Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Eskuak ugatz-guruinetan

Eskuak ugatz-guruinetan

Luistxo Fernandez 2012/06/25 12:35
Kafea eta Galletak izeneko ekimenaren proiektua da 'Kafe aleak': 121 pertsonak 121 diskori buruz idatzitako testuak biltzen dituen liburua da Kafe Aleak. Nik neuk, ale horietako bat idatzi dut. Disko kutun bat aukeratu nuen, Hatful of Hollow, The Smiths taldearena, 1984ko disko bat. Halaber, testu hau Xerezaderen Artxiboa podcasterako grabatu dut.
Eskuak ugatz-guruinetan

The Smiths, Hatful of Hollow, 1984, diskoaren azala, 2010eko abenduko Londresko ikasle-protestetan, neska baten soinean t-shirt batean. via johnnymarrplaysguitar.com

The Smiths – Hatful of Hollow (1984)

Eskuak ugatz-guruinetan

Gogoan dut C-60 bat izan zela. Nola ez. Pirateria analogiko zaharraren misterio hauek ondo deskribatu ditu Iban Zalduak Biodiskografiak liburu berrian (2011, Erein); kantu izenak punta fineko arkatzarekin idaztearen zergatiak adibidez. Rellenoaren kontua ere azaltzen du Zalduak. Disko grabaketarako formaturik arruntena zen C-60, alegia, hirurogei minutuko kasetea, eta ohikoa zen zuk ematea grabatzaileari diskoa eta grabatzaileak, bere borondatez, rellenoa esakintzen zizun, LParen soinuak betetzen ez zuen zatia osatzen zizun bere gustoaren araberako beste zerbaitekin, zuk prezeski eskatu zenionaz aparteko zerbait, apropos estilo desberdinekoa ere sarri... Hark bazuen mistika polit bat. Kantu bat ere badut gogoan, baina gogoan bakarrik, ez baitut haren berririk beste inon aurkitu, ez Google ez kristo, eta pentsatzen hasia nago amestua ote den: ce-sesenta izena zuen kantu bat, eta neure aburuz, Donosti sound esaten zioten estilotxo hartako talderen batek jotzen zuen... Ce-sesenta, ce-sesenta, ya no eres virgen, ya no eres pura...

Harira. C-60 hura pasatu nion beraz Epelderi edo Osorori. Alzelai ere biltzen zen tratuetan, eta haren bidez beste hura... ez naiz gogoratzen, Ugarte deituko diot, Casablancako trafikantea bezala. Baina nik uste dut Epeldek grabatu zidala The Smiths-en Hatful of Hollow. Modan zeuden eta haien berri jakin nahi nuen. Bada, Epeldek disko hau zeukan eta halaxe izan zen hau The Smiths-en lehenengoa niretzat. Eta sorpresa izan zen, bueltan eman zidanean C-60 hura, han ez zegoela rellenorik. Izatez, B aldea kantu eder eder baten erdian amaitzen zen. Fifteen minutes with you, I wouldn't... STOP. Hamabost minutu zurekin, eta gero zer? Disko hark 60 minutu baino gehiago irauten zituen! Sekula ikusi gabekoa zen hori. Izan ere, errekopilazio bat zen, baina taldea sortu berritan egina eta kantu errepikatu berkonposatuekin ere (Peel sessions batzuk tartean), bitxikeria, harrokeria...

Nolanahi ere, berehala kapturatu ninduen C-60 hartakoak. Gaurko egunera arte, Morrisseyren bakarkako istorioaren jarraitzaile ere banaiz eta. 18-19 urte nituen orduan, The Smiths-ekiko maitemintze zoro hark harrapatu ninduenean. Mutil patetikoa nintzen. Tira, teenager kategorian nengoen oraindik, etimologia ingelesari jarraiki, baina 18 urterekin adin nagusiko bihurtzen zarela suposatzen da, ez jada hain nerabe-nerabe, baizik eta, "gazte" edo. Ba ni post-nerabe patetikoa nintzen, guztiz, suposatzen dut...


Eta ataka hartan, zenbat lagundu zidan musika hark. Neure ingeles apurrarekin dezifratzen nituen kantuen puska partzial gordin haiek... Kantu bat amaitzen da you will leave me behind, you will leave me behind, atzean utziko nauzu... eta beste bat berriz amaitzen da, I'll probably never see you again, I'll probably never see you again, ez zaitut seguruenik berriz ikusiko. Eta ez nekien zer esan nahi zuen hark guztiak, egia gordinak zirela bakarrik. Beste kantetan ere pusketak baizik ez nituen ulertzen, erraietatik sortutako haiku pop bortitzak.


Hainbeste bueltarekin, ingelesa ere hobetu nuen, eta ez gutxi. Baina beste gauza bat izan zen neure irakasgai nagusia, disko hark eta The Smithsek eman zidaten argia: nor izateko beste bide bat bazegoela ikasi nuen nik Morrisseyren poesian eta rock melodramatikoan. Inguruko eredu matxote kirolzale panparroi hartatik haratago bazegoela anbiguoago agertuta gizon jokatzerik, bruto bat izan barik sentiberarasunez gaiztakeria lantzerik, frakaso txiki baina krudelen hondarrean inteligentziaren garaipen ironikoa (intimoki beharbada) dastatzerik. Eta irakaspen horietatik, hazi, nor izan, norberaren bidea egin.

Urteak igaro dira eta seme pre-nerabe bat dut. Hauskor eta deseoroso nabari dut urte zail hauen atarian. Topatuko ahal du argi bat nik disko hartan ikusi nuenaren parekoa. There is a light... beste disko batekoa da hori, barkatu.


Bizitzak buelta asko ematen ditu. Ustekabekoak ere, eta bihotzarekin ikasi duzunak balio dizula jakingo duzu orduan. Gertatu daiteke 20-25 urte igarota zita bat izatea igande gau batean eta zaudela, bezerorik ez apenas, Donostiako Be-bop-en, 80ko musika maite duen DJ batekin eta The Smiths jartzen ari dela, behin eta berriro, eta kantu guztiak dakizkizu eta abesten eta antzezten dituzu gladioloak bazenitu bezala bakeroen atzeko poltsikoan eta orduan, Handsome Devil jartzen du kabroi horrek. Bai, debekatua beharko luke, baina Handsome Devil jartzea legala da nonbait. Eta une horretan, let me get my hands on your... bai, badakit ez dela esaten "titiak", esaten da "bularrak", baina hori ere ez da, politori, ez bular eta ez titi monina,let me get my hands on yout mammary glands, eta ez didazu komentzituko Euskaltermek ugatz-guruin esaten diolako horri ze, ez, ezin dut ebitatu eta glandula mamarioetan jarri behar dizkizut eskuak, ya-lo-kreo, oh you handsome devil.

*** ***

(Xerezaderen Artxiboan grabatua ere gelditu da hau; eskerrik asko Ana Moralesi, eta honekin batera irakurri ziren ipuinen autoreari, Iban Zalduari)

(Kafe Aleak liburua laster egongo da kalean. Aurre-salmenta antolatzen ari dira, eta ale batzuk enkargatuz proiektua bultzatzeko aukera duzu. Informazioa horretarako, KafeaEtaGalletak.com webgunean topatuko duzu)

etiketak: musika, liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004