Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Azpitituluak egiteko motibazioa eta metodoa

Azpitituluak egiteko motibazioa eta metodoa

Luistxo Fernandez 2011/12/20 21:46
2011an jauzia eman du Azpitituluak.com-ek, euskaratutako filmen datubasea asko hazi da. Meritua banatu beharrekoa da. Xabier Aramendik ehun film inguru euskaratu ditu aurten, asko Azpitituluak.com-en bertan, eta gero OpenSubtitles.org webgunean jarraitu du. Eta JatorrizkoBertsioa.com eta Filmazpit.eu ekimenak ere abiatu dira. Guztien ekarpenekin, azpidatzi euskaldunak maite ditugunak zorioneko gaude.

2008an sortu zen Azpitituluak Euskaraz ekimena, eta 2010 amaitu bitartean, apenas 40 film oso eta beste atalen batzuk gehitu ziren. 2011. urtea, berriz, 164 film osorekin eta telesail sorta polit batekin itxi behar dugu. Dena den, gaur komunitate birtualez mahainguru batean egon naizela-eta, batek aipatu du publikotik azpitituluen langintza euskarazko edukien fronte interesgarri bat dela... Ba bai, kontu interesgarria bai, baina komunitate bat ez gara: gara lau txoro, askotan modu inkonexoan eta ahal bezala dihardugunak, elkarrekiko benetako harremanik gabe, komunitate zentzurik gabe. Igotzen ditugu azpitituluak, eta jendeak ez du erantzuten ezta eskerrik asko esateko ere...

Baina ze kontxo, aurrera goaz, eta Top 2011 inkesta egiten ere ausartu naiz, euskaraturiko film onena aukeratzeko. Nik bete dut inkesta, eta seme-alabek ere bai, gaur mahainguruan aipatu dudan bezala. Hona gure puntuak nola joan diren (nik gehiago ere ikusi ditut; irudiko hauek ordea, ikuskatze partekatua izan dira familian).

Azpitituluen inkesta

Seme-alabak izan ziren nire lehen motibazioa azpitituluei ekiteko. Pixar-en film bat, Wall-E, lehenbiziko lana; dialogo gutxi zuela jakitean animatu nintzen. Konprobatu nuen orduan 9-10 urteko neska-mutilak gauza direla film azpititulatuak jarraitzeko. Hortaz, nire saio azpititulatzaileetan semearen adinari ere jarraitu diot, eta 13 dituelarik orain, pre-nerabeentzako txuloagoak izan daitezkeen filmei ekin diet: Attack the Block eta Super 8, abentura film bikainak nire ustez. Alaba atzetik dator, 8 urte ditu orain, eta esaldi solteak harrapatzen ditu irakurriz. Baina hala ere, zinema jatorrizko bertsioetan disfrutatzeko gauza bada, eta aukera polita egin du urteko onena izendatzeko: Arrietty.

Azpititulatzeko nire metodoa azalduko dut, bide batez.

1. Normalean, film egoki bat hautatzen dut, ikusi gabekoa, han-hemenka topatutako erreferentziez fidatuz. Askotan, seme-alabengan pentsatzen dut, baina neure gustorako baten batekin ere saiatzen naiz tarteka (Drive, aurten, adibidez). Begiratzen dut baita ere ea ez ote diren testu askokoak (alferra naiz, Super 8 izan da sekula itzuli dudan luzeena, motibazio berezia eragiten zidalako eta oporretan nengoelako).

2. Filma hautatukoan, jaisten dut Torrent erabiliz, BTJunkietik normalean. Info apur bat hemen.

3. Erdarazko azpititulu batzuk topatzen dizkiot, film horrekin bat datozenak. Ingelesa eta gaztelera, bi bertsio izatea, lagungarri izan daiteke. Subscene (en) eta Solosubtitulos (es), iturri onak azpidatziak aurkitzeko.

4. Filma ikusi barik itzultzen dut testua, testu-editore arrunt batekin (Ubuntun, Gedit), eta zalantzetan ahal bezala aurrera egiten dut, ez nau asko larritzen ez hiztegiaren egokitasun euskaltzaindistikoak ezta literaltasunak ere. Ez naiz itzultzailea eta nire lanak ez du profesionaltasun edo kalitate asmorik batere.

5. Itzulpena amaitzean, kontrol-saioa egiten dut, ikuskapen bat seme-alabekin (haientzat modukoa bada), edo neure kasara. Eta ikuskapen horretan oharrak hartzen ditut zuzenketarako, paper eta bolalumaz.

6. Zuzenketak egin testuan, eta egina dago; filmaren fitxa txiki bat dokumentatu, eta igo Azpitituluak.com-era.

Animatu zaitezte zuek ere azpitituluekin. Ikustea erraza da. Wikian apur bat azaltzen da. Norberak itzultzeak lan gehiago hartzen du, baina prozedura, goian azaldu dudan hori edo beste metodologia batekin (testu-editore batetik erdaratik euskarara itzultzea besterik ez da kontua) ere ez da hain zaila. Pentsa, Europako Batasuneko ikerketa honek adierazi duen moduan, azpitituluak onuragarriak direla heziketarako eta eleaniztasunerako:

  • Azpidatziek lagundu egiten dute atzerriko hizkuntzak menderatzeko orduan.
  • Azpidatziak pizgarri izan daitezke, hizkuntzak ikasteko motibazioa emanez, bai kontestu formaletan zein informaletan, eta horrela eleaniztasuna sustatzen dute.
  • Unibertsitateko ikasketak dituztenak eta atzerriko hizkuntzetan mintzo direnak, oro har, azpidatzien aldekoagoak dira, bikoizketarena baino.

 

Azpitituluentzat bikaina izan den urte honi buruz gehiago idatzi dut Sustatun. A, eta bete inkesta, e? berdin dio ez badituzue filmok azpidatzi barik ikusi, filmak baloratzen baititugu, ez azpitituluak.

Gari
Gari dio:
2011/12/21 00:34

Luistxo, zorionak lan handi honengatik.

Hobetze aldera, OmegaT BEHAR duzu. Ez zaizu damutuko.

Luistxo
Luistxo dio:
2012/03/09 23:28

Tira, metodoaren deskribapenean nioen erabiltzen nuela BTJunkie. Gune hori itxi zutenez, orain erabiltzen dut Pirate Bay eta Torrentz.eu torrentak jaisteko. Beharrezko tresneriaz info apur bat hemen.

Luistxo
Luistxo dio:
2011/12/21 11:01

Eskerrik asko iradokizunagatik, Gari. Probatuko dut OmegaT-rekin, bai. Bide batez, gorago azaldutako bire 6 urratseko metodoan zehaztu nahi nuke 1. urratserako, film aukeraketarako, nolabait 2. eta 3. urratsak ere kontuan hartzen ditudala, noski. Hau da, film hau interesgarria da, baina... badago Torrentetik jaisterik? eta badu jada erdarazko azpidatzirik nik itzultzeko modukorik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004