Enigma europar bat
Niri ez didate ez balio ez 23.00etan ematen dituzten telebistako programek, ezta streaming-ak ere (Nahieran primerakoa izan arren). Baina zuzendariak berak, Hasier Etxeberriak, pasatutako deskargarako esteka (ustez gorde) batetik jaitsi dut mp4 osoa eta ikusi dut Euskararen jatorria, enigma europar bat.
Bikaina iruditu zait. Eta laburra, batez ere laburra. BBCren sail eder horiek ditut gogoan, 8 edo 10 ordukoak, eta irudikatzen dut hemen zegoen materialarekin bazegoela halakorik egiterik, baliabideak inbertitu izan balira. Gaia bazegoen, eta irudiak eta mezuak harilkatzeko gaitasuna eta kalitatea ere bai taldean. Hori posible izan zedin, beharbada, baliabideak baino gehiago, herri-ikuspegi bat beharko litzateke ikus-entzunezko eta kulturako agintaritzan, eta ez dut uste halakorik daukagunik. Hemen daukaguna da Telesur edo Telemadrid lokal samar bat. BBC bat edukitzeko akaso independentzia beharrezkoa izango da, baina ez hori bakarrik.
21. mendean gaude, bizirik, txiripaz bizirik akaso, Joaquin Gorrotxategik dioen bezala. Ezagutzaren Gizartearen oinarriak kultura- eta ele-aniztasunetik eraiki behar dira, inteligentziarekin, sormenarekin, eta horretarako lehengaia hemen dugu, esku artean. Baina elebakartasun ingorantearen mendean gaude. Oraindik enigma gara. Ez dakigu euskara 21. mendean biziko den ala ez. Uste dut ez dakigula. Ematen du, bizitzekotan, txiripaz izan beharko dela.
Eta tira, orain banoa deskargatzera torrentetatik Stephen Fry-ren Planet Word eta Human Planet. Urte berri on denoi.
Neuk be gustora ikusi neban, baina nere gusturako azalekoegixa izan zan. Teknikoki, harixa, eta abarrak, ederto. Gai aldetik be, biharbada, ikusle gehixenendako gauza barri eta interesgarrixak egongo ziran, baina esango neuke hor agertzen ziran teorixa gehixenak honezkero guztiz gaindittuta dagozela (lekutan dagoz kaukasua, inuitak, bereberiak, eta abarrak). Hor ez dago ya "enigmarik".
Gaur egungo enigmak dira: - zer ezaugarri zekazen aitzin-euskera horrek? - zer hartu-emon zekan inguruko beste aitzin-hizkuntza batzuekin (emon deigun liguriera edo sardiniera, baina, nahixago bada, ahaztu izenak eta ipini X, Y eta Z, gure inguruan berba eitten zan beste edozein (aitzin)hizkuntza). - aitzin-euskeriak berak zer hedadura zekan (noraiño heltzen ziran "euskaldunak?" edo senidiak?)
eta horren inguruan ez zan egon (ixa) berba bakarra. Bigarren kapituluan zain, hortaz!