Desdonostia
Probintziakoa sentitzen naiz Donostian, probintziakoa naiz eta. Eibartik etorri nintzen hiriburura. Hona ezkondu nintzen. Tira,
lehenengo etorri, eta gero ezkondu. Baina hona ezkondu. Oso soziablea ere ez naizenez, ez dut halako txoko propiorik eraiki. Tanborradak edo kaldereroek ez didate ezer esaten, Reala bost axola zait (bueno, axola zait: desiatzen nago jaitsi daitezen), eta inoiz ez dut esaten donostiarra naizenik. Hala ere, kexatzeko motiborik ez daukat. Eroso bizi naiz hemen. Herri polita da, eta New York izan barik, probintziako herri batean baino hiri-zentzu apur bat gehaigo aurkitzen diot hemengo bizitzari.
Zortea dut Donostian bizitzen, eta uste dut Donostiak ere zortea duela Donostia izaten: hiria den ez dakit, baina hiriburu bai, instituzio
batena bederen, eta hori igartzen da. Foru Aldundia Gipuzkoa plazan dago, eta foru departamentuak, hainbat lagunen lanpostuek dakarten inbertsio eta gastuekin, han eta beste makina bat lekutan hirian zehar. Foru liburutegia ere, gipuzkoar guztiena, Artzain Onaren elizaren atzean dago. Ze zortea Koldo Mitxelena Kulturunea. Primerako liburutegia iruditzen zait, erosoa eta zaindua, eta katalogo onekoa. Eibartarrena ere ba omen da, eta Elgetakoena, baina eibartarra bazara, hobe duzu nik bezala egin eta hona ezkondu erabili nahi baduzu...
Bentaja handiak ditu Donostiak, beraz, eta herriei ateratzen dien aldea gero eta handiagoa da. Erakunde berri bat, zentro, ikertegi edo dena-delako bat sortu behar bada Gipuzkoan babes eta diru ofizialekin... Haren egoitza hartzeko aukera gehienak Donostiak ditu. Harekin datorren bultzada ekonomikoa ere, Easo ederrean geratuko da.
Onerako, Donostian. Eta txarrerako? Zabor ekoizle handienak ere, herriz herri, biztanle kopuruagatik, donostiarrak izango gara, baina
grazia du, gero, erraustegia Donostian joan behar dela erabakitakoan, haren kokapena Zubietan izatea. Donostian, baina, probintzian, ez oso-oso Donostian, desdonostian esan dezagun, Usurbilera begira... Eta kartzela, berdin. Apur bat iruzurtia dirudi Donostia honek batzuetan...
Eskertzen dustat, Luistxo, ñoñostiarren kolonian bizi garenokin akordetiarren...
Donostiarren laguntza ere beharko dugu, bai, Desdonostian egin nahi dituzten astakeriak geldiarazteko.
Donostiarren osasunari ere eragingo dien erraustegiaren kontra egiteko aitzakiarik ez zaizue falta zuri, Luistxo, eta zure inguruko ehundapikumila biztanleoi: Greenpeacek salatu du, Frantziako estatuko Osasun Zaintzarako Institutu Nazionalaren (InVS) txosten ofizialari erreferentzia eginez, erraustegien eragin esparruan (ggb. 15 km.ko erradioan) minbizi-tasa nabarmen handitzen dela.
Eta "minbizi-fabrikaren" eragin-esparru horretan asko eta asko gaude: nire seme Elur, adibidez, 1080 metrora bizi da, Elurren eskola txikia 1180 metrora dago, Errealeko zure kuttunak 1220 metrora, Landaberri ikastolakoak 1310 metrora, Udarregi ikastolakoak 1480 metrora, Urbil 1910 metrora, Santo Tomas Lizeoa 5180 metrora, Boulevarda 8040 metrora... Eta zure seme-alaben etxea, Luistxo, zenbat metrora dago?
PNV, EA eta PSEk gure osasunaren kontra egin nahi duten atentatua manifestazioaren bidez salatzeko aukera izango dugu martxoaren 3an, 17:00etan, Donostian, Anoetatik Boulevarderako ibilbidean. Ordura arte, ondo izan, Luistxo ta pamiliya.
Alternatibak badaudelako, erraustegirik ez, ez Zubietan eta ez inon. M-3, larunbata, 17:00etan Donostian (Anoeta)