Soziedadeetako giro sanoa
Tabakoaren legea, eta Gaztelubide soziedadeak Tanboarradara begira hartutako erabakia. Bi kontu elkarloturik aste honetan Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dudan zutabean.
Soziedadeetako giro sanoa
Atentzioa deitu zidan Donostiako Udaleko ordezkari baten esanak, irratian (andrazko bat zen). Eskerrak ematen Gaztelubideri, jakin bazakitela erabaki zaila izan dela. "Zaila" izan da? botoa eman, bai edo ez, eta baietzak irabazi. Hori zaila eta merituzkoa izan bada, heroismoaren mugak oso oso baju dabiltza Donostia aldean.
Soziedade pribatu batean zentzuzko gauza korrienteak egitea zaila omen da. Ikaragarrizko kemena behar omen da. Ze giro dago txoko horietan, hala izan dadin hori?
Lehengo batean, bazkari bat izan nuen (ez Donostian) soziedade batean senitarteko batzuekin. Baziren hiru familia edo lagunarte handi, eta giroan, halako nobedade definikaitz bat... zer zen hura? kerik ez! esan zidatenez, urtarrilaren 1etik, hautsontziak erretiratu egin dituzte soziedade horretan.
Kontxo, kasu bakanetakoa izango da, pentsatu nuen. Egia esan, ez dakit beste soziedadeetan zertan diharduten, baina toki hura jendez beteta ikustea eta ke lainorik ez nabaritzea benetan berria zen niretzat. Zintzo ikusi nituen erretzaile batzuk, atera irteten gogoak emandakoan.
Jarraitu zuen gero elkarrizketak, eta, tira, irten zen kontua soziedade hori bera auzibideetan zegoela: emakume batek, heredentzia eskubideen bitartez, bazkide bihurtu nahi du, eta orain arteko bazkidetza osoki maskulinoak ez dio uzten. Hedabideetan ere azaldu da kontua, eta epairik ez dago oraindik, baina soziedade hartako bazkide batek galdutzat ematen zuen auzia: emakumeak irabaziko duela, alegia.
Kontu horretaz ari ginela, iritsi zen berriketaldia topiko ezagunera: zertarako nahi du, baina, emakumezkoak soziedadean egon. Ez ote dago, ederki asko, gizonezkoek zerbitzatua mahaian eserita? Azkenean, hori pikutara bidaltzea lortuko dutela, eta ondorioa izango dela, etxean bezala, soziedadean ere sukaldean sartuta egongo direla. Orain dutena dela askatasuna, eta ez hori...
Ni isilik geratu nintzen. Ez neukan ezer esateko gogorik. Atera abiatu nintzen, kanpoan zigarrokin mental batekin apur bat abstraitzera.