Joe Aguirre eta bere aroa
Modako filma ikusi dut asteburuan, Brokeback Mountain. Lehen zatian, Joe Aguirre bat agertzen da, artalde-jabea, gaiztoarena egiten. Fortuna egindako euskal artzain bat, pentsa dezakegu.
Nik ezagutu nuen Joe Aguirre bat, Ameriketan artzain izandakoa. Jose Agirre, Mallabikoa, Idahon artzain izandakoa, eta handik bueltan Eibarko Alfan atezain izana.
(Irutxuloko Hitza egunkarirako zutabea da hau) Nire ingelesezko irakaslea izan zen, partikularrak hartzen nituen haren etxean mutikotan. Ingeles apur batekin moldatzen gara gaur egunean, eta hari zor diot nik hori, neurri batean. Jose Agirre idatziko genuen gaur hemen, eta Joe Aguirre izango zen han, Jesus guztiak Jess bihurtu ziren bezala Nevada edo Kaliforniako abeltzaintzan.
Egia esanda, filmaren gaia ez da, inondik ere, artzaintza edo euskal emigrazioa. Bi cowboy homosexualen bizimodu zaila da istorioa, eta horren inguruko kontuak: egia, maitasuna, nor bere buruari edo ingurukoei leial izatea, bizimodua bideratzeko zailtasunak, gizontasuna, ezer gutxi duenaren lanaren nekeak... Film ederra da. Gizarte tradizional batean, zein izan da homosexualen tokia? Badirudi, gaur egunean Donostian filmeko Wyoming eder baina triste horretan baino hobeto gaudela. Notizia ona da Gehitu bezalako mugimendu batek gure kaleetan lortu duen bisibilitatea. Baina, dudarik gabe, aurreritzietatik libre bizitzetik urrun gaude, eta Mikel Martin EHGAM-eko militanteak Espainiako militar batzuengandik jaso zuen jipoia ere duela gutxikoa da.
Joe Aguirre filmakoa, Wyomingekoa, gizon zitala da, eta mesprezuz ikusten ditu homosexualak. Nik ezagututako Jose Agirre gizon ona zen, langilea, gizon zuzena, baina ez dakit homosexualitateaz zer iritzi zuen. Suposatzen dut apenas dakigula, benetan, zer zen homosexualitatea gure aiton-amonen gizarte tradizionalean. Pentsatu nahi dut, hala ere, zuzen jokatzen ikasi izan badugu nagusiengandik, haien arora begiratu barik, orain tokatzen zaigula guri zuzenak izatea. Libreago bizitzeko, hiri honetan, hemen eta orain, Donostian.
Ni seko harritzen naiz oraindik, "Urlia, homosexuala omen da. Entzun dezu?" esaten etortzen zaizkidanean.
Homosexualitate ez deklaratuaren zifrak jakingo bagenitu, atzeraka eroriko ginateke igual.
Gure joera sexualei, ze garrantzia ematen zaien.
Horrelako filmeak, urrats txiki bat dira. Irudipena daukat ordea, horrelako urrats asko beharko direla, zenbait kontzeptu burugabe zaharkituta ikusi arte.