Dibulgazioa Naberonatonasunari edo Naberanismoari aurre egiteko
Ricardo Gomez filologoaren blogean sortutako polemika batean, Iban Zaldua ikusi dut iruzkin interesgarria egiten.
Gomez, eta bere laguna Joseba Lakarra, filologo serioak dira, eta argumentu onekin ezetatzen dituzte Josu Naberan bezalakoen pseudotesi absurdoak eta negar- edo barregarriak. Baina, hara, Berrian eta Garan, behin eta berriro azaltzen da Naberan, eta harenak ameskeriak direla dioenik ez da azaltzen.
Ibanek zera esaten die Gomez eta Lakarrari: dibulgazio popularragoa behar duela euskarazko filologia serioak, Naberanismoak (edo Naberanotasunak) prentsan duen presentzia merezigabea kontrarrestatzeko. Baina arrazoi du halaber Ricardok dioenean dibulgazioa ondo egin behar dela, eta berak bere burua ez badu horrela idazteko gai ikusten, sinetsiko diogu.
Ai, luma finen bat ausartuko balitz... Uste dut Joseba Jaka beka lehiaketari beste jardun bat tokatzen zaiola 2006an, eta saiakera alorrean, benetan, inork halakoren bat aurkeztuko balu, Lakarra eta Gomez eta besteen ezagutza batu, eta modu eraginkor eta dibulgatibo batean idatzi, besteen lelokeriak salatzearekin batera... Lehen lana, norbait horrekin ausartzea, eta bigarrena, Joseba Jaka bekako epaimahaiak hori baloratzea.
Enfin, nor ausartuko hori idaztera? Zalduak unibertsitatean akaso ezagutzen du luma gazterik, halako saiakera baterako doain eta gogoa izan dezakeenik. Eta Jaka beketako epamahaia independientea eta beregaina izango da jakina, baina, tira, Elkarlanean Fundaziotik edo zirrikitu batetik sujerentzia egingo balie baten batek...
Entsegu dibulgatibo horren premia dugula uste dut.
Bai motel! Beste horrenbeste esan daiteke "Euskal zibilizazioaz" idazten duten horiez ere. Harrigarriena egiten zaidana da artikulu horiei bai Berrian eta bai Garan ematen zaien lekua. Gogoratzen dut Ostiela aldizkarian aspaldi egon zela horren inguruko eztabaidaren bat, baina nik ere faltan botatzen dut honelako sasi-teoriei erantzungo dieten artikuluak eta lanak.