Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Bost urte Sustatuk: elkarrizketa Berrian

Bost urte Sustatuk: elkarrizketa Berrian

Luistxo Fernandez 2006/11/21 18:48
Igandean, Berrian, elkarrizketa Iban Arantzabali eta bioi Sustaturen 5. urtemuga dela eta. Izenburua: Blogetan publikatzen dena oso gutxitan izaten da albistea. Nola Igandea sailekoak ez dituzten Interneten jartzen, Gorka Erostarbe kazetaria jator portatu da testua niri bidaltzen, elkarrizketa hemen argitaratzeko. Loturak gehitu ditut, eta Codesintax jartzen zuen lekuan CodeSyntax ezarri. Hurrengo bizitzarako auto-aholkua: ez sortu enpresarik supositorio izenik daukanik. Hemen Argazkipress-eko Jauregialtzok atera zigun argazkia, eta jarraian, testua.



***

Bost urte bete berri ditu ‘sustatu.com’ albistegi elektronikoak; euskarazko blogzaleen komunitatebat abiarazteko balio izan du, sortzaileen iritziz .

Sustatu.com (Sustatu) CodeSyntax informatika enpresak eta Goiena Komunikazio Zerbitzuek sortu zuten. 2001eko azaroaren 16an jarri zuten abian ekimena. Sustaturen sustatzaile nagusietako bi dira Luistxo Fernandez (Eibar, 1966) eta Iban Arantzabal (Elgeta, 1975); CodeSyntax enpresakoa lehena, eta Goienakoa bigarrena. Internet eta ekoizpen multimediaren inguruan Guggenheim museoan antolaturiko jardunaldi batzuk direla medio, Bilbon erantzun diete IGANDEA ren galderei.

Duela bost urte, sustatu.com sortu zenutenean, erreferenterik ba al zenuten?

Luistxo Fernandez: Bai, blogak modan jartzen hasiak zeuden pare bat urte lehenagotik. Bazegoen nazioarteko eredu bat, Slashdot izenekoa. Eta Espainian Barrapunto sortua zegoen urtebete lehenago. Ideia hori erreproduzitzea izan zen gure asmoa.

Eta nola batu zineten CodeSyntax eta Goiena?

Fernandez: CodeSyntax Interneteko azpiegiturez arduratzen da. Pentsatu genuen Sustatuk beste ukitu bat behar zuela edukiaren aldetik. Goienara jo genuen. Ez dakit orduan Goiena izena zuen...

Iban Arantzabal:
Sortuta zegoen, bai; lehen bileretan murgildua zegoen. Multimedia enpresa bat da Goiena, eta laugarren hanka falta zuen. Bagenituen irratia, paperezko prentsa eta telebista. Internetekoa falta zitzaigun. Bazegoen hor bide bat ikertzeko. Oso naturala izan zen bi enpresen elkartzea. Ikasteko oso erreminta ona izan da Sustatu guretzat.

Orduko hartan pentsatzen al zenuten sustatu.com-ek egun duen onarpena izango zuenik?


Fernandez: Internetekin oso baikorra naiz ni. Maitasunaren tankerakoa da: gaur, atzo baino gehiago, baina bihar baino gutxiago. Sustatu izenaren atzean bazegoen asmo bat: ez bakarrik halako albistegi arin bat izatea, baizik eta euskarazko mundu ekonomikoan eta unibertsitateko hezkuntza munduan mugimendua sustatzea.

Norabide horretatik ez da joan, ordea.

Fernandez: Ez, geratzen den bakarra izena da.

Arantzabal: Dena dela, balio izan du euskaldun komunitate bat Internet mundura batzeko. Sustaturen bitartez, jende asko hasi zen euskaraz eta Interneten idazten.

Halere, interaktibitate aldetik, erantzun kopuruaren aldetik, eduki du garai hoberik, ezta?

Fernandez: Ez dut uste. Zirkulazioa ez da orain iaz baino txikiagoa. Alderantziz, gero eta jende gehiagok erabiltzen du. Baita erantzun anonimoentzat ateak itxi zirenean ere...

Fernandez: Akaso, orduan, unean uneko geldiune bat egongo zen, baina ...

Arantzabal: Kantitatea ez dut uste jaitsiko zenik. Zerbait jaitsi bada, zarata jaitsi da. Uste dut kalitatean irabazi dugula, eta Sustaturen onerako izan da; baita irakurlearen onerako ere.

Bolo-bolo dabil erregistratzearen auzia. Uztarria.com-ek ere ateak itxi dizkie erantzun anonimoei.

Fernandez: Bueno, haiek arazo handiak zeuzkaten. Herri txiki bat izanik, erantzun anonimoak mingarriagoak izaten dira.

Arantzabal: Orain dela bi urte pasatxo hartu genuen guk erabaki hori Goiena.net-en ere. Anonimotasuna aprobetxatuz, edozeini edozer esaten zion zenbaitek, eta hor muga bat ipintzea erabaki genuen, eta antzematen da.

