Aurtengo nire dieta, kontsumitu dudana zehatz apuntatuta
Duela hilabete batzuk jakin nuen aplikazio horien berri: egiten duzun ariketa eta jaten duzuna sartu zintzo datubasean eta zure soinaren eta osasunaren hobekuntzarako bide ematen dizuten aplikazioak. Gauzak errazteko, kasu batzuetan pultsera elektronikoz hornituta datoz eta horrela, gailuak zure azal eta zainekin duen kontaktuaren bidez, ariketaren esperientzia fisikoa automatikoki neurtzen da.
Astez aste, hilabetez hilabete, ondo ala gaizki zoazen nuertzen dizu tresnak.
Gauza horiek esistitzen zirela esan zidatenean, pentsatu nuen, a ze txorakeria. Baina gero... kontxo! ni ere horrelako zerbait egiten ari naiz aplikazio informatiko batekin!
Bai, halaxe da. Urte hasieran nire kontsumo kulturalaren anotazioa eramateko Tumblr bat ireki nuen, eta hortxe emaitza. Nire dieta, zehatz apuntatuta: zenbat gizendu naizen aurten.
Beste blog batzuk edukita ze premia nuen Tumblr bat irekitzeko? Tira, tresna honen ezagupen zuzen bat nahi nuen, asko hazi delako Interneteko "socialmedia" aro honetan, eta Interneteko kontuez ondo enteratua egotea dut zereginetako bat nire lanpostuan. Tumblr-a ireki behar, beraz, eta ze motiborekin? Hortxe okurritu zitzaidan kontsumo kulturalarena, beste barik. Duela 15 ia urte posta-zerrendak egiteko tresna bat aurkitu nuenean, motibo bat bilatu behar izan nuen orduan ere funtzio bat emateko aprobari, eta eibartarren arteko Eibartarrak zerrenda sortu nuen orduan.
Bloga hiru hizkuntzatan dut han-hemenka barreiatua, baina Tumblr honetan hizkuntzak nahastu egiten dira. Erakusketa bat edo bestelako anotazio kultural orokor bat komentatzeko euskara erabiltzen dut, baina gainerako gauzak, jatorrizko hizkuntzan, gaztelaniaz irakurri edo ikusi badut zerbait, gaztelaniaz (filmen kasuan, azpidatziekin ikusi badut, azpitituluen hizkuntzan komentatzen dut). Frantsesezko filmen bat ere ikusi izan dut hizkuntza bereko azpitituluekin lagunduta, eta hauek euskaraz komentatu izan ditut. (Hizkuntza arau hauek gutxi gorabeherakoak dira, ez kategorikoak).
Horra emaitza. Gustatzen zait nola ematen dituen artxiboak Tumblr-ek. Estetikoki, "argazki" elementu gisa gorde izan ditut filmen kartelak, eta horiek grafikoki ikusten dira laburpenean, letrekin adieraziakoak gainerako item kulturalak (arau hau ere ez da kategorikoa).
Ni pozik nago dieta apuntatzearen esperimentuarekin. Zelulosa gutxitxo eta zeluloide larregi akaso? Aukera eklektiko bat lehenagaien jatorri eta presentazioan, behintzat. Eta goserik igaro ez izanaren satisfakzioa.