Erdaraz jarduten "eztabaidaren zentroan" egon? ez, ez, eta ez
Elkarrizketan arreta piztu zidana beheko esaldi parea izan zen:
Soslai batzuek badakite eztabaidaren zentroan jartzen. Euskal Herrian, esaterako, Twitter politikarako erabiltzen dutenek @aranagoiri ri jarraitzen diote
Eta nire objekzioa, pentsatuz elkarrizketatua katalana zela, jarraian adieraziko dudana:
Kataluniatik etorri zen aditu hau bere jardun eta ideien berri ematera. Ba bale. Kataluniako eta atzerriko beste hainbat tokitako adituak etortzen dira erdarazko ebentoetara, eta askotan honetaz edo hartaz haiekin ikasteko aukera dugu eleanitzok ere.
Baina bada esparru bat, non kanpoko lezio zenbait apur bat sobera dauden. Komunikazioaren esparruan, adibidez, kontuz lezioekin. Esate baterako, goian aukeraturiko pasarte hori, amorrua eman zidan. Analisi elebakar batetik bakarrik daiteke bat konklusio horretara, erdaraz jarduten duelako Aranagoiri delako horrek, eta hortaz eztabaidaren zentroan jartzea erdaraz jardutea bezala ulertu beharko dugu gero. Euskara barik abiatzen bazara analisi komunikatiboan, hori ez da analisi komunikatibo bat herrialde elebidun honetan, zapalkuntza linguistikoaren jarraipena bakarrik izan daiteke.
Eztabaidaren zentroa gaztelaniaren inguruan bakarrik uler dezake erdaldun honek, eta putaidearik ere ez dauka euskaraz politikaz tuiteatzen dugunaz, zer den guretzat zentroa edo/eta periferia. Abiapuntu horretatik, presuntzio ezjakinetik, ez dut leziorik onartzen. Konta diezagula bere esperientzia, bere herrikoa, baina ez diezagula "geurea esplikatu", hala nola Gizon Jakintsuak M'Ongolori.
Kataluniara joan eta bertako komunikazio politikoaz jarduteko ausardia, katalana txintik jakin barik? Pentsaezina, ezta?
Edu Lartzanguren elkarrizketatzaileak esanda orain jakin dudanez, "trollismoaren" izpirituarekin jarraituz, elkarrizketatuaren izena eta argazkia ere faltsuak omen dira. Hala ere, bere horretan jarraitzen du nire objekzioak. Areagotua, akaso, aditua ez bada katalana eta hemengoa bada.