Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Denboren kudeatzaileak

Denboren kudeatzaileak

Luistxo Fernandez 2006/03/23 12:58

Ibarretxe lehendakariak esaten digu: "Guztiok lan egin behar dugu Bake prozesuaren alde". Benetan? Nik, egia esanda, eszeptizismo handiarekin hartzen dut une politiko berria. Su-etena betirako balitz, hobeto. Baina horretarako neuk pertsonalki lan egin behar dudala ez dut sinesten. Nahiko lan badut nik neure egunerokoarekin... Eta dexenteko desilusioa ere hartu nuen aurreko su-etena hautsi zenean. Oraingoan, ez, hausten bada, ez nauz sorpresaz hartuko. Eta Ibarretxek edo beste inork nahikoa lan egin ez izana leporatzen badit (guztiok egin behar omen dugunez), ba, tira, kritika jan, eta hor konpon. Nik badakit ez dela nire errua izango.

Berba fetitxeen fase berri batean gaude (ideia hau Ricardo Gomezi zor diot). Aurreko hartan, Lizarra-Garaziko suetenaren garaian, instituzio nazionalak zebiltzan airean, eta Udalbiltza asmatu zuten. Orain beste tankera xumeagoko berba fetitxeekin gabiltza: mahaiak, eragileak, denborak kudeatzea ... Gizartearen beste esparru batzuetan, behatokiak ere ugari. Hain hutsala ikusten dut terminologia hau... Zuzenbide estatua esaten zaigunean bezain funsgabea egiten zait hiztegi politiko hau.

Egongo dira elkarrizketak. Ez egotea baino hobe, jakina. Fetitxeez berba egingo da, baina gauza serioez ere bai. Hala ere, nire eszeptizismoak horretan dirau.

Blogari bati irakurri nion, ezker abertzaleak lurraldetasunarena eramaten duenean mahaira, erantzungo diola PSOEk, Lapurdiren inguruan haiek ez dutela zer esanik, eta orduan, ba, orduan... akabo mahaia? Akordioak lortuz gero ere, ondoren beste toki batean ezarritako galbahetatik igarotzen dira, eta ikusia dago Eusko Legebiltzarraren gehiengo doi-doiak Madrilera eramandakoa (Ibarretxe plana), zertan geratu zen han. Baina Katalunia zibilizatuan ere, %90eko gehiengoaz eramandakoa, zertan geratu da Madrilen?

Nonbait eraikitzaile eta eragile izatea tokatzen zaigun honetan, lerro triste hauekin ez dut ezer aportatzen. Denborak erakutsiko ahal digu niri eta ni bezalakoei (dexente garelakoan nago, une honetan, ez beharbada pesimismo larrian, baina bai eszeptizismo puntu horretan ) oker gabiltzala. Baina zaila dute, denboren kudeatzaileek...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004