Norbaitek esan lezake horrek hainbeste goraipatzen den blogen parte-hartzea mugatzen duela...

Arantzabal:
Parte-hartze kualifikatua ez du mugatzen.

Fernandez:
Egia esan, anonimoek idatz dezakete.

Bost urteotan zein albistek jaso du erantzun gehien?

Fernandez: Mugarri argi bat dago: Egunkaria itxi zuten eguna. Orduan izango zen errekorra, baina egun ere, ziur asko, orduko datuak izango dira edozein egunetan.

Sustatu sortu zenetik asko ugaldu dira blogak ...

Fernandez: Derrigorrean, sortu zenean ez zegoen-eta besterik.

Nola eragin dio blogen ugaltzeak Sustaturi? Elkar elikatu aldute?

Fernandez: Sustatuk informazio iturri gehiago ditu orain.

Arantzabal: Hori bazen beste erronka bat. Jendea idazten jartze-ak ez du esan nahi derrigor Sustatun idatzi behar zutenik. Blogak sortzea begi onez ikusten dugu, eta, askoz gehiago sortuko balira, hobeto. Osatu egiten dute euskaraz informazioa lortzeko dagoen egitura, eta aberastu.

Fernandez: Saiatzen gara euskarazko informazioa trinkotzen. Orain toki askotan dago, eta horietako batzuk Sustatura ekartzen ditugu. Badago, orain dela urte eta erditik, Da! izeneko atal bat. Kanpora doan lotura bat da. Ez dugu ezkutatzen besteek Interneten zer egiten duten.

Blogak ugarituz doazen heinean erabiltzaileak ez aldu galtzeko arriskurik?

Arantzabal: Hau esperientzia pertsonaletik diot. Lehen, euskarazko blog guztiak neuzkan kontrolaturik, baina dozena bat ziren. Orain ehunka dira. Ez da posible denak kontrolatzea. Halere, badaude erremintak blog asko irakurtzeko bidea ematen dutenak.

Hasieran, ohiko hedabideek bazuten errezelo moduko bat blogek eman zezaketen informazioaren inguruan. Errezelo hori gainditzen ari al dira?

Fernandez: Bai, hedabideak ari dira blogintzan arreta handiagoa jartzen. Hala ere, Interneteko produktu hutsei, Sustaturi esate baterako, ez zaie kasu handirik egiten.

Arantzabal: Beste hedabideek Interneten inguruan egiten duten irakurketa ezda oso justua. Oraindik ere kanpora begira daude askotan, eta euskaraz badago jada masa bat blogetan.

Fernandez: Bai, hori egia da, eta, gainera, blogetan publikatzen dena albistea da?

Arantzabal: Ez, blogetan publikatzen dena oso gutxitan izaten da albistea.

Fernandez: Efe agentziak bidaltzen duen teletipoa bada albistea, edo, behintzat, badoa albisteak izan daitezkeen paper pilora. Blogetakoa, aldiz, ez.

Eta zergatik hori?

Fernandez: Efe zergatik den Sustatu baino sinesgarriagoa? Hori Eferi sinesgarritasuna ematen dionak erantzun beharko du.

Arantzabal: Dena dela, hori ere ikaste prozesu bat izango da, eta ikasi beharko dugu blogetan ere informazio ona eta baliagarria badagoela.

Fernandez: Faxaren kulturan bizi gara oraindik. Faxak bidaltzen dira, edo fax itxura duten posta elektronikoak. Komunikatu bat daukate, edo prentsaurreko deialdi bat. Eta blogetan komunikatzeko modua beste bat da.

Ohiko hedabideek ba al dute desagertzeko arriskurik?

Fernandez: Egon daitezke arriskuan. Publikoa aldatzen ari da. Gaur egungo 15-16 urteko gazteek telebista gutxiago ikusten dute, Interneten ematen dutelako denbora gehiago. Urte batzuk barru, beste panorama informatibo bat egongo da. Jendea beste bide batzuetatik informatuko da; bueno, ia badauden bide batzuetatik. Ohiko hedabideak ari dira horretaz ohartzen. Komunikabide elektronikoek gero eta garrantzi komertzial handiago dute.

Arantzabal: Sustaturen erronka izan liteke telebista txertatzea, esaterako. Telebista edo bideoa emateko modua egin beharko dugu. Internetek dauzkan aukerekin errazagoa izango da telebista eta Internet batzea.

Blogintzan adituak zaretenez gero, aipatuko zenituzkete bereziki gustukoak dituzuen bi?

Arantzabal: Nik asko jarraitzen dut BERRIAko bat: Imanol Muruaren Mahai Jokoan. Politikaz idazten du. Eta beste bat, diseinuari buruzko Goio Aranaren Superbai.

Fernandez: Barrapunto, gure erreferente espainola: http://ba rrapunto.com; eta Katixa Agirreren bloga ere bai.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004