Eskerrik asko Squishdot, ondo zerbitzatu diozu Sustaturi
2001eko azaroan martxan jarri zen makina bat datorren astean geldituko da. Sustatu.com, euskarazko lehen bloga, Squishdot izeneko azpiegitura batekin hasi zen lanean 2001. urtean, eta laster, 11 urteren buruan, software hori gelditu egingo da.
2000. urtean hasi ginen CodeSyntax antolatzen hiru lagun, eta Gari Araolazak erabaki zuen Python programazio lengoaia izango zela enpresaren lanabesa, eta zehatzago esanda, Python-ekin garai hartan funtziona zezakeen aplikazio zerbitzari txukun bat: Zope.
Argazkiak.org | Sustatu zaharra © cc-by-sa: sustatu
2000. urte amaierarako, Slashdot, Kuro5hin edo Barrapunto bezalako weblog edo albistegi bat sortzeko ideia mamitzen hasi ginen. Eta 2001. urtean, ideia hori gorpuzten joan zen. Orduko Slashdot-en funtzionamendua Zope-n erreplikatzen zuen software puska batean fijatu ginen: Squishdot (1999an sortua, nik uste).
Beraz, Sustatu martxan hasi zenean, Squishdot-en gainean hasi zen lanean. Gaur arte. Squishdot-en garapena aspaldi samar eten zen, beste blog plataforma batzuek ordezkatuta. Baina software sendoa zen gero, eta ez dio hutsik egin Sustaturi. Gaurko egunera arte, datubaseak 10.838 artikulu eta 19.787 erantzun bildu ditu.
Datorren astean, azken artikulua kargatuko dugu datubase horretara. Sustatu ez da itxiko, baina atseden hartuko du orduan, ordu batzuetarako. Ondoren, azpiegitura berri batekin berraragiztatuko da, Django aplikazioarekin egindako sistema eta datubase batekin. Artikulu eta erantzun guztiak salbatuko dira, sistema batetik bestera migratuko dute, URL originalekin.
Argazkiak.org | Sustatu 2008 © cc-by-sa: sustatu
Editatzeko eta parte hartzeko moduetan aldaketak gertatuko dira, bide batez, erabiltzaileentzat erosoagoak izango direnak, gure iritziz. Sustatu askoz sozialagoa ere izango da, lotuagoa egongo da Twitter eta Facebook-ekin.
Eta uztailean, are aldaketa inportanteagoak gertatuko dira. Adi.
Squishdot, berriz, oraindik bizirik geratuko da webgune batean edo bestean... Sustatun hainbeste lan eginda, tripak ezagutzera iritsi naiz ni bezalako desinformatiko bat, eta kariñoa ere badiot. Halaxe moldatu ahal izan nuen Azpitituluak.com duela urte batzuk, eta dabilen eran ikusita, milaka pelikularen azpidatziak gordetzeko gauza izango dela uste dut. Hamar urte barru ere primeran funtzionatuko duela iruditzen zait.
Squishdot.org, azkenik, softwarearen erreferentziazko webgunea, aspalditik dago iraungita. Gaur egunean, bertan, kastitate maskulinorako BDSM-tresneria saltzen dute.
Argazkiak.org | Sustatu berdetuta © cc-by-sa: sustatu