Donostiako metroan
Donostian topo esaten zaion trenari izena aldatu diote eta Metro Donostialdea izena jarri diote. Beharrezkoak ez diren azpiegiturak egiteko temati daude sozialistak, eta Donostian metroa da horietako bat (funikularra ere aldatu nahi dute, eta AHTn ahalbait azkarren diru piloa gastatu ere bai). Inoren diruarekin, denon diruarekin, zorra handitzea da kontua, zuloa egin etorkizuneko diru-kontuei begirunerik izan gabe, baina... tira, enpresa batzuk pozik, eta susmatzekoa da komisioak potoloak direla. Horixe da nire ustea.
Izen-aldaketa hau 1.5 milioi euro kostatu ei da. Logo triste bat eta izen tristeago bat, ez euskara ez erdara dena. Eta webgune bat ere bai, non, Euskotreneko webguneko ordutegi bera dugun, letra txikiegia duen PDF deseroso bat. Seinaletikan beste gauza bat ere estreinatu da, estandarte edo poste luze bat, non logoa ageri den, M edo tximeleta-hego urdin hori. Metroa duten hirietan begira ibiltzen da bat ea logoa non ikusiko, mugitu beharra duzunean, baina Donostian halako poste pare batek funtzio bera izango dutela sinestea erridikulua da.
Nolanahi ere, logo eta izen hauekin batera, geltoki pare bat ere ireki da, eta probatzekoa okurritu zitzaigun. Lugaritzen sartu ginen, eta Intxaurrondon irten, altuera handiko bi eskilara mekaniko igota. Horra gure bidaia.
Bitxia bada ere, estandarte absurdoa bakarrik Lugaritzen ikusi dugu, ez Intxaurrondon. Pertsonalki, metro ala topo deitu gauza honi ez zait asko inporta. Lugaritzen sartzen dira Eibartik edo Atxuritik datozen trenak (nik neuk norabide horretatik etorrita ezagutu ditut Donostialdeko burdinbideak), eta horiek ez dira niretzat ez topo ez metro; trenak dira, eta tren geltoki bat da hori. Inporta zaidana da azpiegituren zoramen honetan dirua botatzea.