Aristik berak esan berri duen bezalaxe, "Herrian kontsignak hartu du gogoetaren tokia (http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-02-02/027/001/eskoziak_erakusten_du_gure_politikari_askoren_ezina_inutilidadea_edo_nahi_eza.htm).

Horrexegatik, galderak plazaratzen ausartzen zaretonoi -erantzunaren jabe izan ala ez; erantzunarekin ados egon ala ez-, milesker.

asier
asier dio:
2012/02/05 15:58

Ez dot uste bakarrik zabizenik. Lehenago be atara zenduan zeozer Sustatun, eta aldekoren batzuk agertu ziran (giñan). Aristik be bide beretik jo dau (Izagirre neuk be ez dot sekula ondo aitzen). Azken egunotan beste antzeko iritziren bat be irakurri dotela esango neuke. Izan gaittian independiente, nahiz eta 3 lurralde izan; erakarriko dittugu gero bestiak, nahikua arrazoi emoten badetseguz. Katalanak garbi dake 4 lurraldekin osatutako Kataluña independientia eskatuko dabela, Valentzia, La Franja edo Roselló alde batera lagata. Kontrako bidia, etxia teilatutik eraikitzia litzake.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.